2007/07/06

URTEAN ZEHARREKO XV. DOMEKEA /C

 

HOMILIA

 

 

 

Senideok: zer izango litzateke gure Gizartea ezelango lege edo arau barik? Edo, zer izango litzateke errepidea (karreterea) zirkulazino-arau barik? Beharrezko doguzela legeak, arauak esan gura dau horrek. Baina, zenbateraino? « Legea, lege! Betebeharrekoa da legea!» esaten da. Baina danok dakigu Legea nork egiten dauan, eta zelan jokatzen dogun besteok legeagaz. Legea ez beteteak, edo hari muzin egiteak, edo legea apurtzeak, zigorra dakar, horretan harrapatzen bazaitue; baina bestela?

 

Ikusten doguz Legearen onurak, eta Legea aintzat hartzen dogu. Baina nire atsegina-edo lortzea debekatzen deustanean, Lege hori baztertzen ahaleginduko naz. Bakotxak gura dogu, ba, senideok, geure neurriko eta aldeko Legea egin.

 

Baina orduan, bakotxak bere ugartean bizi izan behar izango leuke; ezin izango geuke Gizarte baten bizi izan. Eta Gizarte baten bizi izan gura badogu, bakotxak beretik jarri behar izango dau besteen onerako. Eta zein gizarte hobeagorik alkarren arduraz bizi dana baino?

 

Hauxe da lehenengo irakurgaian aurkitu doguna: alkarren onerako Legea Jainkoak bakotxaren bihotzean jarri dauala. Baina beste hauxe ere esan deusku, eta ez daigun ahaztu: Lege hori onartzeko, bihozbarritu, Jainkoagana bihurtu beharra daukagula.

 

Bai, ba! Bakotxak bere onurea bilatzen dogulako; eta geurea lortzearren atxakiak jarriko doguzelako, edo legea ezin bete daitekela esango dogulako…

 

San Pauloren ustetan, Legearen gaingo argitasuna Jesusengan aurkitu geike. Hauxe bai bizi dala Aitaren esanetara! Honexek bai daroala Jainkoaren Legea bihotzean idatzita, eta gauzatzen dauala Lege hori bere eguneroko bizitzan!

 

Bihozbarrituak, Jainkoaganatuak, ez dau atxakiarik bilatuko Legea bere alde ez dagoala ikusten dauanean, besteen, lagunurkoaren, ona bilatuko daualako.

 

Ebanjelioko Legelariak «nor da, baina, nire hurkolaguna? atxakiatuko deutso Jesusi. Eta Jesusek argi dauka behartsuaren laguntza dala danen gainetiko legea, lege guztiek babestu behar izango leukeela behartsua.

 

Baina, holangoak ete dira gure legeak? Behartsuaren aldeko diskriminazinoa egiten dabe gure legeek? Argi daukagu, alderantziz, legeak nagusiek edo ahaltsuek edo aberatsek egiten dabezela euren egoerak babesteko.

 

Zer, orduan? Baztertu lege guztiak? Muzin edo uko egin lege guztiei. Jesusengana hurreratzen bagara, legea baztertzen barik, ha ulertzen eta haren mamina eta hondoa bilatzen eta beteten irakatsiko deusku. Hau da: lege eta arauetan Jainkoaren guraria edo nahia bilatzen, ez bakotxak bere atsegina.

 

Eta hauxe litzateke bihozbarritu lez betetea legea. Ez da, ba legea, lege, eta beteko jarri da!, zelan edo halan, bihar gaur baino hobeto, lege-arauetan Jainkoaren nahia bilatzen ahalegindu behar dogula baino. Hurreratu gaitezan horretarako Jesusengana.

 

 

2007/07/05

URTEAN ZEHARREKO XIV. DOMEKEA /C

 

HOMILIA

 

Is 66, 10-14c

Sal 65

Gal 6, 14-18

Lk 10, 1-12.17-20

 

 

Senideok: pozgarria eta bihotz altxagarria da gaurko liturgiak Jainkoaz emoten deuskun irudia. Lehenengo irakurgaian Isaias profetearen eskutik emon deusku irudi horren alderdi bat. Jainkoaren oparotasuna eta etengabeko emonkortasuna goretsi dauz Isaiasek. Ondo ulertu leikee irudi hau gurasoek euren seme-alabekazko hartu emonetara begiratu ezkero.

 

Zergaitik edo noiz gogoratuazoten deutsee gurasoek euren seme-alabei hareekaitik egiten daben guztia eta etxean dauken guztia, eta zein ederra eta oparoa dan dauken etxea…? Zertara erakarri gura dabez euren seme-alabak hau edo holangoa agertzen daben gurasoek? Ba, horixe da Jainkoak gugandik gura aduana eta profetearen ahotan jarten deuskuna.

 

Esaneko edo guraso-zulo diren umeen erantzuna, ala ume bihurriena, etxetik alde egin gura daben umeen erantzuna emon gura ete dogu? Ume bihurrien erantzuna litzateke, Jainkoak gutaz gura dauana entzun barik geure usteetan jarraitzea; edo berak emon gura deuskunari muzin egin eta geure atseginkerietariko zeozer eskatzea.

 

San Pauloren hitzetan aurkitu geike gure usteetatik urteteko era bat, bide bat: gure usteak zalantzan jarteko arrazoiren bat. Pauloren ustetan, kontua ez da bateatuak garan, elizaz ezkondutakoak, geuk uste doguzan betekizunak-eta beteten doguzan eta abar; beste hauxe baino: gizaki barri izatea eta beroni dagokion lez bizi izatea.

 

Hauxe esango geuke, ba:   ez dogu aparteko gauzarik egin behar Jainkoa geure alde jarri dakigun. Jainkoa beti dago bere umeen alde, maite dauz-eta, bere begiko lez zaintzen dauz-eta.

 

Hortxe dago arazoa, senideok: ulertzen ete dogu, ezagutzen, onartzen, geuretzen eta gauzatzen ete dogu Jainkoak emoten deuskuna, gugandik itxaroten dauana? Edo gurago izaten dogu beste iturri batzuetan edatea, urok urriagoak, zikinagoak eta pozoinduak izan arren?

 

Ebanjelioan argitu daiteke alderdi hau: lehenengo ta behin, Jesusek bere ustea ikasleengan jarrita daukala ikusten dogu: bere lagun egiten dauz eta bere aurretik joateko eginkizuna emoten deutse. Guk zelan erantzungo ete geuskio Jesusi bere eginkizunerako aukeratuko baginduz?

 

Batzuk harrera on egiten deutseela dinosku ebanjelariak; baina beste batzuk ez deutseela harrerarik egiten… Eta era bietakoei dinotse hur dagoala Jainkoaren erreinua..

 

Ikasleen azaleko poztasunetik dakigu Jesusek zer itxaroten duan hareengandik: hareen pozak ez dau sortu behar euren ahalmenaren indarretik, beste ahaltsuak menpean jarteko dauken ahalmenetik, euren izenak zeruetan idatzita ikustetik baino. Hausnartu daigun Jesusek dinotsen hau…

 

Ez dozue uste, senideok, gu bertokoegi eginda gagozela eta jaramon eskasa egiten deutsogula Jesusek eskeintzen deuskun erreinuari? Erreinu hori ez da lortzen aparteko egintzez, edo betekizunez edo erritoz, ez eta ez da ezeren sari ere. Gizaki barri lez bizi izanda emoten dogu gure bizitzan zehar haren barri. Eta bizitza horretako atseginak Jainkoaren oparotasunetik bizi izateak eskuratzen dauz.

 

 

2007/06/30

URTEAN ZEHARREKO XIII. DOMEKEA /C

 

HOMILIA

1Erg 19,16b. 19-21
Sal 15
Gal 4,31b_5,1. 13-18
Lk 9,51-62

Senideok: zelan ulertzen dogu sinismena, jainkozaletasuna...? Eta zer eskuratzen deusku sinismena, jainkozaletasuna holan ulertzeak? Hau da: pozik gagoz gure sinismenaz, jainkozaletasunaz? Sinismenak, jainkozaletasunak norabidetzen dau gure bizikerea eta bizitza osoa? Ala sinismena noizbehinka sorbalda gainetik jarten dogun ipini-kenduko tresna edo soingainekoa dogu?

Gure bizitzearen jaun eta jabe izan gura badogu, gure atsegin-atsekabeen edo kapritxoen morroi izan gura ez badogu, jarri daigun gure bizitzako aukeren erdian Jainkoa; ebatzi daigun haren otsein izatea; eta horretarako, egin daigun aukera sendo bat: Jesusen jarraitzaile izatea. Eta egunero barriztatu eta elikatu (edo alimentatu) daigun aukera hori, otoitzaz, ebanjelioaz, katekesiaz, eliz-bizitzaz.

Badakit opor-giroan eta nasaitasun-giroan bizi garana egunotan. Baina baztertzen ete doguz horregaitik gure eguneroko eginbeharrak? Sartu daigun euren artean gure gogo-bizitza, sinismen edo jainkozaletasun bizitza, berorren harira lortzen doguzelako benetako atseginak eta bizitzearen betetasuna...

Bestela... Gogoratu daigun bigarren irakurgaian san Paulok esan deuskunetik: Jesukristok askatu egin gaitula Legearen morrontzatik, baina benetan Jainkoaren seme-alaba aske lez bizi izateko. Hau da: atseginkerien morrontzan barik, senideen zerbitzuan bizi izateko.

Bai, senideok; autortu daigun: gure egunotan erdi-erdian geure burua jartea baino ez dogu uste izaten; geure burua eta beste inor ez ikusi gura dogu; beste guztiak geure menpe eta geure otsein jarri gura doguz (euren artean Jainkoa ere bai, jakina!). Argi daukagu zertara garoazen jokabide horrek.

Baina Jainkoa, ez geure burua, erdi horretan jarteak beste jokabide batzuk sortuazoten dauz gure bizitzan. Adorea behar da horretarako. Baina holango aukeran ez gaitu bakarrik itziko Jainkoak. Begira bestela.

Lehenengo irakurgaian Eliseoren bokazinoa ikusi dogu. Eliasek, Jainkoaren gizonak, bere ondorengoa izateko aukeratzen dau Eliseo. Eta honek zelango erradikaltasunaz onartzen dauan aukera hori bere ondasunez egiten dauanak emon deusku aditzera: etxekoei agur esan, bere idiak-eta lanabesez egiten dauan sutan erre eta bere morroiei jaten emon, eta esku hutsik jarraitu Eliasi. Bere uste osoa Jainkoagan jarten dauala dinosku horrela, eta ez bere etxean, ondasunetan edo morroien zerbitzuan.

Zer behar dogu, senideok, holango aukera sendo bat egiteko, eta Jainkoaren otsein edo mirabe lez jokatzeko, Jesusen jarraitzaile lez, gure etxean, lanean, herrigintzan eta elizgintzan?

Ikasi daigun Jesusengandik. Ebanjelioan ikusi dogu zertara daroan Jesus bere aukera sendoak: norbere buruagaz tinko jokatzera eta besteekaz bigun, samur. Ez da bardin gertatzen bere ikasle Santiago eta Joan anaiekaz: honeek sua ekarri gura dabe samariar harein gainera Jesus onartu ez dabelako.

Senideok: inor behartu barik, norbere burua behartzeko eta besteak samurtasunez eta gozoki hartzeko, egin daigun alkarren aldeko erregua. Eta ausartzen naz gaur neure alde erregutu daizuela eskatzen. Bihotzez eskertzen deutsuet.

 

2007/06/29

SAN PEDRO ETA SAN PAULO APOSTOLUAK (06/29)


Senideok: ZORIONAK! opa deutsuedaz eliztar eta herritar guztioi parrokia honetako zaindariaren egun honetan, kontuan hartuz bere omenez egiten dirala herriko jaiak. ZORIONAK!, ba; eta zorionean, alkartasunean eta bake-giroan emon daizuezela jai-egun guztiok, Jainkoa lagun.

Hori esanda, gure sinismen giroan, hauxe esan gura deutsuet gure zaindariaren egunean:

Elizeak, gaurko egunez Pedro eta Paulo Apostoluak, biak, omentzen dauzela, eta bien bizitza jarten deuskula eredu, gu, gaur eta hemen, Jesukristoren jarraitzaile izateko.

Ez uste izan, senideok, gure eginkizuna ona izatea dala, bestela Jainkoak ez deuskula-ta lagunduko. Ondo ikasi eben Pedro eta Paulok, biek, behin Jesus ezagutzera heldu ezkero, haren aldeko aukerea egin, eta bizitza guztian haren barri emoten jardun behar ebela.

Eginkizun horretan, senideok, eragozpen asko eta oztopo ez gitxi aurkitu behar izango eben, eta lehenengoak ez egozan kanpoan, norbere bizitzan eta izakeran baino: Paulo, bere gaztaroan, kristauen erasotzaile amorratua izan zan; gure Pedrok (begiratu erretaulako irudi horretara) "alde nigandik, Jauna, bekatari naz-eta", esan eutson Jesusi. Gainera, danok dakigu Pedrok hiru bider ukatu ebala Jesus ezagutzen ebanik...; baina badakigu baita Jesusen jarraitzaile sutsua zala, eta hiru bider autortuko eutsola Jesusi maite ebala.

Eta hona, senideok, azpimarratu gura dodana: Jesus ezagutzera eta ha maitatzera heltzeen bagara, berak bihurtuko dau gure bizitza. Jesus bera da aurretik joakuna, guri, dei eginez, gugan uste on dauala dinoskuna, eta bere autorle izateko behar gaitula.

Senideok: ez gaitezan ezkor (edo pesimista) izan, gaur egun ezin daitekela sinistun edo Jesusen jarraitzaile izan uste izanik. Hurreratu gaitezan Jesusengana; jarri gaitezan bere esku; eta beste guztia berak egingo dau gugan.

Ez eban askatu espetxetik Pedro? Ez eban ha itsasoan hondatzea eragotzi? Badau Jesusek ahalmena gure lehengo pekatuetatik, eta gaurkoetatik, gu askatzeko, bere autorle izan gura badogu.

Eta, ba ete dago, senideok, bizitza osoa Jesusen autorle (edo testigu) izaten emotea baino bizitza beteagorik? Ezetz dinoskue Paulok eta gure Pedrok. Baina geuk esan behar dogu orain horixe berori. Ez daigun Jesus gure bizitzatik aldenduazo pekatari garala-ta. Esan deiogun Pedrok Azken Afariko mahaian oinak garbitzean esan eutsona: Jauna, ez bakarrik oinak, baita burua eta eskuak ere garbitu eidazuz.

Pedro, izan zakiguz zaindari; halantxe zakioz ere Mungiari.

2007/06/23

JOAN BATEATZAILEAREN JAIOTEGUNEAN (06/24)

 

 

HOMILIA
Senideok: Liturgiak alkarren ondoan jarten deuskuz Joan Bateatzailea eta Nazareteko Jesus. Eta bien familiek dauke alkarren antz ezin handiagoa. Baina badagoz euren artean azpimarragarri lirateken berezitasunak ere.
Joanen jaiotzan aita da erdiko; Jesusen jaiotzan, ama. Joanen aita Zakariasek, elizgizon izan arren, zalantzak agertzen dauz Jainkoaren aurrean: sinismen motelduna da, antza. Maria, alderantziz, Jainkoari oso-osoan eskeinita bizi da; honen sinismena aintzaldu eta goraipatu egingo dau Zakariasen emazte Isabelek.
Aurrerago jota: Joanek, bere bizitzaldian bidea atontzen deutso atzetik datorren Mesiasi. Jesusek bera dala Bidea esango dau, eta Jainkoaren erreinua iragarriko dau, Deabruak uxatuz, gaixoak osatuz, pekatuak parkatuz eta Jainkoaren doaneko salbamena eskeiniz.
Guzti hau aurrean daukagula egin geike gaur, senideok, gure hausnarketa-otoitza. Begiratu deiogun Zakariasi: elizgizona da, baina zalantza artean bizi dau bere jainkozaletasuna. Ez ete dogu geure irudi? Ez ete dogu geuk ere, eliztarrok, gure egunotan, hainbat zalantzaren artean bizi gure sinismena, eta behin baino sarriagotan lotsaz, horrexegaitik? Zakariasen mutu gelditzea ezaugarria zan. Baina zer da gure mututasuna? Guk ez dakigu, eta ez dogu, gure inguruan Jainkoaren barri emoten, edo Jainko esperientziarik zabaltzen; gure familietan, aspaldi danik, ez dago sinismenaren, jainkozaletasunaren transmisinorik; seme-alabek ezin dabe Jainkoaren barri izan gurasoengandik... Jainkoa isilpean baztertuta daukagula esan geike.
Baina, ha ta guztiz ere, senideok, Zakariasen eta Isabelen seme Joanek Mesiasen bideak urratzen jardun eban. Haren jaiotzan askatu egin zan aitaren (Zakariasen) mihina, eta Jainkoa goratzen jardun ebala dinosku irakurgaiak.
Semeak (Joanek), Mesiasen etorrerea gertatzeko, ahots latza eta zemaia (amenazua) erabilten eban, hizkera bildurgarrian, bere aldikoak bihozbarritze bidean jarteko. Ez da izango hori Mesiasen (Nazareteko Jesusen) hizkerea; honek bihozbarritzera deituko dau, baina Jainkoaren aitatasunetik, maitasunetik, errukitik...; gozotasunetik, esan geike. Joanen maisua Zakarias izan zalako, eta Jesusek maistrea bere ama, Maria?
Beste hauxe esan daiteke, senideok: hazia erein ahal izateko, eta harek frutua emon ahal izan daian, lurra, astunduta egon dan edo dagoan lurra, sakon goldatu behar dala eta ongarritu. Hauxe izan zan Joan Bateatzailearen lana. Horrek min emon daike, denboraldi bat eskatu daike, eta iraupena (pazientzia) ere bai. Ba, ea geuretzen dogun Joan Bateatzailearen jaiotza egun hau ospatzean irudi hori geure bizitzarako...

Onartu daigun Jainkoaren Hitzak gure bizitzan egin gura dauan goldaketa lana, mingarria balitxaku ere. Jo daigun otoitzera eta elizkizunetara, gure astia murriztu behar badogu ere; eta baita nagusien katekesira eta sakramentuak ospatzera, ongarri izan dakiguzan...

Ez zalantzarik izan: holango esperientziak askatu egingo dau gure mihina, Jainkoa goresten jardungo dogu eta geure aldiko profeta izango gara. Ez akatsik bakoak; baina bai, Mariaren antzera, norbere apaltasunetik Jainkoaren otsein edo mirabe izan gura dabenak.

Izan daigun, ba, gogoan, Joan Bateatzailearen jaiotza eguna ospatzean: beharrezkoa dogu haren goldaketa lana, Jesusen haziak gure bizitzan frutu emon daiala gura badogu...

 

 

2007/06/08

GORPUZTI (Kristoren Gorputz-Odol sakratuak)

 

HOMILIA

Senideok: Gorpuzti eguna ospatzen dihardugu. Zelan, baina? Zer da gaur lehen hain handi eta eder izan dan egun hau? Zertan geratu dira lehen egiten genduzan egun honetako agerpenak, ibilteunak (edo prozesinoak) eta jaiak? Gordin-gordin esango deutsuet, senideok: Hosti santua madarikatzean; horretantxe geratu dira lehengo, gure txikitako, ospe guztiak. Ageri baten gehienbat. Negargarria izango litzateke hori baino ez balego gaur egun. Baina ezin ukatu geike hori ageri-agerikoa danik, hortxe dagoz-eta.

Badirudi gurasoengandik hartu doguzan ohitura, oneraspen, jainko-zaletasun, elizbide eta lotseak, edo txiki egiten gaituela gaurko munduaren aurrean, edo menperatu, edo ez dauala gure egunotarako zentzurik, eta baztertu, ostikopetu eta madarikatu egiten dogula.

Askeagoak, gaurkoagoak eta alkarregaz senideagoak egiten ete gaitu, ba, jokabide honek? Argi dago ezetz. Baina, orduan, zergaitik madarikatzen dogu gurasoengandik hartutako altxor hau? Zelan erabili ez dakigulako, behar bada; "libro de instrucciones" dalako barik eskuratu izan dogulako, behar bada. Geuretu barik, inguruko gauza lez, izan dogulako, behar bada. Eta ingurua aldatu danean, galdu egin da harek eusten izan dauan guztia. Eta gu, alde horretatik, biloisik gelditu gara.

Beste batzuk ez, horraitino! Beste batzuk gogor eusten deutsoe Eukaristiari, batez ere oneraspen (edo debozino) mailan. Baina, ete da hori ere, gero, bidezko jokabide? Jokabide honek, senideok, ez garoaz alkartzera, neurea neuretzat gordetera baino. Eta ez da hori Jesusek bere ikasleentzat ogi bihurtzean gura izan ebana. Eta hauxe da gaurko Liturgiak irakasten deuskuna, eta Caritasen bidez gauzatu gura doguna.

Senideok, Jainkoak mahai baten inguruan gura dauz bere seme-alaba guztiak: alkarren arduraz, batez ere behartsuenenaz, bizi izan daitezala, eta euren artean aberastasunak banantzen jakin daiela.

Horretarako, senideok, Jainkoari eskatzen eta Eukaristian haren indarra hartzen ahalegindu beharrean, Jainkoari entzuten, eta entzuna gauzatzen, ikasi behar izango geuke.

Liturgiako irakurgaiek hurreratu gaitue honen esangurara, senideok: ogiaren eskaintza antxinakoa zan, ez da Jesusek sortutakoa, aldi guztien aurretikoa bera izan arren. Gurasoengandik hartutako ezaugarria zala esan daikegu, ba. Eta horixe berori esan deusku san Paulok ere: hauxe hartu dot nire aurretikoengandik: "Jesusek hil bezperan, bere ikasleekin mahaian egoala..."

Baina zer gertatzen da, senideok? "Zeuek emoiezue jaten..." Jesusek ikasleei dinotsenean, honeek ez dakiela zer egin, eta euren ezina besterik ez dabela agertzen. Eskerrak Jesusen esanetara jarten dirana. Hauxe da guk ikasi behar izango geukena, senideok: Jesusen esanetara jartea. Orduan, gitxi daukagula uste izan arren, bakotxak beretzat egiten ahalegindu beharrean, danentzako lain izango dogula uste izanik, banantzen ahaleginduko ginateke.

Hauxe da Caritasen irakatsia, Eukaristiarena, Jesusen inguruan mahai beratan jesarten garenona. Izan daigun gogoan hau debozino guztien gainetik, eta batez ere gurasoengandik hartutako altxorra baztertze eta ostikotze jokeren gainetik.

 


2007/05/26

PENTEKOSTE IGANDEA /C


(HAUTESKUNDE GIROAN)

 

HOMILIA

Senideok: Pentekoste domekea Jesus aintzatuaren erregaloa hartzeko domekea dogu. Ez dogu esan gura Jainkoak bere Semearen Espiritua emoten deuskula huts-hutsean, Espiritu horri harrera on egiten deutsogula baino. Eta harrera on egiten deutsogu, gure bizitzarako, gure lanerako, gure atsedenerako eta arnasa hartzeko behar-beharrezko dogulako.

Badakigu, senideok, Jainkoagazko hartu-emonak alde batera izten doguzanean, geure makalkerien morroi bihurtzen garala. Espirituaren eraginez ez bada, ezin geintekez Jainkoaren seme-alaba lez agertu. Munduak bere atzaparretan hartzen gaitu eta haren bihurrikerietan galtzen gara eta galtzen dogu alkar.

Espirituaren eraginetara, barriz, erreinuko lanetan jardungo dogu. Ez uste izan erreinuko lanetan jardutea egun guztian elizatik urten barik egotea danik. Jainko Semeak zeruak urratu, handik urten eta geure artean hasi eban bide bat. Bide horrexi jarraitzea da, senideok, erreinuko lanetan jardutea. Eta hori ezin daiteke Espirituaren bultzadaz baino egin.

Une honetan, Jesusen bideari jarraitzeak zehaztasun argi bat dauka gure artean: herrigintzan daukagun eginbeharraz betetea. Bai, senideok: politikan, herrigintzan, Jainkoaren seme-alaba lez jokatu behar dogu, Jesusen urratsei jarraituz, Espirituaren eraginez. Gure kristau kontzientziak eroaten gaitu, ba, herrigintza horretan, lehenengo ta behin, besteak ere, guk lez uste ez dabenak ere, senide lez hartzera, hareik ere errespetatzera, eta harei gure aukerea erakustera; botoa emonez egiten da hori, alkarrena errespetatuz eta gehiengoa aintzat hartuz.

Jainkoak, senideok —ikusi dogu eta ospatu Pazko aldi guzti honetan zehar, eta gaur ere gogoratu dogu— bakezko gizartea gura dau bere seme-alabentzat; eta bakea lortzeko bide lez parkamena erakutsi deusku.

Badakigu zein gatx egiten jakun, senideok, alkar aintzat hartzea, alkarri harrera on egitea, alkarri parkatzea eta alkar maitatzea. Gatxa da, senideok. Horregaitik emoten deusku Jainkoak bere Espirituaren garra eta adorea. Ez deiogun uko egin Jainkoaren erregalu horri, geure indarrez eta ustez nahikoa dogula uste izanik.

Gogotsu eskatu deiogun maite gaituan Jainko Aita/Amari, bere Espirituaren taupadetan, eta Jesusek urratutako bideetan zehar, jarraitu daigula mundu honen eta gure gizarte honen eraikuntzan.