Gosearen aurkako kanpainea: «Esku Alkartuak»
Jr 17, 5-8
1Ko 15, 12.16-20
Lk 6, 17.20-26
HOMILIA
Ezaugarri ederrak doguz, senideok, eta mendebaldeko eta iparraldeko herrialde garatu eta aberatson esku zabala adierazten dabe. Baina ez dala nahiko esan behar. Bai, dirua emoten dogu, eta elikadurarako, osaketarako eta nekazaritzarako proiektu ederrak garatzen dira. Baina ez da nahiko. Eta ez hirugarren munduko gure senideek gehiago eskatzen dabelako, ez; hori egitean zein zekenak eta zein koldarrak garen konturatzen garalako baino.
Gaurko irakurgaiek zabaltzen deuskuez itxita eta ilunpetan daukaguzan begiak eta baita bihotza ere, sinismenaren bidetik joten badogu. Hausnartu daiguzan.
Gure uste ona (edo konfiantzea) Jainkoagan ete dogu, senideok? Apalak bagina, Jainkoa mihinean bai baina bada-ezpada beste altara batzuk ere jaso doguzela esan behar. Hortxe dagoz aberastasuna, jakintza eta teknikaren ahalmena, eta geu ere laster iruntzi behar gaituan kontsumoa.
Aspaldi danik entzuten dogu gure etenbako kontsumoak gure ludi hau hondatze-bidean jarri dauala: berotu egin dogu, uholdeak eta gosete gorria dakarrezan siketak eta beste izurrite batzuk sortuazo doguz. Eta hortxe dihardue jakintsuek eta politikoek eta ekologistek gainera nahi-ta-nahi-ez jatorkun hondamen hori zelan lotu ez dakiela urtenbide bila. Hondamen hori lehenen-lehenen jasaten dabenak 3. mundukoak dira. Ez dogu, ba, nahiko harei laguntzatxo bat emoteaz, geure etenbako kontsumo zoroa murriztu behar dogu, eta hainbat!, geure burua salbatu gura badogu ere...
Jainkoak, senideok, alkar errespetatzera, maitatzera eta alkar zaintzera garoaz. Baina badirudi Jainkoa baztertu dogula eta alkarri ogia kentzen, eta, nor baino nor gehiagoka, alkar zapaltzen eta ingurua hondatzen dihardugula...
Ez da izango horrenbesterako!, esango dogu geure itsukerian; baina jakintsuek-eta hori baino gehiago dala esaten deuskue, eta alarmismo barik.
Sinismenetik begiratuta, senideok, lehenengo irakurgaian profetearen salakuntzea azaldu jaku, eta salmoan irudiez jantzi deusku salakuntza hori: Jainkoagan uste on dauanaren goralpena, eta ustea diruan jarri dauanaren madarikapena iragarriz: ur-ertzeko landarea eta kardu latza.
Bide berean jarri deusku Lukas ebanjelariak Jesus nazaretarra ere, bere madarikapenetan zemaia barik errukia agertzen dauala... Zelan jokatu behar izango geuke, senideok?
Bedeinkapen-madarikapen berbok entzun ondoren, ez daigun gure barrua itxi eta geurean jarraitu, argi daukagu-ta hondamenera goazela bide honetan zehar. Entzun deiogun Paulori; egin deiogun jaramon: gure sinismena atsekabea baino ez da eta mundu honetako errukarrienak gara berbizkunderik ez bada; hau da: mundu honetan ahalik eta atseginik handiena hartzeko baino bizi ez bagara.
Ez, senideok. Jainkoak bere maitasunaz jabetzeko egin gaitula sinisten dogunok, maitasun horren ezaugarri eta zabaltzaile izan gura dogu. Horrexek garoaz Jainkoa aintzaltzera, izadia errespetuz hartuz, neurritsu izanez, gure aberastasunak gure senide pobreekaz alkarbanatuz, alkartasuna erakutsiz... Hauxe litzateke Jainkoagan, eta ez ondasunetan, uste on izatea. Eta Jainkoagan benetan ustea indar iraultzaile bihurtzen da, «Esku Alkartuak» erakundeak argi erakusten deuskunez: urtero mila proiektutik gora gauzatuz. Emon deiogun, ba, esker oneko erantzuna.
Zertara garoaz holan jokatu gura izateak? Lehengo ta behin, Jainkoa geuretzat, gure laguntzarako deitu beharrean, haren aurrean ahozpeztuz, bere esanetara jartera; eta baita erakunde ekologistekaz bat egitera ere; norbere aldetik neurritsu izatera; behartsuekaz alkartasuna erakustera; eta guzti hori indartzeko, eta Jainkoaren grazia dala adierazteko eta ez geure boluntarismoaren lorpena, Jainkoaren berbea irakurri, ospatu eta hausnartzera eta hortixik otoitz egitera. Gehiegi edo larregi eskatzen ete deusku? Baina, ustea Jainkoagan jarrita dauken ur-ertzeko landara gara, ala beste zeozertan jarri dogu gure uste ona? Hausnartu daigun unetxo batez eta otoitz egin.
No hay comentarios:
Publicar un comentario