2007/02/16

URTEAN ZEHARREKO VII. DOMEKEA (C)


1Sm 26, 2. 7-9. 12-13. 22-23
Sal 102, 1-2. 3-4. 8 y 10. 12-13
1Ko 15, 45-49
Lk 6, 27-38

HOMILIA

Senideok: gaurko liturgiak Jainkoaren maitasunera begira jarten gaitu; Jainkoak deuskun maitasunaz jabetzera gonbidatzen gaitu; Jainkoak guganako dauan maitasuna ezezaguna dogula esan gura dau horrek, senideok. Onartzen edo aintzat hartzen ete dogu hau, senideok? Maite gaitulako ezagutzen gaitu eta dogu errukior; maite gaitulako errespetatzen gaitu eta itxaroten dau gugandik maitasun erantzuna; maite gaitulako, seme-alaba gaitulako, itxaroten dau gugandik beste guztienganako maitasun erantzuna, errukitsua, Jainkoaren seme-alabei dagokiena.

Zein izaten da, senideok, gure behin-behineko erantzuna? Badakigu, baina hain da gatxa… Gatxa da, senideok, ala ezinezkoa? Zer esan gura dogu gatxa da dinogunean? Eskatzen jakun ahalegina egiteko ez gagozela gertu? Gure ahalmenetik harago dagoala? Guztiok egingo bagendu errezago litzatekela, baina…?

Ba, senideok, argi eduki behar dogu Jainkoari esker onez erantzun gura izatea, antza danez, gero eta gitxiagoren gauzea dala gure artean. Dei bat, ba, Eukaristia honetan Jainkoaren hitza entzuteko eta bizitzea haren esanetara jarteko alkartu garen guztioi; neure buruari lehenengo.

Gaurko Liturgiak adibide eder bat jarri deusku lehenengo irakurgaian. Saul erregeak akabatu egin gura dau Dabid, izen handia hartzen doalako, bera baino hobeto ikusia dalako; bekaitzak eta ingurukoen burubide gaiztoak daroe Saul bere zerbitzaririk zintzoena akabatu gura izatera. Eta hara!, Dabidek dauka bere arerioa akabatzeko aukera paregabea; eta Jainkoaren izenean gainera eskatuko deutso akabatzeko laguntzaileak (Abisaik). Baina Dabidek argi dauka Jainkoaren izenean ezin daitekela txarkeriarik egin, eta gitxiago holango sarraskirik. Senideok, adi! Zenbat sarraski egiten ete da, geure egunetan ere, Jainkoaren izenean, norbere txarkeriak justifikatzearren-edo. Jain­koa baztertuta daukagulako ez ete da?

Ebanjelioan, Jesusek bere berban azalduko deusku egunero bere egintzetan ereiten dauana; maite gaituenak eta guri on egiten deuskuenak eta gugaitik ondo esaten dabenak baino harutzago doan maitasuna. Hau ez da izango edonorentzako agindua, bere hurrekoentzakoa baino, bere ikasleentzakoa, jarraitzaileentzakoa, zeuretzakoa, neuretzakoa, Jesusen jarraitzaile garala dinogunontzakoa…

Ulertzea bera ere gatx egingo jake ikasleei; baina Dabiden jokabidea hausnartu dogunoi, eta Paulok esan deuskuna gogoan hartu gura dogunoi, senideok, ez jaku gatx egingo, burubide eta bizitzako ibilbide baino; bizitzaratzea gauza gatxa dala badinogu ere.

Gure haragia mundutarra da, eta mundutar jokatuko dau. Baina berbiztua izatera bidean da, eta euki daikez berbiztu izpiak ere.

Hauxe da, ba, behar doguna, senideok: berbizkunde sinismena. Gu ez gara garan hau heriotzearen ilunpetako ezerezera botatekoak, egun baten berbizkunde gorputzez janztekoak baino. Eta horrexek garoaz gugan Jainkoaren maitasuna eta haren indarra sumatzera, eta Jainkoaren seme-alaba lez errespetatzera, maitatzera, errukitzera, eta epaia Jainkoaren esku iztera.

Zenbat gure eguneroko jokabide aztertu behar izango geukezan gaur irakurritako ebanjelio txatal honetatik, senideok. Ezin geintekez geratu hemen entzundakoa bizitzaratzea gatxa dala esatean. Jainkoaren maitasuna sumatu behar dogu gure erraietan, eta holango maitasunari maitasunez erantzuteko garra eskatu behar dogu. Bestela, zenbat ganora bako epaikuntza, mormoxeta, bidegabekaria eta Jainkoaren izeneango triskantza egingo doguzan oraindino ere... Guda-gizon zirenek (Dabidek) etsaiagan Jainkoaren gantzutua ikusteko ahalme­na, eta hareik errespetatzekoa baeben, eta guk ez, zeozer falta jakulako izango da. Falta jakun hori ez ete deutsogu eskatuko gaurko otoi­tzean?

Ea laster hasiko dogun Garizuman Jainkoaren errukia bilatzen dogun eta haren maitasun errukitsuaz atsegin hartzen dogun, benetako autorle edo testigu izateko.

Eskatu daigun grazia hori.

LEHENENGOKO IRAKURGAIA

Samuelen liburutik (1Sm 26, 2. 7-9. 12-13. 22-23)

Egun haietan, Zif-eko basamortura jatsi zan Saul, hiru mila mutil israeldar aukeraturekin, Dabiden bila.

Dabid eta Abisai gauez heldu ziran arerioen txabolategira, eta han aurkitu eben Saul, lotan, gurdien erdian etzunda, bere buru-ondoan lantzea lurrean sartuta eukala. Abner eta gudariak ere lo egozan, haren inguruan etzunda. Orduan Abisaik honan berba egin eutson Dabidi: "Jainkoak gaur eskuetan jartzen deutsu zure arerioa. Itzi egidazu lantzakada batez lurrari josten; ez dau beharko bigarrenik". Dabidek, ostera, Abisairi: "Ez hil! Ezin daitekelako zigor barik gelditu Jaunaren igurtziari eskua ezarten deutsonik"

Orduan Dabidek hartu zituan Saulen buru-aldetik lantzea eta ur-ontzia, eta joan egin ziran. Ez zituan inok ikusi, ez zan inor konturatu; ezta itzartu ere; danak lo egozan, Jaunak lo astuna bialdu eutsen-eta.

Dabid beste aldera joan zan, eta han urrun gelditu zan, mendi-gailurrean, Saulengandik tarte handia eukala. Handik Dabidek oihu egin eban: "Errege, hona hemen zure lantzea. Bialdu egizu mutil bat honen bila. Jaunak ordainduko deutso bakotxari egin dauan zuzena eta leiala. Jaunak gaur neure eskuetan jarri zaitu, baina nik ez deutsot eskurik ezarri nahi izan Jaunaren igurtziari".

SALMOA (102, 1-2...)

Ene anima, goratu egizu Jauna,
nire barru osoak Haren izen deuna.
Ene anima, goratu egizu Jauna,
eta ez ahaztu Haren zuri egina.

Erruki hutsa dogu Jauna, errukia ta maitasuna

Berak parkatzen ditu zure hobenak,
osatzen zure gatxak danak;
askatzen dau heriotzatik bizia,
emoten deutsu koroetzat grazia ta errukia

Erruki hutsa dogu Jauna, errukia ta maitasuna

Errukior da Jauna ta bihozpera
hasarre-gatxa ta guztiz onbera.
Ez dihardu gugaz gure hobenen neurrira,
ez deusku ordaintzen gure erruen arira.

Erruki hutsa dogu Jauna, errukia ta maitasuna

Sortalde-sartaldeak urrun dagoz alkarregandik,
hain urrun bialtzen ditu gure gaiztakeriak, gugandik.
Aita bere semeetaz erruki ohi dan besala,
bildur deutsoenentzat errukidun da Jauna.

Erruki hutsa dogu Jauna, errukia ta maitasuna

BIGARREN IRAKURGAIA


San Paulo Apostoluak Korintotarrei (1 Ko 15, 45-49)

Senideok: Lehenengo gizona, Adan, bizidun egina izan zan; azkenengo Adan, espiritu bizi-emoilea da.

Ez da espiritua lehenengo agertzen dana, bizia baino; eta gero espiritua. Lehenengo gizona lurretik dator, lurrekoa da; bigarrena, zerutik dator. Lurreko ha zelango, lurraldekoak halango; eta zeruko ha zelango, zerukoak halango. Beraz, lurrekoaren antza daroagun lez, eroango dogu zerukoarena ere.

EBANJELIOA

Aleluia

Agindu barri bat emoten deutsuet – dino Jaunak:
Maitatu egizue alkar,
Neuk maite izan zaituedan lez.

Aleluia


Jesukristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik (Lk 6, 27-38)

Aldi haretan, Jesusek esan eutsen bere ikasleei:

"Hauxe diñotsuet Nik entzuleoi: Maitatu egizuez zuen arerioak; egin on, gorroto deutsuenei; bedeinkatu, madarikatzen zaituenak; egin otoitz, txarto esaten deutsuenen alde.

Matraila baten joten zaituenari, eskeini egiozu bestea ere; eta zure soin-gainekoa kentzen deutsunari, ez ukatu jantzia.

Eskean datortzunari, emoiozu; zeurea kentzen deutsunari, ez biurtuazo; egin besteei, eurek zeuoi egitea nahi zeunkeen lez. Maite zaituenak maite izanik, ze esker on zor jatzue? Pekatariek ere maite dabez euren maitatzaileak. Eta on egiten deutsuenei on eginik, ze esker on zor jatzue? Pekatariek ere egiten dabe horrenbeste. Ordaina hartzekotan aurreraturik, ze esker on zor jatzue? Pekatariek ere aurreratzen deutse pekatariei, gero ordaina hartzekotan.

Zuok, ostera, maitatu egizuez zuen arerioak; egin on eta aurreratu, ordainaren zain egon barik; eta zuen saria handia izango da, eta Goi-goikoaren seme-alaba izango zaree; Bera ere ona da-ta gaiztoekin eta esker txarrekoekin.

Izan zaiteze errukiorrak, zuen Aita errukiorra dan lez.

Ez epaitu, eta ez zaitue epaituko; ez kondenatu, eta ez zaitue kondenatuko; parkatu egizue, eta parkatu egingo jatzue; emon, eta emongo jatzue: neurri zabala botako jatzue altzora, eta betea, eragina, gainezkakoa. Zeuok erabiltzen dozuen neurriaz izango zaree neurtuak"

No hay comentarios: