HOMILIA
ApEg 5, 27b-32.40b-41
Ag 5, 11-14
Jo 21, 1-19
Senideok: Eliz seme-alaba lez gatozanean elizara, bere altzoan senide lez alkartzeko, eta alkarregaz Jainkoa goratzen hasten garanean, gure barrua eta bizitza osoa pozarren jarten da, eta ingurua ere pozarren jarten dau eliz poz horrek. Hauxe da, ba, elizara gatozenean bilatu behar doguna; eta ez bakotxak bere mezatxoa (esaten dogun lez) entzutea, eta kitto.
Ikusi dogu lehenengo irakurgaian bakotxa berera doanean zer gertatzen dan: Farisearrek eta Saduzearrek (lehenengoek sinistu egiten dabe hilen biztuerea; Saduzearrek ez, ostera), euren arrakastea kinkalarrian ikusten dabelako, Berbiztuaren ikasleen irakaskintza dala-ta, euren inguruan gero eta jende gehiago batzen dala-ta, begi-bistatik kendu gura dabez, baina bildur diralako, beste erabagi bat hartzen dabe: ea zigorkadaz astinduz isiltzen dabezan…
Guk oztopoak eta trabak jarri geikeoz Jainkoaren berbeari edo haregazko hartu-emonei, Jesus berbiztuaren barri emoteari, Jainkoaren izen ederrari aintza eta goresmena emoteari, baina behin eta barriro urtengo dau berezko goralpen honek; gehienetan, gainera, apalenen bizitzatik. Eta, gogoan izan, hobe da Jainkoaren esaneko izatea, gizakien esaneko izteak badakigulako zertara garoazan.
Pazko poztasun argibide izan dakigula 2. irakurgaian azaldu jakun zeru-ikuskizuna: Bildots-eskeiniak, Jesukristo hilak, badauka bere inguruan lurralde eta jendalde guztiak, Jainkoa goresteko, kantu baten batzeko ahalmena. Jainkoaren izen ederra zikintzea baino hobe litzateke ha goratzea, ekintza honek alkartu egingo gindukezelako, eta alkar errespetatzera eta maitatzera eroango gindukezelako.
Ebanjelioan ikusten dogu, senideok, Jesusen indarrak lanerako zelan alkartu geinkezan: arrantzura noa dinoan Pedrori laster erantzuten deutsoe lagunek: bagoaz geu ere zeugaz. Baina ikusten dogu ez dana nahikoa lanerako gogoa etekina atarateko: ez dabe ezer ere batzen gau guztiko lanaz. Baina Jesusen izenean lan eginda… Hori beste gauza bat da! Ez dala egokierarik uste izan arren, arrantzua lortu daiteke.
Senideok: Jesusengan sinisteak begiak zabaltzen deuskuz, eta bihotza irekitzen, gure inguruko arazoak ikusiazoten eta lanean jarten gaitu; onurarik behinenekoa ez da izango etekina, edo arazoa konpontzea, alkartzea bera baino, alkarren ondoan egonez alkarregaz lan egitea baino; eta alkarregazko lan horretan —egon ziur!— Jesus agertuko da alkarregazko lan hori bedeinkatzen, eta uste dan baino etekin handiagoa sortuazoten.
Karitasek gogoratzen deusku gaur gure Gizarteak, ondo-izate gizarte honek, bakotxa berera eta besteen ardura barik diharduan gizarte honek zenbat zakar eta baztertu edo alboratu sortzen dauzan; horreen artean, bizimodu bila dabil Jainkoaren seme-alaba asko eta asko; eta, hainbat, aterpe barik.
Esan daigula geuk ere, ba, Pedroren antzera, banoa lanera, sufritzen dagozenekaz alkartasuna erakustera eta egitera, eta entzun daigula gure inguruan harek entzun eban lez: bagoaz geu ere zeugaz. Izan daigun uste on, Jesus bera ere gure lanera sartuko dala, lan hori bedeinkatuko dauala, eta guk uste dogun baino emonkorragoa bihurtuko dauala.
Urten daigun, senideok, bakotxaren ikuspegi, siniskera eta jokabideetatik. Jo daigun eliz-alkartasunera. Eta izan daitela gure alkar bizitza zeruetan Jainkoa goratzen diharduan kantuen artekoa.
No hay comentarios:
Publicar un comentario