HOMILIA
Senideok: gustatuko litxakigu Jainkoak deituak izatea? Zer erantzungo leuskio gutariko bakotxak Jainkoari harek bere eginkizunetarako deituko baleutso? Ea, hausnartu daigun unetxo batez: nik, zer erantzungo neuskio bere eginkizunen baterako Jainkoak deituko baleust? Zelan sentituko nintzateke? Poztu, harritu, zurbildu... ezkutatu egingo nintzateke?
Honegaz batera beste hauxe ere hausnartu geike, gaurko liturgiako irakurgaien haritik ez bada ere, gure jokabidea ikutu daiela gura badogu behintzat: zer uste dot, ustez, Jainkoak aukeratuak direnetaz; hau da: bere izenean hitz egiten deuskuenetaz?
Gaurko irakurgaietan murgiltzen bagara, senideok, argi ikusiko doguz hiru-lau gauza: 1) Jainkoak deitu egiten deuskula bere eginkizunetan esku hartzeko; 2) Gizakiok inondiko eta asmatu ahalako atxakiak jarten deutsoguzala ni barik, beste bat aukeratu daian; 3) Jainkoaz daukagun irudia (ahaltsu izatea, hasago eta ezkutuan dagoana, ikutu ezinekoa, begiztatua ere ezin izan daitekena...) hori geure irudimenak sortuazotako jainkoa dala, eta ez bere Seme Jesusengan iragarten emon jakuna. Zein jainko sinisten ete dogu, senideok?
Hau dala-ta, ba, gaurko liturgiak hur-hurreko dogun, eta bere eginkizunetarako dei egiten deuskun Jainkoa aurkeztu gura deusku, eta gertu, prest, dagozenek hartzen daben poza, bizitz aldakuntza eta zoriona erakutsiz, euren arteko egin gura gaitu.
Lehenengo ta behin, senideok, Jainkoaren deiari gizakiok atxakiak jarriz erantzuten deutsogula adierazten deusku: «Ai, ene! Galdua naz! Ezpan zikineko gizona izanik, eta ezpan zikineko herriaren erdian nagoana, nire begiek diren guztien Jauna ikusi dabe». San Paulok ere, apostoluen artean, bere burua zazpiki lez, edo sein-galdu lez ikusten dau, kristauak aurrean erabili izan dauzalako, ezer merezi ez dauana.
Bai Isaiasengan eta baita Paulorengan ere bizitz aldakuntzak emoten dira... Jainkoagan uste ona jarrita eukelako, haregaitik edozer egiteko prest dagozelako. Prestutasun horixe aurkitzen dogu Pedrogan ere ebanjelioan: ez dogu ezer ere harrapatu, baina zeure esanean botako dodaz sareak...
Argi ikusi ete eben hiru gizonok euren bokazinoa, Jainkoagaz zuzenean (Isaias) edo Jesusegaz zuzenean (Paulo) kafetxo bat hartzen baegozan lez? Ez, senideok; ez uste izan hori. Bokazinoa, Jainkoak egiten dauan deiari erantzutea, geure gauzea da; geuk egiten ez badogu Jainkoaren deia entzuteko ahaleginik, edo agertzen ez badogu hari erantzuteko prestutasunik, Jainkoak ez gaitu behartuko. Eta, hobeto, pozago, libreago eta zoriontsuago bizi izango ete gara? Ala beste era honetara erantzungo ete deutsogu?: erantzuteko prestutasuna agertzen dabenak kritikatzea, gaitzestea eta hareen bokazinoa urratu gura izatea?
Jainkoa madarikatzen eban mihina ikatz goriak garbitu eban, eta ordutik aurrera Jainkoa goresten eta haren izenean hitz egiten jardun eban Isaiasek. Kristauak aurrean erabili ebazan Paulo Kristoren jarraitzaile egiten da, eta ebanjelioaren zabaltzaile, bera ezagutzen eben guztiak harrituta itziz. Arrantzale bulartsu izatetik giza-arrantzale bildurti baina prestu bihurtu zan Pedro, eta bere gainean Eliza osoa eraikitzeraino izan eban beragan uste on Jesusek... Ez ete ziran hirurok kritikatuak izango? Jakina, baitez! Baina zerk eroan ebazan Jainkoari euren prestutasuna erakustera? Gustatuko ete litxakigu guri, senideok, prestutasun bardinaz erantzutea?
Ba, hausnartu daigun ea non entzuten dogun edo entzun geiken Jainkoaren deia, eta erantzun geikeon hari; eta eskatu deiogun, baietz erantzuteko gauza ez bagara (bildurrez, edo lotsaz, edo beste lehentasun batzuetan bizi garalako), bokazinoen alde otoitz egin daigula, behintzat, eta beste batzuen bokazinoa bideratzen ahalegindu gaitezala, edo ez daigula oztopatu...
No hay comentarios:
Publicar un comentario