HOMILIA
Senideok: Jainkoagan sinisteak gure bizitzeari barrikuntzea emoten deutso, Jainkoak gauza guztiak barri egiten dauzelako. Garizumako V. domeka honek Jainkoaren barrikuntza-agintzarien aurrean jarten gaitu. Ez gakiozan lotu gure lehenari, iraganari, zahartzaroari, lehengoa ahanzten badogu barriro erratu bardinetan jausiko garala uste izanik. Hori ez da Jainkoagan ustea izatea, geure makaltasunen bildurpean bizi izatea baino, euren morroi izatea.
Atara gaitula morrontzatik iragarri deusku lehenengo irakurgaiak: Egiptoko morrontza gogoan hartuz, Jainkoak bere herriagaz egindakoaren arabera, aurrera begiratzeko esan deusku, dana barri egiten dauala-ta.
Hau ulertzeko edo norbere bizitzara eroateko, badakizue zer behar dogun, senideok? Bigarren irakurgaian san Paulori entzun deutsoguna geure jarrera eta aukera bihurtzea.
San Paulok bere ustea Jesukristogan jarri dauanetik, beste ondasun guztiak simaurtzat daukaz, satsa balira lez. Zelango irakatsia emoten deuskun, senideok. Ez dozue uste hauxe sendotasun hau falta jakula guri? Guk bada-ezpada asko daukaguz; guk ez dogu dana bertan-behera itzi eta Jesukristo besarkatu; horrexek galtzen gaitu gu. Holan, geure lehena, iragana daroagu tatarrez, eta bere morrontzan egiten dogu bizimodua.
Bide horretatik zelango egoeratan murgiltzen garan esan deusku ebanjelioak: gure makaltasunak besteengan gaitzestera heltzen gara. Errukarriak! «Zuetarik pekatu barik dagoanak bota beio lehenengo harria!» Baina nor egoan pekatu barik? Danak aldendu ziran... adi!: zaharrenetatik hasita. Eta, ez ete dogu ikasiko? Legea beteteak edo eskeintzariak egiteak salbatzen gaitula uste izango ete dogu oraindino?
Senideok: gure artean asko sufritu dauan asko dago. Eta lehengo zauriak eta sufrimenduak ahaztu ez diralako, beste egoera honetan lehengo jasapen ha (sufrimen ha) besteei jasanazo gura jake, lehen besteak aurrean erabili dabezenei.
Holan bizi izan behar ete dogu, alkar salatzen eta alkarri sufriarazten, lehen eurek egin deuskuela-ta, gaur batzuk eta bihar besteek? Hartu daigun aintzat Jainkoaren barrikuntza gogoa. Jar daigun beragan uste on osoa; sinistu daigun eta, lehena ahaztuz, gertatu gaitezan gizaki barri lez bizi izateko, besteak zor deustanari begiratu barik, besteari zer on egin daikeodan aztertuz.
Jainkoak gizaki barri egiten bagaitu, alkarren pekatuak eta makaltasunak epaituz, alkar hondatzeko barik, alkarri makaltasunak gainditzen laguntzeko da. Honek, senideok, alkar aintzat hartzera garoaz, alkarri harrera on egitera, lehena parkatu eta ahanztera, eta aurrean daukagun geroa errespetuz eta alkarrizketa bidean eraikitzera.
Ez dala zuzena uste izango ete dogu? Zorrak ordaindu egin behar dirala uste ete dogu? Eta, ordaindu ezinak badira? Ez ete da hobe «neuk ere ez zaitut epaitzen; zoaz, eta ez gehiago pekaturik egin» esatea?
Baina hau, ebanjelioa bizitzarako arau lez hartzea litzateke. Honek, San Pauloren erabakiortasuna eskatzen dau: epaia Jainkoaren esku iztea, gizaki barri lez bizi izatea...
Badaukagu zer eskatu gaurko Eukaristian, eta zer emon eguneroko bizitzan. Izan daigula Jainkoa lagun!
No hay comentarios:
Publicar un comentario