2007/04/28

PAZKOALDIKO IV. DOMEKEA /C


ApEg 13, 14.43-52
Sal 99
Agr 7, 9.14b-17
Jo 10, 27-30

HOMILIA

Senideok: Pazkoaldiko IV. domekako ebanjelioak Jesus artzain lez aurkezten deusku. Horrexegaitik deitzen jako Artzain Onaren domekea. Eta, era berean, bokazinoaren domekea, eta bokazinoen alde otoitz egiteko eguna dogu. Gure bihotzean apur bat arakatuko bagendu, senideok, kristaua bokazinoduna dala aurkituko geuke. Hau da: Jainkoak dei egiten deutso gizakiari beragazko hartu-emonetara, eta hartu-emon horreen barri emotera, berbaz eta bizitz-eraz, bere Seme Jesusengan erakusten deuskun lez. Eta Jesusengan sinisten dauanak baiezko erantzuna emoten deutso Jainkoaren deiari; eta bokazinodun lez bizi izango da.

Zu eta ni, senideok, biok gara bokazinodunak. Bateoan iragarri gendun baiezko erantzuna emon gura geutsola Jainkoaren deiari: uko egin geutson pekatu bizikereari, pekatu bide guztiei, eta sinismen bizitzari baietza emonez besarkatu gendun eliz-bizitza eta Jainkoaren hitzaren arauz bizi izatea.

Gaurko lehenengo irakurgaian agertzen jaku hau ondo baino hobeto. Apostoluek (gaurkoan Paulo eta Bernabe agertzen jakuz) adoretsu emoten eben Jesukristoren barri; jarraitzaile asko batzen jakezan; honek bekaitza (edo inbidia) sortuazoten dau orduko judegu eliztarren artean, apostoluen aurka erasoa eratzeraino bekaitza. Apostoluek ez deutse gogor egingo, iragarri baino, Jainkoaren deia eurek ukatzen ebela-ta, agindutakoari jarraituz, jentilengana itzultzen dirala, harei ere Jainkoaren salbamena iragarteko. Eta jentilek pozik hartzen dabe barri hori. Ohartu, senideok!

Zer dago jokoan hemen, senideok? Ez da azken salbamena jokoan dagoena, bigarren irakurgaian argi agertu jaku-ta inork zenbatu ezin-halako enda eta leinu, herri eta hizkuntza guztietatik dagozela aulkiaren eta Bildotsaren aurrean zutunik (hau da: bizirik). Bildotsaren odolak pekatu guztiak garbitu dauz, ba, eta bizidun guztiak aurkezten dira Jainkoaren aurrera, zeruetako kantu ederrean esku hartzeko betiraun guztian.

Jokoan dagoana, ba, senideok, beste hauxe da: Jainkoaren guganako maitasuna, errukia, eta geroko saria Jesukristori esker ezagutzen dogunok, zelan emon geike geure bizitzan honen barri, beste guztiek ere honen pozean bizi izan daitezan?

Hementxe aurkitzen dogu bokazinoa. Baina askok eta askok ez dakielako, beste hainbatek beste ardura batzuk daukezelako ez dabe holan ulertu gura euren bizitza.

Argibide dogu judeguek agertzen daben apostoluen aurkako haserrea, eta eratzen daben erasoa. Eurak sinistunak dira, Moisesen Legeari jarraitzen deutsoe, aginduak betetetik jatorke salbamena..., eta Paulok eta Bernabek desbideratu egin gura dabez euren salbamen bidetik, bide bakarra Jesukristo dala iragarriz; eta hau denentzat gainera: judeguentzat eta atzerritarrentzat, Jainkoak danak dauzelako seme-alaba. Eta judeguok euren burua sinistuntzat eta jainkozaletzat, eta salbamen bidean dagozelakotzat dauken judeguok, uko egingo deutsoe Jainkoaren deiari.

Guk, senideok, apaltasunik handienaz begiratu behar izango geuskio, ba, gure sinistun izateari. Ez gara judeguon antzeko, txarrik ez dogula egiten, eta mezatxoa entzuten dogula, eta sinismeneko arauetatik geuk uste doguzanak geure erara betez lortzen dogula betiko bizia uste badogu? Holan bada, ez dogu Jainkoagandik deirik itxarongo, ez beste ezer, dana daukagulako geure ohituretan.

Baina Jesukristorengan jarten badogu gure uste on osoa, egunero entzungo dogu Jainkoaren deia: alkartzera, Jainkoagazko hartu-emonetara, zerbitzura, parkatzera, Bakea eraikitera, baztertuen eta pobreen ardura hartzera..., Jesusen bizitzan agertzen dana geurean gauzatzera. Horretarako, Idazti Deunetara hurreratu, alkarregazko otoitz gartsua egin eta Eukaristia ospatu, senideekaz, Jesusengan, batasuna lortzeko.

Senideok: benetan litxakigu pozgarria Jesusen jarraitzaile izate hau bokazino lez bizi izatea eta egunero barriztatzea eta alkarregaz ospatzea. Honek bere frutua emoten dau: bokazinodun berriak sortuazoten dauz eta Jainkoaren nahia gure artean gauzatuazoten dau.

Baina, ikusi dogu: Jainkoak dei egiten deusku baina ez gaitu behartuko; geure erantzunaren zain egongo da. Gogoan izan: erantzun hori geure ondoan dagoenak ere behar dau, horrela alkar berotzen eta adoretzen dogulako.

Ze erantzun emon gura deutsozu dei egiten deutsun Jainkoari? Bokazinodunak behar doguz: eskatu deioguzan Jainkoari.


2007/04/20

PAZKOALDIKO III DOMEKEA «C»

HOMILIA

ApEg 5, 27b-32.40b-41
Ag 5, 11-14
Jo 21, 1-19

 

Senideok: Eliz seme-alaba lez gatozanean elizara, bere altzoan senide lez alkartzeko, eta alkarregaz Jainkoa goratzen hasten garanean, gure barrua eta bizitza osoa pozarren jarten da, eta ingurua ere pozarren jarten dau eliz poz horrek. Hauxe da, ba, elizara gatozenean bilatu behar doguna; eta ez bakotxak bere mezatxoa (esaten dogun lez) entzutea, eta kitto.

Ikusi dogu lehenengo irakurgaian bakotxa berera doanean zer gertatzen dan: Farisearrek eta Saduzearrek (lehenengoek sinistu egiten dabe hilen biztuerea; Saduzearrek ez, ostera), euren arrakastea kinkalarrian ikusten dabelako, Berbiztuaren ikasleen irakaskintza dala-ta, euren inguruan gero eta jende gehiago batzen dala-ta, begi-bistatik kendu gura dabez, baina bildur diralako, beste erabagi bat hartzen dabe: ea zigorkadaz astinduz isiltzen dabezan…

Guk oztopoak eta trabak jarri geikeoz Jainkoaren berbeari edo haregazko hartu-emonei, Jesus berbiztuaren barri emo­teari, Jainkoaren izen ederrari aintza eta goresmena emoteari, baina behin eta barriro urtengo dau berezko goralpen honek; gehienetan, gainera, apalenen bizitzatik. Eta, gogoan izan, hobe da Jainkoaren esaneko izatea, gizakien esaneko izteak badakigulako zertara garoazan.

Pazko poztasun argibide izan dakigula 2. irakurgaian azaldu jakun zeru-ikuskizuna: Bildots-eskeiniak, Jesukristo hilak, badauka bere inguruan lurralde eta jendalde guztiak, Jainkoa goresteko, kantu baten batzeko ahalmena. Jainkoaren izen ederra zikintzea baino hobe litzateke ha goratzea, ekintza honek alkartu egingo gindukezelako, eta alkar errespetatzera eta maitatzera eroango gindukezelako.

Ebanjelioan ikusten dogu, senideok, Jesusen indarrak lanerako zelan alkartu geinkezan: arrantzura noa dinoan Pedrori laster erantzuten deutsoe lagunek: bagoaz geu ere zeugaz. Baina ikusten dogu ez dana nahikoa lanerako gogoa etekina atarateko: ez dabe ezer ere batzen gau guztiko lanaz. Baina Jesusen izenean lan eginda… Hori beste gauza bat da! Ez dala egokierarik uste izan arren, arrantzua lortu daiteke.

Senideok: Jesusengan sinisteak begiak zabaltzen deuskuz, eta bihotza irekitzen, gure inguruko arazoak ikusiazoten eta lanean jarten gaitu; onurarik behinenekoa ez da izango etekina, edo arazoa konpontzea, alkartzea bera baino, alkarren ondoan egonez alkarregaz lan egitea baino; eta alkarregazko lan horretan —egon ziur!— Jesus agertuko da alkarregazko lan hori bedeinkatzen, eta uste dan baino etekin handiagoa sortuazoten.

Karitasek gogoratzen deusku gaur gure Gizarteak, ondo-izate gizarte honek, bakotxa berera eta besteen ardura barik diharduan gizarte honek zenbat zakar eta baztertu edo alboratu sortzen dauzan; horreen artean, bizimodu bila dabil Jainkoaren seme-alaba asko eta asko; eta, hainbat, aterpe barik.

Esan daigula geuk ere, ba, Pedroren antzera, banoa lanera, sufritzen dagozenekaz alkartasuna erakustera eta egitera, eta entzun daigula gure inguruan harek entzun eban lez: bagoaz geu ere zeugaz. Izan daigun uste on, Jesus bera ere gure lanera sartuko dala, lan hori bedeinkatuko dauala, eta guk uste dogun baino emonkorragoa bihurtuko dauala.

Urten daigun, senideok, bakotxaren ikuspegi, siniskera eta jokabideetatik. Jo daigun eliz-alkartasunera. Eta izan daitela gure alkar bizitza zeruetan Jainkoa goratzen diharduan kantuen artekoa.

 

2007/04/14

PAZKO II. DOMEKEA /C

 

ApEg 5, 12-16
Ag 1, 9-11a.12-13.17-19
Jn 20, 19-31

 

Senideok: Pazko pozean bizi da Eliza osoa, eta pazko-poz horretara egiten deusku dei bere seme-alaba guztioi. Bizi da Jauna. Hori baino gehiago oraindino: bizitzearen Jaun da eta aginte guztien giltza dauka.

Ozenki iragarri dau hori Agerpena liburuan Joan apostoluak, berak euki dauan ikuskizunaren barri emonez. Baina zer dinosku guri horrek? Hain gitxi!

Senideok: gutariko asko eta askori bost ardura deutso geroko bizitzak, berbizkundeak, Jainkoaren aintzak, eta Liturgian egunotan gauzarik zoragarrien lez aitatu eta ospatzen dan guztiak. Hori baino gehiago, senideok: ez dauke uste horretatik urteteko asmorik. Eta beste guztiok ere gaixo berberak kutsatuta egon geintekez, «bai, gero?» edo «bai, baina...» dinogula behin eta barriro geure ilunpean jarraituz, nork eroanik ez daukagula-ta, lehen danok batera ginoiazela-ta.

Hau etsipena, senideok! Horretan jarraituko ete dogu, Pazko jaiotan esaten eta ospatzen dogunaren kontra? Zer behar ete dogu, edo zer egin ete geike, pazko pozean sartzea gura izan ezkero?

Joanek turuta antzeko oihu ozena entzuten dau bere atzekaldetik jatorkola, eta itzuli, bueltatu, egin behar dau burua. Argi erakusten deusku honek, geure usteetan  jarraitzen badogu, Jainkoagana bueltatzen ez bagara, ezin izango dogula jainko pozetan sartu. Eta zenbatek egin dauan beste poz-iturrien aukerea! Jainkoagandik ez dabe besterik itxaroten, aukeratu dabezan poz-iturrien atseginean ezelango traba barik jarraitzen lagundu deiela baino. Eta sinistuntzat dauke euren burua, hori Jainkoari eskatzen deutsoela-ta.

Bai, ba! Sinismen bizitza ez da erreza, eta gatxago egiten jaku egunotan, bakotxa bere aldetik, besteen ardura barik bizi izateko besteen beharrik ez daukagun egunotan. Gu ebanjelioko Tomasen antzekoak gara: ez gagoz taldean; bakotxak bere kaxa bizi dogu jainko zaletasuna, eta «Jauna ikusi dogu!» dinoskuenei «bai zera!» erantzuten deutsegu, sinisteak bizitz-aldatzea, geure norkerietatik urtenaz talderatzea eta beste gauza asko eskatuko deuskuzelako.

Lehenengo irakurgaiak esan deusku horrek eskatzen deuskuna zer dan: «Fededunak, alkar hartuta, Salomonen aterpean batzen ziran... herriak goratu egiten zituan... Jaunagan sinisten eben lagun barriak gero eta gehiago ugaritzen joiazan...» Zelan salatzen gaituan, senideok, lehenengo sinistun hareen bizikereak. Hareen arteko alkartasunak gaisoak osatzeko indarra eukan, eta sinismenera jendea erakartekoa. Gureak?

Eta ez uste izan apostoluei eta Jesusen beste ikasleei gauzak errez egin jakezenik. Jesusen biztuerea sinistea gatx egin jaken, ez bakarrik Tomasi, beste guztiei ere bai baino: andren gauzak eta ameskeriak zirala uste eben, eta argi dinoskue hori ebanjelioek. Baina beste hauxe ere badinoskue: Jainkoagana bihurtzeak alkartera eta alkartzera garoazela: Jaunaren izenean alkartzeak bere indarra daukala eta bere frutua emoten dauala; frutu hori salbamenerako lagunak irabaztea dala; eta lagunok, Jainko pozean bizi izango dirala, Jainkoa egunero goresten.

Zein hasago gagozen gu gaurko Liturgiak iragarten deuskun egoera honetatik, ezta, senideok? «Jauna ikusi dogu!» bildur barik autortu daien sinitarte bat behar dogu, inguruan daukaguzan eta geure barruan ere badaroagun Tomas dalakoak irabazteko.

Ipini daigun, ba, bakotxak beretik eskatzen jakuna, alkartzeko, gure ahalmenak-eta alkarren zerbitzuan jarteko, eta akatsak eta txarto eginak-eta damutasunez autortzeko, Jainkoak Berbiztuaren Espiritu bizi-emoileaz gidatu gaizan.


2007/03/24

GARIZUMAKO V. DOMEKEA /C


HOMILIA
 

Senideok: Jainkoagan sinisteak gure bizitzeari barrikuntzea emoten deutso, Jainkoak gauza guztiak barri egiten dauzelako. Garizumako V. domeka honek Jainkoaren barrikuntza-agintzarien aurrean jarten gaitu. Ez gakiozan lotu gure lehenari, iraganari, zahartzaroari, lehengoa ahanzten badogu barriro erratu bardinetan jausiko garala uste izanik. Hori ez da Jainkoagan ustea izatea, geure makaltasunen bildurpean bizi izatea baino, euren morroi izatea.

Atara gaitula morrontzatik iragarri deusku lehenengo irakurgaiak: Egiptoko morrontza gogoan hartuz, Jainkoak bere herriagaz egindakoaren arabera, aurrera begiratzeko esan deusku, dana barri egiten dauala-ta.

Hau ulertzeko edo norbere bizitzara eroateko, badakizue zer behar dogun, senideok? Bigarren irakurgaian san Paulori entzun deutsoguna geure jarrera eta aukera bihurtzea.

San Paulok bere ustea Jesukristogan jarri dauanetik, beste ondasun guztiak simaurtzat daukaz, satsa balira lez. Zelango irakatsia emoten deuskun, senideok. Ez dozue uste hauxe sendotasun hau falta jakula guri? Guk bada-ezpada asko daukaguz; guk ez dogu dana bertan-behera itzi eta Jesukristo besarkatu; horrexek galtzen gaitu gu. Holan, geure lehena, iragana daroagu tatarrez, eta bere morrontzan egiten dogu bizimodua.

Bide horretatik zelango egoeratan murgiltzen garan esan deusku ebanjelioak: gure makaltasunak besteengan gaitzestera heltzen gara. Errukarriak! «Zuetarik pekatu barik dagoanak bota beio lehenengo harria!» Baina nor egoan pekatu barik? Danak aldendu ziran... adi!: zaharrenetatik hasita. Eta, ez ete dogu ikasiko? Legea beteteak edo eskeintzariak egiteak salbatzen gaitula uste izango ete dogu oraindino?

Senideok: gure artean asko sufritu dauan asko dago. Eta lehengo zauriak eta sufrimenduak ahaztu ez diralako, beste egoera honetan lehengo jasapen ha (sufrimen ha) besteei jasanazo gura jake, lehen besteak aurrean erabili dabezenei.

Holan bizi izan behar ete dogu, alkar salatzen eta alkarri sufriarazten, lehen eurek egin deuskuela-ta, gaur batzuk eta bihar besteek? Hartu daigun aintzat Jainkoaren barrikuntza gogoa. Jar daigun beragan uste on osoa; sinistu daigun eta, lehena ahaztuz, gertatu gaitezan gizaki barri lez bizi izateko, besteak zor deustanari begiratu barik, besteari zer on egin daikeodan aztertuz.

Jainkoak gizaki barri egiten bagaitu, alkarren pekatuak eta makaltasunak epaituz, alkar hondatzeko barik, alkarri makaltasunak gainditzen laguntzeko da. Honek, senideok, alkar aintzat hartzera garoaz, alkarri harrera on egitera, lehena parkatu eta ahanztera, eta aurrean daukagun geroa errespetuz eta alkarrizketa bidean eraikitzera.

Ez dala zuzena uste izango ete dogu? Zorrak ordaindu egin behar dirala uste ete dogu? Eta, ordaindu ezinak badira? Ez ete da hobe «neuk ere ez zaitut epaitzen; zoaz, eta ez gehiago pekaturik egin» esatea?

Baina hau, ebanjelioa bizitzarako arau lez hartzea litzateke. Honek, San Pauloren erabakiortasuna eskatzen dau: epaia Jainkoaren esku iztea, gizaki barri lez bizi izatea...

Badaukagu zer eskatu gaurko Eukaristian, eta zer emon eguneroko bizitzan. Izan daigula Jainkoa lagun!


2007/03/17

GARIZUMAKO IV. DOMEKEA

Jos 5, 9a.10-12

2Ko 5, 17-21
Lk 15, 1-3.11-32

 
HOMILIA  

Senideok: Garizumako IV. domeka hau San Jose bezperetan jatorku; egun honetan gure Misinoak izaten doguz gogoan, beste elizbarruti batzuetan Seminarioaren eguna ospatzen dabela. Misinoak eta Seminarioa aitatu doguz: zer dinoskue gaur egun batak eta besteak? Ezer bai? Zelan moteldu jakun misino-egarria, eta abadetzarako bokazinoa! Uste dogu izan geintekezela kristinau, Jesukristoren jarraitzaile, abade barik, edo gure sinismena iragarri barik? Jainkoaren bizipena ezin daiteke, senideok, zabaldu barik barruan gorde: usteldu egingo litzateke; lehertu egingo gindukez... Ikusiko dogu ebanjelioan...

Garizuman bihozbarritzeko deia entzuten dogunean, senideok, Jainkoari lepo emonda bizi izatetik, Jainkoari begira bizi izatera aldatu behar dogula ulertu behar dogu. Gaurko Liturgiako irakurgaiek argitu leikigue egoera hau.

Poztasun egun garrantzitsua iragarten deutsola Jaunak Josueren bidez bere herriari, esan deusku lehenengoak: amaitu da Egiptoko morrontza; amaitu da 40 urteko eremua eta hango hotz-beroak, gose-egarriak eta piztien erasoak jasatea... Baina badakigu zer jazoko jaken israeldarrei: lehenengotan Jainkoari eskerrak emon arren, haren ontasuna goralduz (salmoan iragarri dogu hori), hurrengo belaunaldietan Jainkoagaz ahaztu eta senidea astintzen hasiko dira, alkar zapuzten, jainko arrotzak gurtzen... Zer behar dogu hori jazo ez dakigun? Hona salmoan esana: begitu eiozue Jaunari alaitu zaitezen, / zuen aurpegiak lotsatu ez daitezan.

San Paulok, bigarren irakurgaian kristaua sorkari barri dala esan deusku. Kristoren bidez Jainkoagaz adiskidetuta gagozala (gure ezelango irabazi barik), eta adiskidetzeko zerbitzua ezarri deuskula. Bai, senideok? Eskuratu dogu Jainkoak ezarri deuskun zerbitzu hori? Entzun daigun barru-barruan apostoluaren agindua: Jainkoaren izenean eskatzen deutsuegu: adiskidetu zaiteze Jainkoagaz.

Behar bada, ez daukagula adiskidetu beharrik uste izango dogu; hori beste batzuentzako deia dala; eta beste aukera bat gehiago galduko dogu horrela. Hori gertatu ez daiten, senideok, hausnartu daigun apurtxo bat ebanjelioko parabolea. Parabola honen helburua Farisearren eta Idazlarien (orduko eliztarren, esango geuke)  jarrerea salatzea da, bihozbarritu eitezan. Baina hareik euren hondamendian jarraitu gura dabe, antza, Jesusi jaramonik egin barik.

Begira sarreran esandakoa: zergalariak eta pekatariak piloka hurreratu oi jakozan Jesusi entzuten; eta farisearrak eta idazlariak alkarregaz marmarrean hasi ziran. Euren burua ontzat euken farisearrek eta idazlariek Legea ezagutzen eta beteten ebelako. Eta zergalariak-eta eukezan pekataritzat Legea ez ezagutzen ez beteten ez ebelako. Euren ustez, ba, Jainkoak pozik egon behar eban eurekaitik, eta haserre besteekaitik... Baina Jesusek zera dinotse: Jainkoa aita errukiorra dala, eta ez dauala gure meriturik itxaroten gure gainera bere maitasuna isurteko; bere bihotz zabalari harrera eginez erantzun deiogula baino.

Seme txikiak, triskantzak egin ondoren, aitarenetik hasago egotearen ilunpearen eta gosearen, beharraren, eztenkadak somatzean, aitarenean baino hobeto inon ere ez dagoela autortzen dau. Eta damutasunez etxeratzean, berari itxaroten aurkitzen dau aita, beso zabal. Eta ez deutso itziko ondo gertatuta daukan hitzaldia amaitzen. Aitak berak dihardu negar baten semea berreskuratzearen pozez.

Seme nagusia, ostera, Farisearren, Idazlarien eredu dana (eliztarrona esango geuke) ezertan ez da aldendu izan aitaren esanetatik; haren morroi bizi izan da. Baina bihotza gogortu egin jako aitari gogorkeriaz erantzutera heltzeraino, anaiarentzako barrurik ez izateraino. Betekizuna barruan lehertu egin jako.

Gure elizkizunek-eta, otoitzak eta oneraspen ekintza guztiak jarten dauz zalantzan koadro honek. Senideok: kunplimentuak bihotza gogortu egin daike. Danok ezagutzen doguz, geure artean ere, holango egoeratan dagozenak: eliztarrak izan arren, erruki bakoak direnak.

Jainkoak, ba, ez deuskuz hartuko kontuan gure ustezko merituak, gure damutasuna baino, errukia, bere Semeagan adiskidetze bide izan gaitezala. Begiratu deiegun, ba, gure Misinoei eta gure Seminarioari... sumatu daigun geure barruan eurek ozentzen deuskuen orroa; eta aurtortu daigun bai hitzez eta baita egitez ere ondo bizi izatea baino adiskidetzan bizi izatea dala Jainkoaren gogokoago; eta emon daiguzan horretarako pausoak, bai otoitz eginez, bai ebanjelioaren irakurketara hurreratuz eta baita gure ondasunak bananduz ere, hankapetuta dagozan gure senideen beharrizanak geure beharrizan bihurtuz, zati on baten behintzat.



URTEAN GARIZUMAKO IV. DOMEKEA

Jos 5, 9a.10-12
2Ko 5, 17-21
Lk 15, 1-3.11-32
 

 

HOMILIA
  Senideok: Garizumako IV. domeka hau San Jose bezperetan jatorku; egun honetan gure Misinoak izaten doguz gogoan, beste elizbarruti batzuetan Seminarioaren eguna ospatzen dabela. Misinoak eta Seminarioa aitatu doguz: zer dinoskue gaur egun batak eta besteak? Ezer bai? Zelan moteldu jakun misino-egarria, eta abadetzarako bokazinoa! Uste dogu izan geintekezela kristinau, Jesukristoren jarraitzaile, abade barik, edo gure sinismena iragarri barik? Jainkoaren bizipena ezin daiteke, senideok, zabaldu barik barruan gorde: usteldu egingo litzateke; lehertu egingo gindukez... Ikusiko dogu ebanjelioan...
 Garizuman bihozbarritzeko deia entzuten dogunean, senideok, Jainkoari lepo emonda bizi izatetik, Jainkoari begira bizi izatera aldatu behar dogula ulertu behar dogu. Gaurko Liturgiako irakurgaiek argitu leikigue egoera hau.
 Poztasun egun garrantzitsua iragarten deutsola Jaunak Josueren bidez bere herriari, esan deusku lehenengoak: amaitu da Egiptoko morrontza; amaitu da 40 urteko eremua eta hango hotz-beroak, gose-egarriak eta piztien erasoak jasatea... Baina badakigu zer jazoko jaken israeldarrei: lehenengotan Jainkoari eskerrak emon arren, haren ontasuna goralduz (salmoan iragarri dogu hori), hurrengo belaunaldietan Jainkoagaz ahaztu eta senidea astintzen hasiko dira, alkar zapuzten, jainko arrotzak gurtzen... Zer behar dogu hori jazo ez dakigun? Hona salmoan esana: begitu eiozue Jaunari alaitu zaitezen, / zuen aurpegiak lotsatu ez daitezan.

 San Paulok, bigarren irakurgaian kristaua sorkari barri dala esan deusku. Kristoren bidez Jainkoagaz adiskidetuta gagozala (gure ezelango irabazi barik), eta adiskidetzeko zerbitzua ezarri deuskula. Bai, senideok? Eskuratu dogu Jainkoak ezarri deuskun zerbitzu hori? Entzun daigun barru-barruan apostoluaren agindua: Jainkoaren izenean eskatzen deutsuegu: adiskidetu zaiteze Jainkoagaz.
 Behar bada, ez daukagula adiskidetu beharrik uste izango dogu; hori beste batzuentzako deia dala; eta beste aukera bat gehiago galduko dogu horrela. Hori gertatu ez daiten, senideok, hausnartu daigun apurtxo bat ebanjelioko parabolea. Parabola honen helburua Farisearren eta Idazlarien (orduko eliztarren, esango geuke)   jarrerea salatzea da, bihozbarritu eitezan. Baina hareik euren hondamendian jarraitu gura dabe, antza, Jesusi jaramonik egin barik.
 Begira sarreran esandakoa: zergalariak eta pekatariak piloka hurreratu oi jakozan Jesusi entzuten; eta farisearrak eta idazlariak alkarregaz marmarrean hasi ziran . Euren burua ontzat euken farisearrek eta idazlariek Legea ezagutzen eta beteten ebelako. Eta zergalariak-eta eukezan pekataritzat Legea ez ezagutzen ez beteten ez ebelako. Euren ustez, ba, Jainkoak pozik egon behar eban eurekaitik, eta haserre besteekaitik... Baina Jesusek zera dinotse: Jainkoa aita errukiorra dala, eta ez dauala gure meriturik itxaroten gure gainera bere maitasuna isurteko; bere bihotz zabalari harrera eginez erantzun deiogula baino.

 Seme txikiak, triskantzak egin ondoren, aitarenetik hasago egotearen ilunpearen eta gosearen, beharraren, eztenkadak somatzean, aitarenean baino hobeto inon ere ez dagoela autortzen dau. Eta damutasunez etxeratzean, berari itxaroten aurkitzen dau aita, beso zabal. Eta ez deutso itziko ondo gertatuta daukan hitzaldia amaitzen. Aitak berak dihardu negar baten semea berreskuratzearen pozez.

 Seme nagusia, ostera, Farisearren, Idazlarien eredu dana (eliztarrona esango geuke) ezertan ez da aldendu izan aitaren esanetatik; haren morroi bizi izan da. Baina bihotza gogortu egin jako aitari gogorkeriaz erantzutera heltzeraino, anaiarentzako barrurik ez izateraino. Betekizuna barruan lehertu egin jako.
 Gure elizkizunek-eta, otoitzak eta oneraspen ekintza guztiak jarten dauz zalantzan koadro honek. Senideok: kunplimentuak bihotza gogortu egin daike. Danok ezagutzen doguz, geure artean ere, holango egoeratan dagozenak: eliztarrak izan arren, erruki bakoak direnak.

 Jainkoak, ba, ez deuskuz hartuko kontuan gure ustezko merituak, gure damutasuna baino, errukia, bere Semeagan adiskidetze bide izan gaitezala. Begiratu deiegun, ba, gure Misinoei eta gure Seminarioari... sumatu daigun geure barruan eurek ozentzen deuskuen orroa; eta aurtortu daigun bai hitzez eta baita egitez ere ondo bizi izatea baino adiskidetzan bizi izatea dala Jainkoaren gogokoago; eta emon daiguzan horretarako pausoak, bai otoitz eginez, bai ebanjelioaren irakurketara hurreratuz eta baita gure ondasunak bananduz ere, hankapetuta dagozan gure senideen beharrizanak geure beharrizan bihurtuz, zati on baten behintzat.

 

2007/03/10

GARIZUMAKO 3. DOMEKEA /C


Ex 3, 1-8a.13-15
1Ko 10, 1-6.10-12

Lk 13, 1-9

HOMILIA

«¡Bihozbarritzen ez bazaree danok hondatuko zaree! —entzun dogu, senideok, Jesusen ahotik ebanjelioan.

Garizuman zehar behin eta barriro entzungo dogu dei hau. Era honetaraxe emon geutson hasierea Garizumeari: «bihozbarritu zaiteze, eta sinistu Barri Ona». Zer da, orduan bihozbarritzea? Bihozbarritzea Barri Onagaz lotzen dogu: Barri Ona Jesus dogu. Jesusek Jainkoa iragarten deusku. Jainkoaz dogun ustea edo irudia aldatu egin behar dogu, ba, bihozbarritu gura badogu.

Senideok: bihozbarritzea ez da hobeagoa izateko ahaleginak egitea, edo gehiago errezatzea edo mezaren bat edo beste entzutea edo barikuetan okelarik ez jatea... Bihozbarritzea Jainkoak emoten deuskun grazia da; beste inork edo ezerk eragin ezin daikena. Jainkoak nigan egin daiken lana da, bihozbarritzea. Jarri gaitezan, ba, bere esanetara.

Begira zer esan deuskun Paulok: «Gure gurasoak danak egon ziran hodeipean, danek igaro eben itsasoa; eta hodeian eta itsasoan, danek hartu eben Moisesegaz lotzen ebazan bateo bat... Euretariko asko, ostera, ez jakozan atsegin izan Jaungoikoari, eta hilda gelditu ziran basamortuan».

Gu danok egon geintekez sakramentuez inguraturik (bateoa, ezkontza, eukaristia...); baina Jainkoari atsegin gaiakoz? Ezagutu daigun Jainkoa, maitatu ahal izan daigun eta gure bizitza haren atsegineko izan daiten.

Gure arteko askok bertan behera itzi dabe Jainkoagazko hartu-emona. Gizakion txarkeriagaitik edo berezko kalteekaitik sortutako sufrimena ez dauala arintzen Jainkoagazko hartu-emonak edo sakramentuetara hurreratzeak, eta arlo hori denbora galtzea baino ez dala uste dabe. Jainkoak ez gaitu kalteetatik babesten; zertarako dogu kateetatik babesten ez gaituan Jainkoa?

Egia ete da hori? Geure ustea ez ete da guzurra? Begira zelango Jainkoa agertzen deuskuen gaurko irakurgaiek. Lehenengoak, bere herriaren jasapena iruntzi ezin dauan Jainkoa aurkeztu deusku; eta bere egoeratik atarateko buruzagiren baten bila dabilana. Badinotso Jainkoak Moisesi bere herriaren oihua, negarra eta garrasia heldu jakozela eta morrontzatik askatzera jatsi behar dauala... Eta Moisesi emon gura deutso ardura edo eginkizun hori harrigarri jakon dei haretara hurreratu dalako.

Jainkoak alkarren ardurea hartu daigula gura dau, ba; alkarren sufrimendura hurreratu gaitezala, eta ez bakotxa bere kabuz bizi izan daitela, besteen ezelango ardura barik. Behar bada, geuri ez jaku atsegin holango Jainkorik... Baina, hurreratu gaitezan garretan dagoan sasira; sartu gaitezan, oinutsik eta buru-makur Jainkoagazko hartu-emonetara; jar gaitezan bere esanetara... Onartu daigun Jainkoak geu behar gaitula alkarren negarra xukatzeko, hondamenditik alkar atarateko... Jainkoak ez dau hondatzen salbatu baino; baina ¡bere seme-alaben bitartez! Zelan aldatuko eta barrituko ginateken hau ulertuz!

San Paulok aitatu deuskuzan Hodeiak eta Atxak dinoskue zein apala dan Jainkoaren presentzia: babes emoten, gose-egarriak asetzen eta beti bere herriaren esku-eskura, paraje, agertzen dana. Halatan ere, zerk ete daroa herria marmarretara eta heriotz-emoilearen esku jartera? Geure burugogorkeria adierazten dau honek, txarkeriarako jokerea, bihozbarritu beharra.

Pazientzia bakoak gara, eta hasago dogu Jainkoa, gure ondoan egoteak bildurtu egiten gaitulako. Eta holango Jainkoari eskatzen deutsogu, barru barik, erruki barik, gure arerioak-eta akabatu daizala, geuk uste dogun txarkeria garbitu daiala, geure justizia egin daiala...

Begira zelango Jainkoa eta gure zelango jokabidea adierazten deuskuzan ebanjelioko ikondoak. Gure jokabidea Jesusek iragarri deuskuna da: moztu eizu! Zergaitik euki behar dau lurra alperrik? Eta moztu egin doguz Jainkoagazko alperreko deritzegun hartu-emonak, bakarreko otoitza, eukaristia senideekaz ospatzea, eta Jainkoaren zuzenbidean jardutea... Ez dau jokabide honek bihozbarritu beharrik? Marmarra, eta besteak usteltzat jotea ete da jokabide zuzena?

Hortxe daukagu, ostera, itxaroten Mahastizaina, Jesus, ingurua atxurtzeko eta ongarritzeko prest dagoana, beste aukera eta epe luzeagoa emoten deuskuna... Hauxe Jainkoaren jokabidea! Izango ete dau eraginik gugan? Esango ete deutsogu irakatsi deigula senideen sufrimendua entzun-ikusten, eta, Moisesen antzera, bialdu gaizala esango ete deutsogu, gertu gagozela-ta berak uste dauanerako? Ala geuk gura izango dogu bera bialdu, gure usteko kaltegileak akabatu daizan gu eroso bizi izateko?

Soinetik astindu beharra daukagu, senideok, mormoxetak, alperkeriak, uste tentelak... eta hurreratu beharra daukagu; hurreratu harrigarrietara; Jainkoaren deia entzutera; senideak euren morrontzatik eta negar inguruetatik askatzera bialduko gaituan Jainkoaren deia entzutera; merituak eta bikainak izan gaitezela barik (holangoak geuk uste doguz!), pazientzia eskatuko deuskun Jainkoagana; bere Espirituaz landuko gaituanagana.

Merezi ete dau, senideok? Ala Jainkoagazko geure irudi kaxkarretan jarraitu gura dogu, onak saritzen eta gaiztoak zigortzen dauzela uste izaten? Jainkoak ez dau onartzen bere seme-alabak morrontzan egon daitezan; askatu egin gura dauz; baina ez gu barik, geugaz baino; batzuk besteen zerbitzari jarriz. Esan deiogun gertu gagozala; bihozbarritu gaizala!