HOMILIA
Senideok: Liturgiak alkarren ondoan jarten deuskuz Joan Bateatzailea eta Nazareteko Jesus. Eta bien familiek dauke alkarren antz ezin handiagoa. Baina badagoz euren artean azpimarragarri lirateken berezitasunak ere.
Joanen jaiotzan aita da erdiko; Jesusen jaiotzan, ama. Joanen aita Zakariasek, elizgizon izan arren, zalantzak agertzen dauz Jainkoaren aurrean: sinismen motelduna da, antza. Maria, alderantziz, Jainkoari oso-osoan eskeinita bizi da; honen sinismena aintzaldu eta goraipatu egingo dau Zakariasen emazte Isabelek.
Aurrerago jota: Joanek, bere bizitzaldian bidea atontzen deutso atzetik datorren Mesiasi. Jesusek bera dala Bidea esango dau, eta Jainkoaren erreinua iragarriko dau, Deabruak uxatuz, gaixoak osatuz, pekatuak parkatuz eta Jainkoaren doaneko salbamena eskeiniz.
Guzti hau aurrean daukagula egin geike gaur, senideok, gure hausnarketa-otoitza. Begiratu deiogun Zakariasi: elizgizona da, baina zalantza artean bizi dau bere jainkozaletasuna. Ez ete dogu geure irudi? Ez ete dogu geuk ere, eliztarrok, gure egunotan, hainbat zalantzaren artean bizi gure sinismena, eta behin baino sarriagotan lotsaz, horrexegaitik? Zakariasen mutu gelditzea ezaugarria zan. Baina zer da gure mututasuna? Guk ez dakigu, eta ez dogu, gure inguruan Jainkoaren barri emoten, edo Jainko esperientziarik zabaltzen; gure familietan, aspaldi danik, ez dago sinismenaren, jainkozaletasunaren transmisinorik; seme-alabek ezin dabe Jainkoaren barri izan gurasoengandik... Jainkoa isilpean baztertuta daukagula esan geike.
Baina, ha ta guztiz ere, senideok, Zakariasen eta Isabelen seme Joanek Mesiasen bideak urratzen jardun eban. Haren jaiotzan askatu egin zan aitaren (Zakariasen) mihina, eta Jainkoa goratzen jardun ebala dinosku irakurgaiak.
Semeak (Joanek), Mesiasen etorrerea gertatzeko, ahots latza eta zemaia (amenazua) erabilten eban, hizkera bildurgarrian, bere aldikoak bihozbarritze bidean jarteko. Ez da izango hori Mesiasen (Nazareteko Jesusen) hizkerea; honek bihozbarritzera deituko dau, baina Jainkoaren aitatasunetik, maitasunetik, errukitik...; gozotasunetik, esan geike. Joanen maisua Zakarias izan zalako, eta Jesusek maistrea bere ama, Maria?
Beste hauxe esan daiteke, senideok: hazia erein ahal izateko, eta harek frutua emon ahal izan daian, lurra, astunduta egon dan edo dagoan lurra, sakon goldatu behar dala eta ongarritu. Hauxe izan zan Joan Bateatzailearen lana. Horrek min emon daike, denboraldi bat eskatu daike, eta iraupena (pazientzia) ere bai. Ba, ea geuretzen dogun Joan Bateatzailearen jaiotza egun hau ospatzean irudi hori geure bizitzarako...
Onartu daigun Jainkoaren Hitzak gure bizitzan egin gura dauan goldaketa lana, mingarria balitxaku ere. Jo daigun otoitzera eta elizkizunetara, gure astia murriztu behar badogu ere; eta baita nagusien katekesira eta sakramentuak ospatzera, ongarri izan dakiguzan...
Ez zalantzarik izan: holango esperientziak askatu egingo dau gure mihina, Jainkoa goresten jardungo dogu eta geure aldiko profeta izango gara. Ez akatsik bakoak; baina bai, Mariaren antzera, norbere apaltasunetik Jainkoaren otsein edo mirabe izan gura dabenak.
Izan daigun, ba, gogoan, Joan Bateatzailearen jaiotza eguna ospatzean: beharrezkoa dogu haren goldaketa lana, Jesusen haziak gure bizitzan frutu emon daiala gura badogu...
No hay comentarios:
Publicar un comentario