2007/02/24

GARIZUMAKO LEHENENGO DOMEKEA /C


Dt 26, 4-10

Sal 90, 1-2. 10-11. 12-13. 14-15
Er 10, 8-13
Lk 4, 1-13

IRAKURAIAK eta HOLMILIA

Lehenengo irakurgaia Dt 26, 4 10:

- Israel herriaren fedea ez da egia batzuk sinistea. Giza historiaren barruan salbatzen diharduan Jaungoikoagan sinistea baino. Israelen historia guretzat ere argibide da: geu ere morrontza etxetik askatasunerako bidea egitera goaz.

 Deuteronomio liburutik.

Moisesek honan berba egin eutson herriari: «Abadeak, zure eskutik lehenengo frutuak hartu eta jaunaren, zure Jainkoaren, altara aurrean jarriko ditu.

Orduan, Jaunaren, zure Jainkoaren aurrean, hauxe esango dozu: "Nire aita harantz honantz ebilen aramear bat zan; Egiptora jatsirik, arrotz bizi izan zan han, lagun bakar batzukaz; baina gero herri handi egin zan, jentez eta indarrez.

Egiptoarrak txarto erabili eta atsekabetu egin ginduezan, eta buztarri latza ezarri euskuen. Orduan guk Jaunari, gure asaben jainkoari, deadar egin geuntson, eta Jaunak entzun eban gure deadarra. Gure atsekabe, neke ta esturaldia ikusirik, esku bizkorrez eta beso zabalez atara ginduzan Egiptotik, bildur-ikara, ezaugarri eta egintza harrigarrien artean. Orain gagozan toki honetara ekarri ginduzan, eta lur hau emon euskun, esnea ta eztia darion lurra. Orregaitik ekarri dodaz hona, Zuk, Jaun horrek, emon deustazun lurraren lehenengo frutuak».

Jaunaren, zure Jainkoaren aurrean, itziko dozuz, eta Jauna, zure Jainkoa, ahuspez gurtuko dozu».

Jaunak esana!

 

Erantzun-salmoa Sal 90, 1-2. 10-11. 12-13. 14-15

 R/. Zagoz nirekin, Jauna, larrialdian.

 Goi-goikoaren babespean zagozana,
guztiz Ahaltsuaren gerizpean bizi zareana,
esaiozu Jaunari: «Zeu zaitut igesleku eta gaztelu,
ene Jainko, Zeugan nago sendo». R/.

 
Ez jatzu gatxik ondoratuko,
ez izurririk zure txabolara hurreratuko.
Agindu deutselako aingeruei zutaz,
zaindu zagiezala bide guztietan. R/.

 
Eroango zaitue eskuetan,
zure oinak harririk jo ez dagian.
Suge ta sugegorri-gainean dozu oina jarriko,
lehoia ta herensugea azpian zapalduko. R/.

 
«Neuri lotu jatan ezkero, onik atarako dot,
nire izena ezagutu dauan ezkero, babestuko dot.
Deituko nau eta Nik hari entzungo,
beragaz izango nau larrialdirako
askatuko dot eta ospetsu egingo». R/.

 

Bigarren irakurgaia Erm 10, 8-13

San Pauloren berbak gogoratuko deuskue, gure fedearen iturburua Jaungoikoaren Berbea dala: berak laguntzen deusku eta argitzen gaitu.

San Paulo Apostoluak Erromatarrei
Senideok: Hauxe dino Liburu Santuak: «Zeure ondoan dozu berbea: zeure ahoan eta bihotzean. Berba hori da guk iragarten dogun sinismenaren barria. Izan ere, zeure ahoz autortzen badozu Jesus Jauna dala, eta zeure bihotzean sinisten badozu Jaungoikoak hilen artetik biztu ebala, salbauko zara. Bihotzez sinisteak zuzentasuna dakarsku; eta ahoz autortzeak, salbamena. Liburu Santuak honan dino: «Haregan sinisten dauana ez da lotsatan geldituko».
Ez dago bereizkuntza egiterik, judutar izan zein greziar izan; bat bera da guztien Jauna, Berari dei egiten deutsen guztientzat eskuzabala. Izan ere, Jaunaren izenari dei egiten deutson guztiak lortuko dau salbamena».

 

Ebanjelioa Lk 4, 1- 13

Jesus, gizona zan aldetik, geu lez tentatua izan zan; baina tentaldiak garaitu egin zituan. Goratu dagigun Jauna "Aintza, Jesus, Zuri beti...« abestuz.

 
† Jesukristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

Aldi haretan, Espiritu Santuaz beterik bihurtu zan Jesus Jordanetik; Espirituak erabili eban basamortuan berrogei egunez, eta deabruak tentaldian jarri eban. Ez eban ezer jan egun hareetan; eta azkenean gosetu egin zan. Deabruak esan eutson: «Jaungoikoaren Seme bazara, esaiozu harri honi ogi bihurtu daitela». Eta Jesusek erantzun: «ldatzita dago:"Gizona ez da ogiz bakarrik bizi"».
Gero leku goi batera eroan eta deabruak lurreko erreinu guztiak erakutsi eutsozan une baten, eta esan eutson: «Guzti horreen agintea ta aintza emongo deutsut; izan ere, neuri emon deusteez, eta nik neuk nahi dodanari emoten deutsadaz; beraz, gurtzen banozu, zeurea izango da dana». Jesusek erantzun: «Idatzita dago: Jauna, zure Jaungoikoa, gurtuko dozu, eta Bera bakarrik zerbiduko"».
Orduan, Jerusalenera eroan eta jauretxeko teilatu ertzean ipini eban, eta esan eutson: «Jaungoikoaren Seme bazara, bota egizu zeure burua hemendik behera;
idatzita dago-ta: "Bere aingeruei aginduko deutse zu zaindu eta onik atarateko", eta "eroango zaitue eskuetan, zure oinak jo ez dagian harrietan"».
Honan erantzun eutson Jesusek: «Aginduta dago: "Ez tentau Jauna, zure Jaungoikoa"».
Eta tentaldiak amaituta, alde egin eban deabruak, beste batera arte.

 

HOMILIA

Senideok: sartu gara Garizuma aldian eta hasi dogu Jainkoaganako bihurtze-bidea. Hauxe da Garizuman zehar erabiliko dogun hitza: bihurtzea, bihozbarritzea; eta kontuan hartu behar dogu bihurtzea, bihozbarritzea ez dala une bateko ekintza bat edo lorpen bat, ibilbidea baino, bizitza guztiko ibilbidea.

Gaurko liturgiak eskeintzen deuskun Jainkoaren berban, iragarri doguzan irakurgaietan, bihozbarritzerako ibilbidea eskeintzen jaku eta aparteko dei bat egiten. Behar bada, geure usteetan gelditzen garalako, ohartu barik igaroko jaku geure ondo-ondotik, parajetik, Jainkoaren dei hori; jarri eizu zeure uste osoa Jainkoagan. «Zeu zaitut, Jauna, ondasuna», esango bagendu egunero eguna hastean... Uste dogu Jaunagan dogula ustea, baina badino besterik gure eguneroko bizikereak. Entzun daigun, ba, Garizumako lehenengo deia: «izan uste osoa Jaunagan»; ez deiogun entzun-gor egin, uste osoa badogula beragan jarrita uste izanik. Hasi gaitezan gure jokabideak aztertzen Jainkoaren hitzaren haritik, bildur barik, benetan jarrita gure uste osoa Jainkoagan, harek ez dau gura-eta guretzat txarrik, on hutsa baino.

Iragarri dogun hitzak eremua (basamortua, desertua) jarten deusku Jainkoagaz benetako topaketea egiteko leku apropos. Eremuko esperientzia egitea dagokigu, ba, Jainko esperientzia benetakoa egiteko.

Jesus, Joanek bateatu eta hauxe da nire Semea, nire maitea zerutiko ahotsa entzun ondoren, Espirituak basamortura daroa. Hemen, Egiptotik urten eta 40 urtez basamortuan zehar ibili zan herria ikusi behar dogu, eta Moisesek Sinaira egin eban 40 eguneko ibilbidea ere bai, ebanjelioak Jesus 40 eguneko barau-aldian jarriko deuskulako eremuan.

Zer azpimarratuko deuskue Jesusengan ebanjelioek? Lehenengo ta behin, Jesus benetako gizakia dala: gosetzen dana, tentaldiak jasan behar dauzana. Bigarrenez, Tentatzailearen hizkeratik eta Jesusek domotsozan erantzunetatik beste hauxe atarako dogu: Idazti Deunak (Jainkoaren berba idatzia), halan edo holan erabili daitekezela. Eta, azkenik, Jesusek (Espirituak darabilan eta uste osoa Jainkoagan dauan gizaki dalako) tentaldi guztiak gainditzen dauzala, eta uxatu egiten dauala Tentatzailea, honek beste une egokiren bat beti bilatuko dauan arren. Une egoki hori gurutzean zintzilik dagoela izango da.

Jesusengan aurkituko doguna, ba, senideok, hauxe da: Paradisuan, lehenengo gizakiak huts egin eban: Jesusengan aurkitzen dogu huts egiten ez dauan benetako gizaki barria; Jainkoaren herriak behin eta barriro egin eban huts basamortuan; Jesusengandik jaioko da, bateoaren bidez, Jainkoaren herri barria...

Zelangoa izango da gizaki barri eta herri barri hori? Espirituaren arabera dabilana eta uste osoa Jainkoagan dauana. Horregaitik muzin egiten deutse ahalmena norbere onerako erabilteari (harria ogi bihurtzea), edo aginte eta nagusitzari (Tentatzaileak berak gura dauanari emoten deutsoz bera gurtzeko baldintzapean); eta muzin egiten deutso baita izen handi errazari ere (Jauretxeko goitik burua bota eta jendeak txalo artean hartzeari). Hau da: Jainkoak bere aldiak dauz eta taupadak, bere Igurtzi edo Mesiasen lana agertzeko; eta ez da izango bat-batekoa; astiro-astiro garatzen joango dana baino.

Lehengo irakurgai biek, senideok,  aparteko taupada bi eskeini deuskuez. Bigarrenak hauxe esan deusku: Jainkoaren berbea hur-hurrean daukagula; paraje. Eta egia da: apartekotasunez hurreratu geintekez Garizuma aldi honetan zehar Jainkoaren berbara, eguneroko mezan; eta Gotzainen Gutunetik ere ibilbide eder eta gozatsua egin geike Jainkoaren berbara.

Eta lehenengo irakurgaiak eskeintzaren balioa, edo esangurea, azaldu deusku. Senideok, eskeintzaz, limosneaz, gure irabazietatik emonaz, ez dogu Jainkoagandik ezer lortu gura, lortu dogu-ta; eskertu egin gura deutsogu; eta ondasunetan barik Jainkoagan dogula gure ustea erakutsi gura dogu. Eta hori egitean, behartsuak eta txikiak dira irabazle.

Ikusi, ba, senideok, basamortuak Jainkoagaz topo egiteko daukan indarra eta esangurea: han ez dago ondasunik, beharrizana baino; han, gizakirik handiena ere txikia da; eta han ezertarako ez dira ondasunak.

Emon deioguzan, ba, eskerrak Jainkoari, gure ondo-ondoan, hur-hurrean, paraje, daukagulako beti. Eskatu deiogun emon deigula bere berbeaganako gosea, egarria, eta jo daigula sarri berbearen iturri gozora, gure eskeintzak gozotasun horren ezaugarri izan daitezan.


No hay comentarios: