2007/11/24

URTEAN ZEHARREKO XXXIV. DOMEKEA /C


«KRISTO, ERREGE»

HOMILIA

Senideok: liturgi urtearen amaiera domekea dogu gaurkoa. Eta urtea amaitzean Jesus Mesias eta Errege autortzen dau liturgiak. Ba ete dau ezelango esangurarik honek gure bizitzan? Behar bada!

Israelen, erregeak Jainkoak berak agindutako eginkizuna eukan: pobrea babestea, aldeztea; nork aldeztu ez eukanaren aldezle izan behar eban. Lehenengo irakurgaiak jarri gaitu holango errege irudiaren aurrean. Herriak buruzagia behar dau; eta bere beharrizana Dabiden aurrean autortzen dau; eta Dabid errege gantzutuko dabe.

Bigarren irakurgaiak ez gaitu erregearen irudi aurrean jarten; Nazareteko Jesusengan Jainkoaren egintzak agertzen dirala esan deusku, eta beronengan burutzen dauzala Jainkoak bere egintza guztiak; eta beronengan dogula Jainko seme-alaba izatea.

Ebanjelioak, horraitino, jarten gaitu bai guzti honen esangurearen aurrean. Hemen bai aitatzen dala errege izakerea. Baina zelan autortu daiteke errege kurutzean zintzilik dagoan bat? Erregeagan Jainkoaren egintzak aurkitu behar dira; baina kurutzean zintzilik dagoana Jainkoak madarikatua da. Ezin dau, ba, Jainkoagaz zer ikusirik euki. Kurutzeratuak ezin deusku Jainkoa iragarri…

Ala bai? Ez, horraitino, batzuk uste daben Jainkoa. Ez eta batzuk uste daben Mesias ere. Hausnartu daigun, baina: zertatik askatu behar gaitu Mesiasek, zein da haren salbamena? Jainkoaren eginkizuna bere Semea, edo kurutzean edo larrialdian dagoana egoera haretatik ataratea ete da?

Argi dauka Lukas ebanjelariak (eta horixe da ebanjelio txatal honetan emon gura deuskuna), Mesiasek gizakia bere lotura sakonekoetatik askatzen dauala; Jainkoa bizitz-emoilea dala, baina heriotzatik haragoko bizitza, betirauneko bizitza.

Lukasen eskutik kurutzean nor nor dan ikusi geike: agintariek barre egiten deutsoe Jesusi: "buruari eraginka beste batzuk bai salbatu jozak horrek, baina bere burua ezin jok salbatu" esanez. Agintari politikoek ere (gudariak horren irudi) bardin dinotsoe irain eginez: salbau egik heure burua!

Bere errua autortzen dakianak aurkituko dau sufritzen dagoan harengan beste inork aurkitu ezin leikeana: erreinuko jauna, eta bizitz-emoilea: gogoratu naizu zure erreinura heltzean.

Zer balio ete dau, baina, kurutzean hil-zorian dagoan baten berbeak?: gaur izango zara neugaz paradisuan. Ezer balio ete dau berba horrek? Ba, senideok, balioko berba bakarra da bere burua pekatari autortzeko gauza dan batentzat.

Senideok: Kristo Errege autortu gura badogu, behartsuaren babesle eta zaintzaile, salbatzaile eta bizitz-emoile, bide bakarra daukagu: geure pekatua autortzen jakitea; gure beharrizanetik bera autortzea salbatzaile. Benetako beharrizanak, benetako salbamen-egarriak eta bizitz-egarriak eroan geinkez Jesusengana. Eta hau behartsuengan, sufritzen dagozenengan aurkituko dogu. Eta hareen ondoan egoteak, eta hareen alde jokatzeak emongo deusku amesten dogun benetako askatasuna, benetako bizia.

 

2007/11/09

URTEAN ZEHARREKO XXXII. DOMEKEA /C


 

2Mak 7, 1-2.9-14
Sal 16
2Tes 2, 15—3, 5
Lk 20, 27-38

 

HOMILIA

 Senideok: zelango aldea aurkitu geiken bizitzeari buruzko jarreraz lehenengo irakurgaian edo ebanjelioan azaldu jakuzan jarreren artean!

Lehenengo irakurgaiko anaia makabearrek Jainkoagan dabe uste on osoa, eta heriotzea ez dala bizitzearen mugea uste eta sinisten dabe: Jainkoaren esku dago bizitza, bere erregalua da-ta; eta halantxe bizi dabe.

 Ebanjelioko saduzearrek, senideok, euren ahalmen eta ondasun kopuruaren arabera bizi dabe, eta bizikera horretatixik ataraten dabe euren ustea eta siniskerea: bizitzea ez da jaiotzatik heriotzara arteko epea baino; eta ahal danik eta erosoen igaro behar da; ez daigun, ba, atsegina baino bilatu.

 Zer gertatzen da, senideok, gure artean ere? Egia esan, biztuerea, geroko bizitzea eta abar egunero entzuten eta esaten doguzan berbak dira. Baina ez ete dira holangoak berba hutsak, ezelango eduki (edo kontenidu) bakoak, esan-beharreko eta, esandakoan, ondo eta lasai geratzeko berbak? Baietz dirudi.

 Biztueran zer izango garan ez dakigulako, haretaz heriotzaz daukagun ziurtasunik ez daukagulako (badakigu hiltea jaiotzeari zor jakuna dala; baina biztuerea?), eta biztueran Jainkoak hartzen eta neurtzen gaitula jakiteak bildurtu egiten gaitulako, nahiago dogu ez-ikusi, ez-jakin, entzungor egitea, eta mundu honetako atseginen bila abiatzea.

 Entzun deutsogu Paulori bigarren irakurgaian: sinismena danentzat ez dalako.

 Baina, senideok, Jesusegaz batera, eta lehenengo irakurgaian aurkitu doguzan anaia makabearrek emoten daben erantzun sendoa gogoan hartuta, biztuerea autortzen badogu (domekero egiten dogu Kredoan), ezin izango dogu besterik egin Jainkoagan uste on osoa jarri baino.

 Aintzat hartuko doguz orduan bigarren irakurgaian Paulok zuzendu deuskuzan berbak: Jainko Aitak grazia hutsez emon deusku betiko poza eta zorionaren itxaropena: hain maite izan gaitu!

 Hau jakinda, ba, senideok, biztuereak ez deusku bildurrik emoten, uste on osoa Jainkoagan jartea baino; eta gure bizitzaldi hau ez dala bertanbehera geratuko eta ustelduko dan ezer, Jainkoak berak burutuko dauana baino, eta zorionean!

Esker onez eta Jainkoaren nahiaren arabera bizi izateko deia dogu, ba; sinismena aintzat hartzea!

 

 

2007/11/03

URTEAN ZEHARREKO XXXI. DOMEKEA /C

 

HOMILIA

Jk 11, 23—12, 2
Sal 144
2Ts 1, 11—2, 2
Lk 19, 1-10

 

«Ez-ikusi egiten deutsezu gizakien pekatuei, damutu daitezan» «Horregaitik, jausten direnak astiro-astiro zentzarazten dozuz; pekatu egiten dabenei gogoratu egiten deutsezu euren pekatua, damutu daitezan eta sinistu daien zugan».

Senideok: esaldiok azpimarratuko neukez lehenengo irakurgaitik bihotz altxagarri izan daitekiguzelako.

Bai, senideok! Frustrazio asko eta handiak ikusten doguz gure artean bai Jainkoa baztertu dabenen eta baita Jainkoa ez dabela baztertu uste dabenen artean ere.

Batzuk, Jainkoa baztertu egin dabe askeago izateko eta eskeintzen jaken atseginetara ezelango oztopo barik heltzeko. Eta, eurengan ikusi gura ez daben pekatua besteengan aurkitzen dabe.

Jainkoa ez dabela baztertu uste daben asko eta askorengan aurrekoen jokabideak dirau: ezin dabe pekatua autortu, inor erruduntzen dabe; eta burruka baten dihardue Jainkoaren esanetara jarri guran, baina beste atseginkerietatik ihes egin barik: kandela bat hemen, beste bat han bizten.

Jakituriaren liburuko autorpenak laguntza handia emon leigu, senideok. Hurreratu gaitezan bertara, eta geuretu daigun.

Sorkuntza osoa maite dau Jainkoak eta zaintzen; holan ez balitz ez leukean sortuko. Eta sorkuntza guztian gizakiok gaitu begikoen: Jainkoaren kuttunak gara.

Gure makaltasunak eragiten deuskun txarkeria, pekatua eta zalekeria, ba, Jainkoak ez deusku kontuan hartzen; baina ez gaitu haren menpe gura ere; eta gogoratu egiten deusku, maite gaitulako, damutu gaitezan eta handik urteteko gogoa izan daigun.

Ez gaitezan ibili, ba, Paulok bigarren irakurgaian salatu dauzan "non-ze-barri"en antzera; bilatu daigun geure bokazinoari dagokion eran erantzutea... Zer behar ete dogu horretarako? Aginduak betetea? Inori kalterik ez egitea? Ez da gitxi, baina nahikoa ere ez da, ebanjelioan ikasi gura badogu.

Zakeok ez eukan berak gura ebana ondasun ugarien jabe izan arren. Egarriz joten dau Jesusengana. Eta Jesusek biztu egiten dau haren bihotzean bihozbarritze-sua. Eta horra haren aldakuntzea!: ondasunen morrontzatik askatu egiten da.

Zer esan ete eutson Jesusek? Ez eutson ezelango bildurrik sartuko. Jainkoaren maitasunera hurreratuko eban: haren bihotz errukitsu eta parkatzailera... Eta Zakeo bihurtu egin zan!

Zer behar ete dogu guk, senideok, gure eguneroko bizikereari holango iraultza bat emoteko? Ala nahikoa dogu gure txiri-txirian jarraitzeaz? Zabaldu deioguzan bihotzak eta adimena gure gaurregungo frustrazinoetatik ere atara gaikezan Jesusi.


2007/11/01

DOMU SANTU (Zemendiak 1)

HOMILIA

Senideok: "zoriontsu izango zaree nigaitik aurrean erabili zaiezenean, handia izango dalako zuen saria zeruetan".

Zer dinosku gaur Mateo ebanjelariak Jesusen ahoan jarten dauan esaldi honek guri, haren izenean bateatuak izan ginanoi? Behar bada, ezer gitxi: hain bertokotu gara!; hain gabiz atsegin bila! Erosi daitekenaz baino ez gara geu. Diruak emoten deusku ahalmena, onurea, izena...

Ez uste izan gizakion jokabide hau gaur goizekoa danik; holangoak beti izan dira: "zer zara? Zeure aberastasuna, zeure ondasundegia..."

Baina ez uste izan danak izan diranik, edo diranik izan, holango. Bestelakoak aintzat hartu gura doguzelako ospatzen dogu gaur­ko jaia. Gaur omentzen doguzanak ez dira bizi izan ondasunak pilatzeko eta atseginez lehertzeko, edo besteak euren ondasunpean hartzeko eta euren lepotik bizi izateko; besteen, batez ere txikienen, alde jokatzeko baino.

Honeik (lehenengo irakurgaian entzun dogu) ez dira hiru-lautxo; hainbat eta hainbat dira, herri, hizkuntza, eta edozein jatorritakoak... Bildotsaren odoletan garbituak; eta, zeruetako liturgian, aingeruekaz batera ospatzen dabe Jainkoaren aintza.

Jesukristori jarraituz, senideok, honeexek emon deutsee munduari, eta euren aldiko mundukoei, euren senideei, argitasuna eta gatza; euren aldiko orearen azkarri izan ziran.

Elizeak santu guztien omenezko jai honetara deitzen gaituanean, ba, Jainkoak damoskun pozaren itxaropenera deitzen gaitu (bigarren irakurgaian entzun dogun lez), eta Jesusen araudia geure bizitz-arau egiteak daukan sarira (hau ebanjelioan agertu jaku).

Ez gaitezan, ba, bizi izan, atseginkerietan lehertzeko, edo besteen lepotik aberasteko, gure artean senideago, bakegileago, alkarren arduratsuago izateko baino, hori ulertu gura ez dabenek aurrean bagarabilez ere. Handia izango da-ta ZERUETAN Jainko Aitak emongo deuskun saria.

2007/10/20

URTEAN ZEHARREKO XXIX. DOMEKEA /C —DOMUND—



Éxodo 17,8-13
Sal 120, 1-2. 3-4. 5-6. 7-8
Tim 3, 14_4,2
Lc 18, 1-8

HOMILIA

«Baina Gizonaren Semeak, datorrenean, aurkituko ete dau holango sinismenik lurrean?»

Senideok: hauxe da Jesusek gaurko ebangelioan itzi deuskun galderea. Eta larritasuna azaltzen dauala esan geike.

Zer uste dozue zuek? Aurkituko ete dau holango sinismenik lurrean? Holangoa zein da, senideok?

Ebangelioko atsotxo alarguna aldi haretako behartsuen ezaugarri da. Bere beharrizana behin eta barriro aurkezten deutso epaileari. Eta Jesusek adibide lez jarten deusku, otoitz zelan egin behar dogun esateko.

Hau da: otoitz egiteko sinismena behar da. Eta sinistunak behin eta barriro, eten barik, egiten dau otoitz. Gaur egun, senideok, otoitz egiten dogula uste dozue? Egiten dogun otoitza sinistunaren otoitza dala? Noiz eta zelan egiten ete dogu otoitz? Zer adierazten dau gure otoitzak?

Lehenengo irakurgaian Moisesen otoitza aurkeztu jaku. Jainko herria larrialdian aurkitzen da, eta Josuek eginkizun bat dauka: herriaren burrukea zuzentzea. Baina beste buruzagiak ez dira begira edo ezer egin barik geratuko. Josueren barrukeari euren otoitzaz eutsiko deutsoe. Otoitza ere ez da Moisesena bakarrik izango; Aaronek eta Jurrek eutsiko deutsee haren besoei. Irudi bikaina, senideok!

Otoitza alkarregaz egiten danean, arazoak danonak dirala esan gura dogu, eta arazootan Jainkoa dogula lagun. Ez dozue uste, gaur egun gero eta bananduagoak gagozela, gero eta sinisgatxagoak garala? Bide horretan ezin daiteke alkarregazko otoitzik sortu.

Gaur «DOMUND» eguna ospatzen dau Elizeak, eta Zoriontsu sinistunak dinosku aurtengo ikur buruak. Non dago, baina, gure zorion-iturria? Non dago gure sinismena? Geure burua engainatzen dogu eta ez dogu barruan zorionik. Gure sinismen ahulak (debilak) ez dau emoten misiolari-fruturik, eta behartsuen oihua entzuterik, eta eurekaz gure ondasunak alkarbanantzerik...

«Baina Gizonaren Semeak, datorrenean, aurkituko ete dau holango sinismenik lurrean?»

Senideok: gero eta argiago euki behar dogu Jesusen jarraitzaile izatea ez dala danona edo inorena ere ez, gura dogunona baino. Baina gura dogunok ez gaitezela begira egon, bilatu daigula baino zelan erantzun geikeon esker onez Jainkoari: otoitzerako alkartuz, behartuen oihua entzunez, eta Paulok Timoteori eskatu deutson sendotasuna Idazti Deunetan bilatuz. Horra hor, senideok, nagusien katekesiaren garrantzia, eta alkarregazko otoitzaldietan esku hartzea...


2007/10/03

URTEAN ZEHARREKO XXX. DOMEKEA C


HOMILIA

Sir 35, 15b-17.20-22a
Sal 33
2Tm 4, 6-8.16-18
Lk 18, 9-14

Senideok: gaurko liturgiako irakurgaiek tristuraz itzi gaitue?, ondoezaz? Bat baino gehiago bai, behar bada...

Lehenengoan hauxe esan jaku: zeruetako Jainkoak entzun egiten dauala atsekabetuaren otoitza. Baina guk ez daukagu atsekabetu antzik; ez gagoz atsekabean. Orduan, gure otoitza, ez ete dau entzuten Jainkoak?

Paulok bere ikasle Timoteori egiten deutson gutunean, hur ikusten dau heriotzea, baina uste on osoa dau Jainkoagan jarrita bere bizitza osoa Kristo iragartea izan dalako: zintzo jokatu dauala uste dau eta saria baino ez dagokiola. Holango ustea ete dogu guk, senideok?

Ebangelioko parabolan agertzen jakuzan Farisearra eta Zerga-batzailea ez bata ez bestea dirala gure irudi esango geuke. Baina, behar bada, biak daroaguzela geure barruan, eta behin bata eta behin bestea garala, edo biak batera, esan beharrean aurkituko ginateke.

Ez hori bakarrik. Euren burua sinistuntzat, baina ez eliztartzat, dauken askok, parabola honek azaldu dauana aurpegiratzen deuskula sentitzen dogu. Eta horrek ere min emoten deusku.

Baina ez gaitezan atsekabetu, senideok; ikasi daigun Paulogandik Jainkoagan uste on izaten, harek ezin deusku bera ez danik edo berak ez daukanik emon-eta. Eta Jainkoa eta berak daukana, ona baino ez da. Ezin dogu, ba, txarrik itxaron Jainkoagandik.

Ikus daigun, ba, gure atsekabean, edo ez-jakinean edo nora-ezean... gure jainkozaletasunik ezaren errua inori bota geikeola: hauxe egiten dabe elizara ez etortea aintzat daukenek: errua abadeak dauka, edo elizara doazenen exenplu txarrak...

Geuk ere hori berori egin geike, edo beste hauxe ikasi Paulogandik: holan baino hobe dala Jainkoari begira jokatzea. Honek, alde batetik, gure makaltasunen ondorio diran gure pekatuak inori ez leporatzera garoazela; Jainkoaren aurrean autortzera eta Jainkoagan  uste on osoa jartera. Holan geu ere errukior bihurtzen gara, eta beste makalei ere errukiz begiratu eta laguntzen deutsegu.

Horixe da Paulok itxaroten dauan saria, beretzat eta bere antzera jokatzen dabenentzat. Eta hauxe da etxera zintzotuta bihurtzea, Zerga-batzailearen antzera.

Gure otoitza ez daitela izan, ba, Jainkoaren handitasuna eta errukia aurrean doguzela, geure txikikeria autortzeko eta gure pekatutik urteteko gogoa bizteko baino, Jainkoak emoten deuskuzan aukerak aprobetxatuz. Eta gure uste on osoa beragan, eta ez guk egin geikezan gauzetan, jarteko.

 

2007/10/02

URTEAN ZEHARREKO XXIX. DOMEKEA /C

 

Ex 17, 8-13
Sal 120
2Tm 3, 14—4, 2
Lk 18, 1-8

 HITZALDIA

 Senideok: gaurko irakurgaiak arretaz entzun badoguz konturatuko ginan argitu gura daben gaiaz. Zer azpimarratu deuskue? Otoitza. Zer eskatu deusku Jesusek Ebangelioan? Eten barik egin daigula otoitz.

 Batek baino gehiagok esango leuke eta esango dau berak egunero egiten dauala otoitz, berea etenbako otoitza dala. Beteten dauala, ba, Jesusek eskatzen dauana.

 Bai, senideok. Hori horrela da. Baina ez ete daukagu zer ikasirik otoitzaren inguruan? Pozik egon geintekez egiten dogula-ta otoitz? Gure otoitza Jainkoak gura dauan langoa ete da? Badirudi gaurkoan behartsuaren otoitz eskalea azpimarratzen dala. Eta holangoxea izaten da gehienetan gure otoitza. Baina aztertu daiguzan apur bat irakurgaiak; hurreratu gaitezan euretara argi bila, gure akatsak argitara atarako dabezanaren bildur barik.

 Paulok bere ikasle Timoteori egiten deutson oharpena geuretzako hartuko bagendu, zelan sentituko ginateke? Gure sinismenak, Idazti Deunetan oinarrituta, irakasten lagundu behar deusku, egia argitzen, zuzentzen eta zuzentasunean hezten... Eta honela amaitzen dau gaurkoan: ekin egoki danean eta ez danean; gogor egin, estu hartu, eskatu pazientzia handiz eta irakatsi nahiez. Hauxe da, senideok, Jainkoak gugandik itxaroten dauana. Holan ulertzen dogu gure kristau eginkizuna?

 Lehenengo irakurgaitik beste hauxe atara geike. Gure ibilbidean oztopoak aurkituko doguz, Jainkoaren Herriak Agindu Lurrean sartzerakoan oztopoak eta arerioak aurkitu ebazan lez. Han ikusten dogu batzuk (Josue buru dala) ekin egin behar izango deutsola arerioari; beste batzuk (Moises) otoitzean jardun behar izango dabela; eta beste batzuk (Aaron eta Jur) otoitzean diharduanari ere lagundu egin behar izango deutsoela.

 Neketsua da ibilbidea; eta otoitzaren laguntza behar dau. Baina baita otoitza bera ere neketsua da, eta, laguntzaile barik, moteldu eta isildu egiten da: agortu.

 Holantxe ulertu daiguzan, ba, senideok, gure kristau eginkizuna eta otoitza: ez Jainkoak gauzak erraztuko baleuskuz lez, beragaz batera egingo bagenduz lez baino: berak bultzatzen gaitu gure ingurua argitzera, sinismen argitasunaz; gure bizitza eta ondokoenak zuzentzera. Bai, senideok: gure ondokoenak ere bai. Eta ez da erreza, geureagaz ere nahikoa dogula uste dogulako, eta besteagana heltzeko ez garala nor.

 Horretarako ez bada otoitza, Jainkoak gugandik itxaroten dauana bultzatzeko ez bada otoitza, beste zertarako izango da? Osasuna eskatzeko? Inork eraso barik, baketsu bizi izan gaitezala geure ondasunen atseginean, eskatzeko? Ez da hori, senideok, Jesusek ebanjelioan agertu deuskuna. Ebangelioko alarguna gure artean sufritzen daben guztien eredu da. Eta gu ezin geintekez inoren begirunerik ez eukan epailearen antzeko izan, sufritzen dabenen alde urteten daben zintzoetarikoak baino. Otoitzak esango deusku eginkizun gatx horretan ez gagozala bakarrik, Jainkoa geugaz dagoala, eta zuzenbidea egingo dauala.


2007/09/28

URTEAN ZEHARREKO XXVIII. DOMEKEA /C


2Erg 5, 17-17
Sal 97
2Tm 2, 8-13
Lk 17, 11-19

HITZALDIA

Senideok: nork ez dau uste bera esker oneko dala Jainkoagaz? Danok uste dogu Jainkoari mesede bat eskatzen deutsogunean, lortutakoan, badakigula eskertzen. Hori ete da Jainkoagaz esker oneko izatea? Ez ete deuskuz Jainkoak guk eskatu bako hainbat eta hainbat dohai, mesede eta ondasun eskuratzen?

Gura dogu, senideok, esker oneko izan? Irakatsi gura izaten deutsegu umeei; baina, badakigu geuk, gero, esker oneko izaten?

Begiratu daigun lehenengo irakurgaira. Atzerritar handiki batek profeteagana joten dau legenarretik garbitua izateko. Hango errekan zazpi aldiz bustitzeko agintzen deutso; baina harek bere lurraldeko edozein errekak balio dauala Israelgo ur guztiek baino gehiago uste dau, eta profetearen agindua gutxietsi beharrean dago. Eskerrak bere lagunei entzun egiten deutsena, eta errekan sartzen dana: garbi-garbi urteten dau handik. Bere harrokeria zapaldu egin behar izango dau Naamanek, eta Jauna Jainko bakar lez autortuko dau eta, aurrerantzean, bera baino ez dau beste inor gurtuko.

Ebanjelioan Jesusek 10 legenardun garbitzen dauz. Bat baino ez da bihurtzen eskerrak emotera, hartutako mesedea autortzera. Erbestekoa, sasi-judegua zan, samariarra... Besteak judegu zintzoak ziran. Eta zer uste eben? Zor izan jakela emondako mesedea? Jesusek samariarraren bihotz ona agirian jarten dau entzuleen aurrean.

Elizara datorren zenbatek uste dauan, senideok, eskatzen daben dana jakela zor... Zein gatxa dogun egunotan katekista bat aurkitzea, edo eliz-zerbitzurako borondatezko bat, edo beste edozein eginkizunetarako jenderik... Bakotxak bere konpromisotxoekaz kunplitzeaz dogu nahikoa, antza. Ez dakigu ezer eskertzen, gehiagokorik emoten... exigitzen baino.

Gogoratu daigun Paulok Timoteori esandakoa: «Benetako berbea: haregaz hilten bagara...; irauten badogu nekeetan...; ukatzen badogu...». Izan daigula argi Jesus aurkitzen dauanak bere bizitza osoa aldatuko dauana, barrituko, Naamanek lez. Harena benetako bateoa izan zan. Bilatu daigun geuk ere gure Bateoa barritzea eta han egindako agintzariak betetea. Jainkoak esker oneko egiten gaitu.


2007/09/27

URTEAN ZEHARREKO XXVII. DOMEKEA /C

 

Hab 1, 2-3; 2, 2-4
Sal 94
2Tm 1, 6-8.13-14
Lk 17, 5-10

 
HITZALDIA

 Senideok: Jainkoagaz alkarrizketan sartu ahal izateko ekimena berea dala autortzen jakin behar da. Honek zera esan gura dau: Jainkoa bera dala jauna; berak deiturik alkartu garala; eta Jainkoak berak daukala guretzako zeregina. Liturgiara era honetara hurreratu ezkero, hau esker oneko kantu eta festa bihurtzen da.

Baina ez: ez gara horrela hurreratzen liturgiara. Jainkoak deituta barik, badirudi Jainkoari geure preminak, arazoak eta kezkak edo atsekabeak aurkezteko hurreratzen garala liturgiara.

Horren ezaugarri lehenengo irakurgaian entzun dogun Habakuk profetearen garrasia. Aurrean erabilia dan herriak salbatzaile autortzen dauan Jainkoari zuzentzen deutson garrasia da. Jainkoak entzun egingo dau garrasi hori, eta erantzuna emongo deutso. Baina erantzunak agintzen dauan ondorioa ez da bat-batean gauzatuko: luzarora joten dau; itxaroten jakin behar da.

Bitartean, salmoan, Jainkoaren beraren garrasia azaleratu jaku. Badauka Jainkoak berak ere guri esatekorik; gaurko salmoan hauxe irakurri dogu: «Entzungo al dozue gaur Jaunaren ahotsa:"ez gogortu zuen bihotza"».

Habakuk profeteak garrasika agertu dauzan atsekabeak, Jainkoagandik urruntzeagatik ez ete jakoz gainera jausi herri hari? Geure burugogorkeriak galazoko deusku hori autortzea. Baina, euki daigun argi: Jainkoa geuganatzen baino ahalegin handiagoa egin behar izango geukela geure burua Jainkoaganatzen.

Hauxe ez da, ba, Paulok bere ikasle kutunari eskatzen deutsona? Inguru erasotzaile baten dago, eta ikasitakoari, Paulogandik hartutakoari, eusten ez badeutso, laster iruntziko dau inguruak. Hori jazo ez daiten Jauna eta haren mezua lotsa barik eta adoretsu iragarten jarraitzeko eskatzen deutso.

Geuretu daigun, senideok, ebanjelioko koadroa. Jesusek bere ikasleei ardura bat jarri deutse eskura, eginkizun bat emon deutse; et ardura hori gauzatzeko orduan, euren txikitasuna, ezina, pobrezia, ikusten dabe.

Baina, hara!; ez deutsoe Jesusi «ezin dot!» esaten; «"gehitu eiguzu sinismena"» baino. Hauxe da, senideok, Jainkoari esker onez erantzun gura deutsonaren erregua eta otoitza; ez da: «ezin dot!» esatea eta atxakiak bilatzea; zuk agintzen deustazuna gauzatzeko, nire uste on oso-osoa zeugan jarri behar dot autortzea baino, eta horretarako sinismena eskatzea.

Ha ta guztiz ere, senideok, non izten gaitu Jesusek ikasleei esandakoak? «Gauza ez diran morroi gara». Ez daigun uste izan guk egindako gauzarik onen edo ederrenak ere ezer merezi dauanik. Beste hauxe, alderantziz: poztu gaitezan onbidean ibilteko gauza garalako, eta ibili gaitezan bide horretan esker oneko seme-alaba lez. Hortik gorakoa Jainkoari dagokio. Izan daigun beragan gure uste on oso-osoa. Eskatu deiogun gehitu daiala gure sinismena.

2007/09/05

URTEAN ZEHARREKO XXVI. DOMEKEA -C-


(2007/09/30)

Am 6, 1a.4-7
1Tm 6, 11-16
Lk 16, 19-31

HOMILIA

Senideok: beste behin erasoten deusku Jainkoaren berbeak gure patrikeretan eta diruak edo aberastasunak gugan ezarten dauan loturan.

Ez ete da egia ondasunei larregi lotuta gagokiezela?, uste handiegia dogula ondasunetan? Ez da egia ondasunak atsegin hartzeko erabilten doguzela, eta geure-geureak diralakotan darabilguzala? Egin ete dogu inoiz ezelango hausnarketatik ondasunen erabilteari buruz, senideok? Ez ete da egia beste edozer ikutu leikiguela, ondasunak edo patrikerea izan ezik?

Baina holan izanda ere, senideok, liturgian Kristoren misterioak ospatzera etorri garanok, Jainkoarekin esker oneko agertzeko aukerea aurkituko dogu gaurkoan.

Bai, egia: salakuntza gogorra entzun dogu lehenengo irakurgaian Amos profetearen ahotik. Aberatsaren aurkakoa, ala pobrearen aldekoa? Baina salakuntza horrek ez gaitu gaitzetsi edo hondatu gura, egon geintekezan lo-zorrotik akordatu, esnatu edo itzartu baino.

Zer behar ete dogu horretarako? Madarikatu egin dauz Amosek euren ustea Sionen daukenak; eta Samariako Mendiaz fidatzen diranak. Gure egunetara itzuli ezkero hauxe esango geuke: euren otoitzetan eta sakramentuetan ustea daukenak...

Urrats bat aurrera emon geike San Paulok Timoteori gogoratu deutsona geuretuz: honek Kristogango egin dauan aukerea, aukera sendoa, eta emon dauan berbea, hainbeste testiguren aurrean egina izan dala.

Bai, senideok: gure sinismena etxekoa, ingurukoa edo ohituraz ezarritakoa eta hartua izan beharrekotan, aukerakoa, norberak beretua, balitz, ez dozue uste beste oneritzi baten eukiko geukela?

Hauxe falta jaku: gure sinismenaren geuretzea, eta hori dala-ta sinismen hori lantzea eta horretan asti gehiago emotea: katekesia, otoitza, ebanjelioaren irakurketea, isiltasuna...

Hori dagoanean, begira zelango pozetara zabaldu geinkezan ebanjelioak, senideok: pobreak atean bertan daukaguz; asago joan barik aurkituko doguz. Hau jakiteak norbere ondasunei esangura eta urtenbide barri bat emoten deutse, eta hareen loturapetik askatze-bidean jarri geinkez. Ebanjelio txatal hau entzutean, ba, senideok, argi barri bat biztu daiteke gure bizitzan.

Amos profeteagandik dakigu gure uste ona ezin jarri geikela elizara etortean, edo sakramentuak ospatzean, eta gitxiago gure ondasunetan. Gure bizitzan azaltzen ez badogu bihozbarritze bidean dihardugula, dana penagarria izan daiteke; ebanjelioko aberatsaren jantziak, otorduak eta ondasunak penagarri ziran lez.

Alderantziz, senideok, gure bizikereak agertzen badau behartsuenganako jokerea, hareenganako errukia eta eskuzabaltasuna, besteenganako maitasuna, eta danean esker ona, Jainkoaren Espirituak diharduala gugan esan gura izango dugu. Geuretu daiguzan horretarako Paulok Timoteori zuzendutako berbak: bilatu eizu zuzenbidea, erlijinoa, sinismena, maitasuna, iraupena, gozotasuna...

Ez daukagu zigorraren bildurrik izan beharrik, senideok, Jainkoa danaren eta danen jaun eta jabe lez autortuz, hari esker onez erantzuteko aukerea emoten jakula onartu baino. Bilatu daiguzan, ba, behartsuak, ate-ondoan daukaguz-eta; eta alkarbanatu daiguzan Jainkoagandik hartutako ondasunak: dirua, sinismena, osasuna, ahalmenak, jakituria... Jesukristoren gaur egungo testigu lez, horretarako aukerak bilatuz.



2007/08/27

URETEAN ZEHARREKO XXV. DOMEKEA /C


HOMILIA

(2007/09/23)

Am 8, 4-7
1Tm 2, 1-8
Lk 16, 1-13

 

Senideok: behar bada, atsegin handiz entzungo genduzan lehenengo irakurgaian agertu jakun Amos profetearen salakuntza berbak. Behar bada, hareik entzutean, danok euki doguz geure buruan banketxetako zuzendariak, nazinoetako buruzagiak, herrialdeetako politikariak eta edonongo agintariak —Elizakoak ere bai, jakina!—, eta Amosen salapena eurentzakoa izan dalakotan zelan-halango poza somauko gendun.

Baina, ez daigun ahaztu: Jainkoaren salapena ez da gaitzestekoa edo hondamenera botatekoa, bihozbarritzerako deia baino. Hau ete da gure jokabidea? Holan entzun ete doguz berbok?

Zer somau dogu bigarren irakurgaiko berbak entzutean? Paulok Timoteori egindako gutunean, kristau guztiei egiten deutsen eskaria hauxe izan da: euren otoitzetan, lehenengo ta behin, agintariak izan daiezela. Eta zein gogoge hartzen doguzan holango berbok, ezta?

Bakotxakeria (edo indibidualismo) kokoak ikututa gagoz, eta bakotxak bere ona, bere urtenbidea eta bere salbamena bilatzen dogun unean besteekaitik, eta euren artean, gorrotagarri egiten jakuzan agintariekaitik, otoitz egin beharrak tripakalak emon leigu. Ez ete daukagu aldatu beharrik, ebanjelio bideetan joan gura badogu, behintzat?

Goazen ebanjeliora, eta entzun daigun Jesusek berak egiten deuskun salapen zuzena: zuurrago jokatzen dabela mundu honetako seme-alabek…, mundu honetako negozioetan diharduenek.

Hauxe bai egia, senideok! Erreinuko seme-alabok arduragabeegiak gara; inoren esku izten doguz erreinuko ardurak ("doctores tiene la Santa Madre Iglesia, que os sabrán responder"; "con la intención basta"; "umetxoa jagon beharra euki dot, gurasoak hor zehar dabiz-eta…"; eta antzekoak esaten dira… Ez gaitue salatzen?). Gehien baten, estimazino handiegirik ez deutsegu emoten Jainkoagazko hartu-emonei. Bazterreratuta edo ahaztuta daukagu arlo hau. Ez, ala?

Gure sinismenean, senideok, bat egingo bagendu, eta bakotxak berea barik alkarren ardurea hartuko bagendu, agintarien azpiak jaten barik, euren aldeko otoitzean jardungo geuke, alkarren zerbitzuan eta Erreinuko ardurak garatzen.

Jainkoak gure pekatua salatzean ez gaitu gaitzesten (edo kondenatzen), bihozbarritzera deitzen baino. Bilatu daigun, ba, hain beharrezko dogun hezkuntza, katekesira hurreratuz; eskuratu daiguzan ardurak, eta jokatu daigun ebanjelioan agertu jakun ondasunen buruzainaren zuurtasunaz, Jesus Jaunak goraldu gaizan, baina erreinuko zerbitzari leial eta arduratsu lez.

 

2007/07/24

URTEAN ZEHARREKO XXIV. DOMEKEA /C

(2007/09/16)

Ex 32, 7-11.13-14
sal 50
Tm 1, 12-17
Lk 15, 1-32

 HOMILIA

 Senideok: zein gatx egiten jakun geure errua autortzea, gure errua inori ez leporatzea, parkamen eskatzea... Baina, behar bada, gatxago egiten jaku bihozbarritzea edo bizitz-aldatzea. Sarriegitan jarraitzen dogu, buru gogorkeriaz, geure erratuan, geure pekatuan.

Danok dakigu, horraitino, errua autortzen ez jakitea ona ez dana; erruaren urtenbiderik ez ikusteak hainbat eta hainbat eroan dauala burua botatera... Baina, zer behar dogu geure errua autortzen jakiteko, edo parkamen eskatzeko?

Lehenengo irakurgaian emon jakun Jainkoaren eta Moisesen arteko alkarrizketeak argi izten dau gure jokabidea: biek dinoe zeure herria, pekatu egin dauan herriaz. Erruak zigorra, hondamena, dakarrelako beragaz. Baina Moisesek errukia eskatzen dau bere otoitzean, eta parkatua izango da herriaren pekatua.

Ebanjelioan seme txikiaren damua agertzen jaku, baina baita seme nagusiaren bihotz gogorkeria ere, errukirik eza. Baina danen gainetik aitaren maitasuna: beretik urten, bila joan eta, hitz gozoz, bihurtzera deitzen dauana, parkamena luzatuz. Seme txikiaren damuak etxeko guztiak eroango dauz jai egitera. Zertara eroan leike seme nagusiaren bihotz gogorkeriak, errukirik ezak? Salakuntzara, apurketara, bakardadera...

Senideok: gogotan hartu daiguzan bigarren irakurgaian entzundako berbak. Zintzotasun eta zabaltasun osoz dinotsoz berbok san Paulo apostoluak bere ikasle Timoteori, eta salbagarri izan dakiguz.

Paulok bere burua biraolaritzat eta pekataritzat dauka; baina aukera bat izan dau eta ez dau alperrik galdu. Bere bizitza osoa aldatu dau: Jainkoaren errukia sumatu daualako beragan; eta aurrerantzean, ordurarte aurrean erabili izan dauzenen senide lez jokatuko dau, zapaltzen izan dauan izena goralduz eta salbatzaile iragarriz.

Ederra litzateke, senideok, Jainkoaren errukiaz topo egitea; Jainkoak ez deuskula ezer aurpegiratzen argi eukitea, ez gaitula inondik inora epaitzen eta gitxiago zigortzen edo hondatzen, eta Jainkoaren parkamena onartzeak bizitza aldatzera, bihozbarritu lez jokatzera garoazela onartzea.

Bai, senideok: geure errua eta pekatua autortzen jakin ezkero, besteen autorra ere onartu egingo geuke; jakingo geuke ez bakarrik gure pekatua autortzen, besteen autorra errukiz onartzen ere baino; eta fariseuen antzera (zelatan) egotetik, Jainko Aitaren antzera (bihurtzearen zain), harrera on egiteko, beso zabal eta hitz gozoz urtengo geuke geure txokotik pekatariaren bila. Eskatu deiogun Jainkoari grazia hori.



URTEAN ZEHARREKO XXIII. DOMEKEA /C

(2007/09/09)

Jk 9, 13-19
sal 89
Flm 9b-10.12-17
Lk 14, 25-33

HOMILIA

 

Senideok: zer sumatzen dogu gure barruan gaurko ebanjelioko lango hitzak entzutean? Geuretzako esanak lez hartzen doguz, ala abade, fraide eta monjentzako dirala uste dogu? «Nire atzetik etorri eta bere aita-amak, emazte, seme-alabak, eta bere burua ere ez badauz beheragoko maila baten jarten, ezin dau nire ikasle izan».

 

Elizara gatoz, mezea entzuten dogu, otoitz egiten..., baina Jesusen ikasle izan gura dogulako egiten dogu guzti hori? Horrela ez bada, ez bildurtu elizkizunetan eskakizun handiko berbak entzutean. Holango berbak, eskakizun handikoak, exigenteak, Jesusen ikasle izan gura dabenentzako dira, eta ez danentzat edo edonorentzat.

Askotan gertatzen da gure artean, Jesusen ikasle izan gura dabenentzat diran berbak norberetzat hartzen dirala eta, eskakizun gogorregiak mahairatzen dabezela-ta, ea abadeak berak ere beteten dauzan botaten dogula.

Ebanjelioaren bigarren zatian Jesusek kontuak egin behar dirala esan deusku: etxegileak ea nahiko dirurik daukan ikusi behar dau; gudura urteten dauan erregeak ea behar beste gudari daukazan; eta Jesusi jarraitu gura deutsonak ere bardin: bere kontuak atara behar dauz.

Bai, senideok. Jesusen ikasle izan gura dauanak ere bere kontuak egin behar dauz. Eta, tamalez, gure artean, elizara etorteak, edo otoitz egiteak-eta, ez dauka zerikusi handiegirik Jesusen ikasle izateagaz. Ez dozue uste?

Etxean ikasi dogu otoitz egiten, edo gauza batzuetarako elizara joten (gero eta gitxiago joten dogu), eta guzti hori danok egiten gendulakoa geukan. Baina gaur egun...

Ba hortxe aurkitu behar dogu gaurko ebanjelioko irakatsia. Hortxe egin behar doguz kontuak, eta aztertu behar dogu beste ezer baino gorago, lehenengo mailan, Jesus bera jarriko dogun, bere ikasle izan gura dogulako, ala beste edozeren pare eukiko dogun Jesus ere.

Baina izan daigun hauxe gogoan, senideok: Jesus dala-ta, beste gauza guztiak (on onak izan arren) bazterreratzen badoguz, aukera hori geure eguneroko bizitzan igarriko da: Jainkoaren nahia bilatuko dogu, eta ha eguneroko bizitzaz aintzaltzea; igurukoetan Jainkoa bera zerbitzatuko dogu; eta horretarako indarra eta adorea argitasuna eta laguntza bilatuko doguz otoitzean, mezatarako edo beste elizkizunetarako alkartzean; eta astia atarako dogu horretaz gehiago ikasteko eta pozago bizi izateko.

Orduan hasiko gara Jainkoa ezagutzen, bera dan lez, ez geure uste itsuetan; eta egiten deuskuzan eskakizunak gozotasunez beteko doguz, eta ulertuko doguz Paulok Filemoni egiten deutson lango eskariak.

Gura dogu, senideok, Jesusen ikasleetarikoak izan?

 

2007/07/21

URTEAN ZEHARREKO XXII. DOMEKEA —C—


(2007/09/02)

 

Eklo

Sal 67

Hb 12, 18-19.22-24a

Lk 14, 1.7-14

 

 

HOMILIA

 

Senideok: gaurko Liturgiako Irakurgaiek gure bizitzako kontraesan handi baten aurrean jarri geinkeez. Begira: umetxo batek, gaisoak edo ahulak, edo ezinduak…, behartsu edo apal-txiki ikusten dogunak, beragana erakarten gaitu, eta laztan bat edo zelan-halango laguntza edo babesa luzatzen deutsogu.

 

Baina hori egiten dogunotatik batek berak ere ez dogu indarge, edo apal, edo behartsu izan gura. Bildur deutsegu holango egoerei, besteek jan edo iruntzi edo birrindu egingo gaituelakoan.

 

Eta gure, bakotxaren, erantzuna handikeria bilatzea izaten da. Geure burua ontzat daukagu (txikien alde egingo geukela-ta), baina gure ingurukoak bihozgabetzat daukaguz (gure txikitasunean birrindu egin geinkezala uste izanez).

 

Gaurko irakurgaiek, senideok, apaltasunera, txikitasunera eta benetako jakintzara egiten deuskue dei. Hurreratuko ete gara arretaz euretara? Eta egingo ete dogu ahalegin txikitxo bat benetako txikitasuna edo apaltasuna ulertzeko, eta haretara egokitzeko gure jokabidea?

 

Eskuzabala baino maiteagoa dala apal jokatzen dauana, esan deusku lehenengo irakurgaiak, eta Jainkoak bere errukiak apalei iragarten deutsezala. Beste hauxe ere bai, ez daigun ahaztu: ez gaitezala hurreratu hain bizkor guzurtiaren zauria osotzera, osakuntza bako landara gaiztoaren kimua da-ta .

 

Hebertarrei egindako gutunean Jainkoaren handitasuna zelan   agertu eta hurreratu jakun esan deusku: astrapalotsean barik, Jesusen apaltasunean.

 

Eta begira: ebanjelioko koadroak jarten deuskuz begi-bistan gure handikeria jokabideak: lehenengoak izan gura dogu han-hor-hemen eta beti.

 

Eta, zer da apaltasunez jokatzea? Goazen Jesusengana. Apala, arazorik ez izatearren bere lekuan isil-isilik geratzea dala uste badogu, erratu makala gurea! Jesusek salatu egiten dau-ta mahaikideen jokabide norberekoia; eta ez dau hareen artean lagun askorik irabaziko bere salapenaz.

 

Senideok: gure barruan sumatzen doguna, eta egiz eta benetan gura dogun jokerea azaleratzeko gauza izan behar dogu; eta ondorioak sufritzen dabezenen ondoan egoten, eurentzat Jainko handiaren laguntasun izan gaitezan.

 

URTEAN ZEHARREKO XXI. DOMEKEA —C—

 
(2007/08/26)

Is 66, 18-21

Sal 116

Hb 12, 5-7.11-13

Lk 13, 22-30

 

 

HOMILIA

                                                                       

Senideok: «Asko salbatuko dira? » galdetzen deutsoe Jesusi gaurko ebanjelioan. Badagoala salbamenaz arduratzen danik esan gura dau honek.

 

Aspaldi baten, gure artean ere baegoan salbamen-ardurarik; asko hitz egiten zan salbamenaz; eta zenbat oneraspen (edo debozino) geukazan salbamena lortzeko!

 

Gaur egun, ostera, banakaren bat-edo arduratzen da salbamenaz, eta errukiz, edo destainez, begiratuko deutsee salbamenaren ezelango ardurarik ez dauken euren inguruko hainbat eta hainbati. Salbamena ez da gure ikasbideetan ez eta gure oneraspenetan ere agertzen dan ardurea.

 

Baina entzun Jesusen erantzuna. Jesusen erantzuna ez da zuzena: bai edo ez. Galdegilearentzako dei bat da: «Ahalegindu zaitez ate estutik sartzen…». Eta esaldi latz bat ere gaineratzen deutso erantzuna gogoan izan daian: « zuek kanpoan gelditzen zareen bitartean, hainbat sortaldeko eta mendebaldeko eta inondiko sartuko dira erreinuan».

 

Salbamena, ba, senideok, ez da oneraspenez edo elizkizunez eta holango gauzez erosten dan ezer, Jainkoak berak bere seme-alabei (hau da: gizaki guztiei) luzatzen deutsen bere bihotza, bere errukia, bere maitasuna eta ontasuna baino.

 

Eta hori, senideok, alde batetik, lehenengo irakurgaian entzun dogun lez, herrialde guztientzako da. Hau da: danentzat, eta ez errezatzen dakien guztientzat baino ez. Herrialde guztiak dagoz Jainkoa zerbitzera deituak, ha aintzaltzera, eta haren jaian esku hartzera.

 

Eta, beste alde batetik, Hebertarrei egindako gutunean esan jakun lez, Jainkoaren ondasunak ezagutzeko, onartzeko eta alkarbanantzeko gauza izan gaitezan, Jainkoak gugan egin gura dauzan zuzenketak onartzea baino ez dagokigu. Eta zein gatx egiten jakun gure usteak eta ohiturak aldatuz Jainkoaren bebea entzutea eta hari jaramon egitea, ezta? Zein ate estua aurkitzen dogun…

 

Hau da: gure eginbeharra ez litzateke izango gauzak egitea, Jainkoaren zuzenketak onartzea baino. Jainkoaren zuzenketak bere hitzetatik jatorkuz, Jesusen bizikeratik, alkarregaz sinismena ospatuz elkar zerbitzetik.

 

Eta honegaz ez dogu salbamena irabazten, Jainkoaren salbamen oparia danentzakoa dala adierazten baino. Hurreratu gaitezan, ba, sinismen ospakizunera Jainkoaren zuzenketen bila, Jainkoa aintzaldu ahal izateko, eta senideak zerbitzeko gauza izateko.

 

 

2007/07/20

URTEAN ZEHARREKO XX. DOMEKEA —C—

 (2007/08/17)

Jr 34, 4-6.8-10

Sal 39

Hb 12, 1-4

Lk 12, 49-53

 

 

HOMILIA

                                                                       

 

Senideok badirudi alkarren aurka dagozala jainkozaletasuna eta atsegina. Gatx egiten jaku jainko-legean ibiltea; errezago egiten jaku atsegin-bidea, edo behintzat gehiagotan gabiz atsegin bila.

 

Danok dakigu, ostera, ezer lortu gura dauanak atseginari zenbat bider uko egin behar izango deutson: argaldu gura dauanak, aho-atseginak-eta alde batera bota behar izango dauz; eta horrela beste arlo askotan…

 

Jesusek behin-behingo atseginari uko egiten badeutso ez da izango soin-irudi bat lortzearren, edo kirol-marka bat lortzearren, Jainko Aitaren gogoko izatearren baino. Hauxe da Jesusen atsegin-iturria: Jainko Aitaren nahia egitea.

 

Espirituaren sua deitzen deutso Jesusek Jainkoaren nahia egiteko grinari; eta su horrek gizaki guztiak sutan euki daizala gura izango leuke Jesusek, su hori biztera etorri da-ta.

 

Baina Jeremias, Jainkoaren profetea, jauretxeko oparotasunean bizi diren atsegineko berbea ez iragartearren aurrean erabilia dala ikusi dogu lehenengo irakurgaian.

 

Eta Jesusenak berba gogorragoen antza dauke, beragaitik, etxe beratan hiru biren aurka eta bi hiruren aurka egongo direla-ta.

 

Zenbat burruka gurasoek euren umeekaz, ez babela-ta nahi edo ohetik jagi, edo errekadu bat egin, edo telebista amatatu eta oheratu, edo ikastetxeko lanak egin, edo euren gauzak batu… Zenbat haserre!

 

Ba, akuilukada hori berori egiten deusku Jainkoaren berbeak, edo Jesusen bizikereak, edo profetearen iragarpenak guri. Eta ume lez erantzuten badeutsogu, gurago badogu erosotasunaren eta ezer ez lortzearen atsegina, atseginak berak ustelduko gaitu.

 

Ez gaizala bildurtu eta haserretuazo makileak, akuiluak, edo lanerako deiak; bestetara baino: poztu gaizala Jainkoaren nahia bilatzera deitzen gaituanak. Eta jarri gaizala zerbitzuaren atsegin-bidean.

 

Ba ete dago, ba, Jainkoaren esaneko izatea, edo haren nahia betetea, baino atsegin handiagorik? Biztu daigun su-gar hori (Espirituaren sua da-ta) gure inguruan, eta ez gara damutuko.

 

2007/07/19

URTEAN ZEHARREKO XIX. DOMEKEA —C—

(2007/08/12)

 

HOMILIA

 

Senideok: zenbat emon jatzu? Hainbeste eskatuko jatzu! Gitxi daukagula uste dogu eta, umeek lez, eskatu eta eskatu egiten dogu, eta gehiago eskatzen dogu, zertarako eskatzen dogun ez badakigu ere; gehiago eukitearren-edo. Uste ete dogu asko eukiteak egiten gaitula gu geuago?

 

Nagusiok aldakuntza izugarria ezagutu dogu arlo honetan: batzuk gosea, beste batzuk urritasuna, eta hainbatek eza, ezagutu dogu gure umezaroan. Arazoak egozan etxeetan, baina etxekoak alkartu egiten ziran, eta eza bera ere alkarbanatu egiten eben euren artean. Eta zenbat bider gelditzen ziran hainbat guraso ezer barik, Jainkoa bitarteko, euren umeek zeozer euki eien!...

 

Orain, alde horretatik behintzat, ugaritasunean bizi gara. Eta uste ere ez genduzan gauzak eta egoerak ikusten doguz edozein etxetan, familiarik onenetan ere… Eta batek baino gehiagok itauntzen dau: lehengoa, eta etxe danetakoa, ete zan fedea? Edo, zelango fedea gendun, edo euken gehienek, gaur Jainkoa madarikatu ere egiten da-ta?

 

Gaurko lehenengo irakurgaian, jakituriaren liburukoan, sinisteko era bat emon jaku: Jainkoak gu goratzen bagaitu, gure arerioak hondatu egingo ditu. Izan daigun geure alde Jainkoa, gure arerioak birrindu daizan.

 

Baina Jesusek zuzendu egingo dau siniskera hori. Sinistuna ez da izango Jainkoa bere alde eta bere arerioen kontra dagoala-ta, lotan eta alperkerian egon daitekela uste dauana. Sinistuna adi eta arretaz dagoana da, nahinon Jainkoaren nahia bilatzeko eta hari erantzuteko. Sinistuna ez da, ba,  Jainkoa bere morroi bihurtzen dauana, bere burua Jainkoaren morroi-mirabe egiten dauana baino.

 

Hauxe da sinismena, Jainkoaren hitzean, gaurko liturgian, emoten jakun siniskerea. Horretarako, Itun Zaharreko benetako sinistunak aurkezten deuskuz Hebertarrei egindako Gutunak eredu. Honeek uste on (edo konfiantza) osoa Jainkoagan jarrita, euren izate osoa Jainkoari zerbitzean jarri eben; beste edozerk huts egiten ebala-ta; Jainkoak ez, ostera.

 

Guri, senideok, asko emon jaku, eta gure sinismena gaurkotzeko eta norberetzeko aukerea ere badaukagu. Ez ete dogu bilatu behar gure eguneroko bizitzan Jainkoari aintza emotea? Arretaz bizi izatea gure inguruko beharrizanak eta ezak geuretzea litzateke, Jesusek ere beretu egin ebazala ikusiz.

 

Eta horretarako bai behar dala Jainkoaren laguntza, ezta, senideok? Ba, eskatu deiogun, hutsik ez deusku egingo-ta.


2007/07/17

URTEAN ZEHARREKO XVIII. DOMEKEA –C-


HOMILIA

 

Senideok: Zenbat amets! Zenbat lehia! Zenbat joan-etorri eta abiada! Zertarako, baina?

 

Egin dogun aldi-inguru honetan asti barik gabiz eta kexu, inora heltzen ez garala-ta. Zer gura dogu, baina?

 

Estresa deritzon gatxak jota dago edozein lanbidetako hainbat lagun. Bizia da hau? Hau eta bestea, eta beste haxe ere bai, gura dogu; dirua behar dogu guzti hori eskuratzeko, eta, edo lapurretan eginda lortu gura dogu, edo eten bako lanorduak botata, edo loterian edo diru-jokoetan…

 

Entzungo ete dogu gaurko liturgiak aurkezten deuskun Jainkoaren hitza, senideok? Ez ete gaitu gorregi, edo hartara eginegi, edo besterik ezin geikela ustean aurkituko?

 

Egia esan, hainbatentzat Jainkoak ez dauka zer esanik inguru eta amets-grina honetan. Jainkoaren ingurua, edo ta haren eskeintza beste inguru baterako dira. Ondo dago, baina ez deusku balio. Egia da, baina ez da ezertarako…, uste izaten dogu.

 

Eta gaurko ebanjelioak arrazoia emoten deusku, gainera. Jesusek, horretarako ez daukala erantzunik dinotso diru-kontuekaz jatorkonari. Jesusek beste erantzun bat emongo deutso; edo, hobeto esanda, beste ardura batzuez jabetzeko eskatuko deutse bere ikasleei: zimeltzen ez diran, edo galkorrak ez diran ondasunak pilatzeko.

 

Senideok: ez dozue uste hementxe daukagula gaur egun benetako untzea? Edozer gauza eta edozein atsegin daukagu eskura… dirutxo baten truke. Eta horixe da gure egarria: dirua!

 

Non geratzen jakuz bigarren irakurgaian san Paulori entzundako gomendioak? Hauxe da gizaki barri lez bizi izatea; Jesusen ikasle eta jarraitzaile bati dagokion lez bizi izatea; geuri, senideok, dagokigu horrela bizi izatea… Eta zenbat gauzak eragozten deuskun! Ba, horretarakoxe eskatu behar deutsogu indarra eta laguntza Jainkoari; eta horretantxe lagundu behar deutsogu alkarri, bizitzea huskerietan galdu gura ez badogu, behintzat.

 

Salmugileagaz batera eskatu deiogun, ba, Jainkoari bihotz zentzunduna.

 

 

2007/07/08

URTEAN ZEHARREKO XVII. DOMEKEA  C

 

HOMILIA

 

Gn 18, 20-32

Sal 137

Kol 2, 12-14

Lk 11, 1-13

 

Senideok: gaurko liturgiaren haria OTOITZA dala esan geike. « Erakutsi eiguzu otoitz egiten», dinotsoe Jesusi bere ikasleek. Jesusek sarri otoitz egiten ebala ikusten dabe ikasleek; behin baino gehiagotan gau osoa emon dauala otoitzean ikusiko dogu ebanjelioetan. Ikasleen aldarria entzunda, senideok, neuri ere irakatsi eidazu otoitz egiten aldarrikatzeko gogoa sortzen jat.

 

Ez dogu uste, senideok, otoitza abadeen gauzea dala, edo fraile edo monjena? Prest egoten gara, gainera, honeen otoitza ordaintzeko, otoitzaren profesionalak balira lez.

 

Ez da hori gaurko liturgiak irakasten deuskuna. Geuk, ostera, gutariko bakotxak, geuretu behar izango geuke ikasleen aldarria. Abadeen edo erlijiosoen otoitza ordaintzeko gertutasuna barik, otoitzerako geure gertutasuna erakutsi behar izango geuke.

 

Zein samurra lehenengo irakurgaian emon jakun irudia: Abrahanen eta Jainkoaren arteko alkarrizketea; hortxe aurkitu geike otoitza zer dan: Jainkoagaz hitzegitea. Zer agertzen jaku Abrahanen otoitz horretan? Jainkoaren errukia azpimarratu geike; eta guk ez dogula ezagutzen Jainkoa. Esan daiteke, baita, Abrahanek kontuak eskatu gura deutsozala Jainkoari… Geu gagoz Abrahanengan irudituta.

 

Lehengo ta behin, Jainkoa bera da Abrahanengana hurreratzen dana, eta bere kezken barri emoten deutsona. Jainkoak berak emoten deusku, ba, beragazko hartu-emonetan sartzeko aukerea. Bildurtu, izutu, zigortu edo hondatu gura ete gaitu Jainkoak? Bai, zera! Bere errukiaren barri emon gura deusku. Esan deusku san Paulok bigarren irakurgaian, bere Semea bialdu ebala heriotzara; guk ez galtzarren, ba, nahiago dau bererik ederrena galdu, bere Semea. Jainkoari ez deutsogu, ba, bildurrik izan behar.

 

Eta Abrahanek irakatsia eta burubidea emon gura deutsoz Jainkoari… Laster ulertuko dau, Jainkoak ez dauala atseginkeriaz edo kapritxoz jokatzen, errukiz baino. Izango ete gara gauza, senideok, Jainkoaren errukiaren barri izateko? Zein ederra litzateken?

 

Ebanjelioan, senideok, otoitzerako, Jainkoagazko konfiantzazko hartu-emonetarako deia aurkitzen dogu. Baina ez gaitezan erratu: otoitzean, Jainkoari kontuak eskatzen barik bere guraria, gutaz itxaroten dauana ezagutzera sartu geintekez. Ez ete da horixe Jesusek egiten dauana, eta ikasleek eskatzen deutsoena irakatsi deiela?

 

Azkenik, senideok, Jainkoagazko hartu-emonetan sartzeak errukior, parkatzaile izatera eroango gaitu; norberaren onena galtzera ere, behar bada, edo bizitza bera emotera. Hori ete da otoitzera joten dogunean guk bilatzen doguna? Ez ete daukagu geuk ere ikasi beharra?

 

Eskatu deiogun, ba, Jesusi, otoitz egiten irakatsi deigula, otoizale egin gaizala, eta gure inguruan errukitsu lez jokatu daigula, parkamena ereinez bakearen etxea eraikitzen.

 

 

2007/07/07

URTEAN ZEHARREKO XVI. DOMEKEA  C

 

HOMILIA

 

Gn 18, 1-10a

Kol 1, 24-28

Lk 10, 38-42

 
 

Senideok, SINISMENA! Ez dogu ulertuko sinismena zer dan, ez dogu sinismenaz atsegin hartuko, es da gure sinismena emonkorra izango, Jainkoagazko hartu-emonetan sartzen ez bagara.

 

Gehiengo baten, senideok, ez deutsegu asti handirik emoten Jainkoagazko gure hartu-emonei; ez dogu lantzen gure sinismena; eta zahartzarora heldu arren, gure sinismena umetakoa izaten da; bizitzako arlo askotan nagusitzen gara, baina sinismenean ume gelditzen. Ume batek ez dau gurasoen maitasuna lantzen. Elkar maite daben heldu bik landu egiten dabe alkarren maitasuna… Lantzen dogu gure sinismena, Jaikoari deutsogun maitasuna?

 

Gaurko Liturgiak lagunduko deusku horretan, senideok. Lehenengo irakurgaian antxinako sinismen eredu bat emoten jaku: Abrahan. Abrahanen bizitzea ezin ulertu daiteke Jainkoagazko bere hartu-emonetatik izan ezik. Bizikera horretara hurreratzen bagara, asko ikasiko dogu.

 

Jainkoak Abrahani berbea emon deusto: herri handi baten aita egingo dauala. Baina noiz izango da hori?, uste izango eban Abrahanek, eta baita bere emazte Sarak ere, zahartzaroan sartuta dagoz-eta. Bitartean ahaleginak egingo dabez, eta erak bilatuko dabez Jainkoaren agintzaria gauzatzeko… Baina alperrik! Jainkoak bere erak eta aldiak daukaz; eta sinistun izatea ez da Jainkoa geure usteetara jartea, geu jartea baino bere esanetara.

 

Eta luze joten deutso agintzari horrek Abrahani… Baina, hara!: gitxien uste ebanean, eta eguneko ordurik eta ezustekoenean, hantxe agertzen jako Jainkoaren aldetiko mandataria. Ordurako uste eta itxaropen guztiak galduta eukiko ebazan Abrahanek, eta baita bere emazte Sarak ere. Baina Jainkoarentzat ez dago ezinezkorik.

 

Jainkoagazko hartu-emonak zaindu, landu eta ugaritzen badira, gure bizitzan Jainkoari berak gura dauana eta gura dauanean egiten itziko deutsogu. Baina gehienetan, edo beti, senideok, bestetara uste izaten dogu guk: hauxe edo bestea behar dogula, eta Jainkoak emon edo lortu behar izango leuskigula, guk ezin dogulako. Eta orduan hasten gara errezatzen, kandelak jarten, promesak egiten edo geure ustezko beste zeozer egiten edo agintzen.

 

Entzun deiogun Paulori. Irakurri dogun Kolosarrei egindako gutunean bere iragarpenaren helburua zein dan azaldu deusku: Kristogango gure bizitza bere heldutasunera heldu daiten. Paulori entzuten badeutsogu, ba, bere irakatsia bizitzaratzen badogu, ba, Kristogango gure bizitza bere heldutasunera bidean jarriko dogu.

 

Zer ikusten dogu gaurko ebanjelioan? Mariak Jesusi entzuten dakiala; Jesusek Mariataz alderik ederrena aukeratu dauala aurpegiratuko deutsola Martari. Martak etxeko zereginetan dihardu, bere ustezko eginbeharrak egiten eta egiten, eta danetara heltzen ez dala-ta, haserre baten eskatzen deutso Jesusi, esan deiola bere ahizteari laguntzera joan dakion.

 

Ez, senideok. Ez daigun uste izan badakigula zer, noiz, zelan egin behar dogun, eta geuk uste dogun horretan Jainkoak lagundu egin behar deuskula. Ikasi daigun entzuten, Jesusen berban Jainkoaren nahia bilatzen, eta itzi deiogun berak egin daiala gugan berak uste dauanik eta egokiena. Hartu daigun horretarako Abrahan eredutzat. Ikasi daigun Jainkoagazko hartu-emonak lantzen.