2007/06/08

GORPUZTI (Kristoren Gorputz-Odol sakratuak)

 

HOMILIA

Senideok: Gorpuzti eguna ospatzen dihardugu. Zelan, baina? Zer da gaur lehen hain handi eta eder izan dan egun hau? Zertan geratu dira lehen egiten genduzan egun honetako agerpenak, ibilteunak (edo prozesinoak) eta jaiak? Gordin-gordin esango deutsuet, senideok: Hosti santua madarikatzean; horretantxe geratu dira lehengo, gure txikitako, ospe guztiak. Ageri baten gehienbat. Negargarria izango litzateke hori baino ez balego gaur egun. Baina ezin ukatu geike hori ageri-agerikoa danik, hortxe dagoz-eta.

Badirudi gurasoengandik hartu doguzan ohitura, oneraspen, jainko-zaletasun, elizbide eta lotseak, edo txiki egiten gaituela gaurko munduaren aurrean, edo menperatu, edo ez dauala gure egunotarako zentzurik, eta baztertu, ostikopetu eta madarikatu egiten dogula.

Askeagoak, gaurkoagoak eta alkarregaz senideagoak egiten ete gaitu, ba, jokabide honek? Argi dago ezetz. Baina, orduan, zergaitik madarikatzen dogu gurasoengandik hartutako altxor hau? Zelan erabili ez dakigulako, behar bada; "libro de instrucciones" dalako barik eskuratu izan dogulako, behar bada. Geuretu barik, inguruko gauza lez, izan dogulako, behar bada. Eta ingurua aldatu danean, galdu egin da harek eusten izan dauan guztia. Eta gu, alde horretatik, biloisik gelditu gara.

Beste batzuk ez, horraitino! Beste batzuk gogor eusten deutsoe Eukaristiari, batez ere oneraspen (edo debozino) mailan. Baina, ete da hori ere, gero, bidezko jokabide? Jokabide honek, senideok, ez garoaz alkartzera, neurea neuretzat gordetera baino. Eta ez da hori Jesusek bere ikasleentzat ogi bihurtzean gura izan ebana. Eta hauxe da gaurko Liturgiak irakasten deuskuna, eta Caritasen bidez gauzatu gura doguna.

Senideok, Jainkoak mahai baten inguruan gura dauz bere seme-alaba guztiak: alkarren arduraz, batez ere behartsuenenaz, bizi izan daitezala, eta euren artean aberastasunak banantzen jakin daiela.

Horretarako, senideok, Jainkoari eskatzen eta Eukaristian haren indarra hartzen ahalegindu beharrean, Jainkoari entzuten, eta entzuna gauzatzen, ikasi behar izango geuke.

Liturgiako irakurgaiek hurreratu gaitue honen esangurara, senideok: ogiaren eskaintza antxinakoa zan, ez da Jesusek sortutakoa, aldi guztien aurretikoa bera izan arren. Gurasoengandik hartutako ezaugarria zala esan daikegu, ba. Eta horixe berori esan deusku san Paulok ere: hauxe hartu dot nire aurretikoengandik: "Jesusek hil bezperan, bere ikasleekin mahaian egoala..."

Baina zer gertatzen da, senideok? "Zeuek emoiezue jaten..." Jesusek ikasleei dinotsenean, honeek ez dakiela zer egin, eta euren ezina besterik ez dabela agertzen. Eskerrak Jesusen esanetara jarten dirana. Hauxe da guk ikasi behar izango geukena, senideok: Jesusen esanetara jartea. Orduan, gitxi daukagula uste izan arren, bakotxak beretzat egiten ahalegindu beharrean, danentzako lain izango dogula uste izanik, banantzen ahaleginduko ginateke.

Hauxe da Caritasen irakatsia, Eukaristiarena, Jesusen inguruan mahai beratan jesarten garenona. Izan daigun gogoan hau debozino guztien gainetik, eta batez ere gurasoengandik hartutako altxorra baztertze eta ostikotze jokeren gainetik.

 


No hay comentarios: