2007/01/27

URTEAN ZEHARREKO III. DOMEKEA (C)

 

HOMILIA

     Senideok: hona hemen gaurko liturgia ospatzean gure buruari egin geikeon galderea: ze eragin dau nire bizitzan Jainkoaren berbeak? Guk sinisten dogun Kristo Jainkoaren Berba gizon egina dala dinogu; eta gaur liturgian mahai erdira jatorku Jainkoaren berbea, hasi lehenengo irakurgaitik eta ebanjelioraino, Salmotik igaro ondoren.

     Eraginkorra dala Jainkoaren berbea dinosku. Eta guk, senideok, berbea baino irudia dogu gurago, irudi batek ehun berbak baino gehiago balio dauala esateraino helduz. Berbea bere esanguratik hustu egin dogula esan gura dau horrek. Eta ezer ez balitz lez gelditzen gara, gainera... Zakar ontzira bota dogu gure sinismenaren oinarria eta muina, eta gu ezer ez balitz lez gelditu gara. Zelan esan geike sinistun garala? Geuk emoten deutsogu "titulu" hori geure buruari; baina zerk dino gu sinistun garela, hau da: gure sinismena eta gure bizikerea, guk dinoguna esan, eta guk egiten doguna, bat datozela? Besterik ezean, ikasiko bagendu, behintzat... Baina ez da erreza.

     Lehenengo irakurgaian herri baten poza eta herri osoaren pozaren-pozezko negar malkoak emon jaku ezagutzera, eta herri osoak egiten dauan jaia. Erbestean egoan herri harek, Jainkoaren Legea ahaztuta eukan herri harek, bere lurraldera itzultzerakoan, Jaunaren Legeko Liburua aurkitzen dau haren Jauretxe inguruan. Berba ha entzuteko pozez eta egarriz, orduak emoten dauz ekintza horretan; gogotsu entzuten dauz Legeko berbak. Konturatzen da, gainera, azalpenak-eta behar dauzala ha ulertzeko, eta gogotsu hartzen dauz azalpenok. Herri ha, senideok, erbestea jasanda bere lurraldera itzultzerakoan, Jainkoaren egarri da, eta negar arteko pozez besarkatzen dau ahaztuta, galduta euki dauan, eta orain berreskuratu dauan Jainkoaren Legeko liburua. Zenbat daukagun ikasteko, senideok!

     Begiratu deiogun ebanjelio txatal honetan emoten jakun Jesusi: entzun deiogun: «Gaur bete da orain entzun dozuen Liburu Santuko berbea». Jesusek bere gain hartzen dau profetearen ahoz esandako iragarkia: «berak igurtzi nau, behartsuei barri ona emoteko». Jesusengan egin egiten da esana; harengan berbea ez da hitz hutsa, hitz gauzatua baino. Jesusengan ezin esan geike mila berbak baino gehiago balio dauala irudi batek, Jesusen berbea berba baliokoa dala baino. Ez ete dogu amesten hauxe berau gure bizitzarako, senideok? Hondo bako berbakoak izango ete gara? Berbea iraintzeko edo madarikatzeko edo biraotarako erabiliko ete dogu?

     Bateoan Jesukristogan ezarriak izan garanok, Kristoren gorputzeko atal garala esan deusku Paulok Korintoarrei egindako gutunean. Ez ete doguz aintzat hartuko haren berbak? Kristoren gorputzeko atal lez, senideok, hartu daigun aintzat Jainkoaren berbea; ikasi daigun Idazti Deunetara hurreratzen, Jainkoaren Hitza irakurten eta geure hitz bihurtzen. Eskatu daigun abadea hitzaren testigu izan daitela, eta iragarri deigula berbea pozaren pozez negar ereiteko eran. Egin deiogun harrera on iragarten jakun Jainkoaren berbeari, berba hori geure bizitzan gauzatzen ahaleginduz...

     Ez dozue uste Jainkoaren berbearen arabera jarriko bagina Barri Ona iragarriko geukela, gure barruan dagoan ontasuna azaleratuko geukela, eta alkartasunari eta bakeari bideak zabalduko geuskiezela?

     Baietz uste dot, holantxe uste dogula. Baina ez dogu urratsik ere emoten. Zerk lotzen gaitu, estutzen eta menpean hartzen?

     Katiguei askatasuna eta itsuei ikusmena iragartera bialdua izan dan Jesusi eskatu deiogun zabaldu deiguzala begiak, askatu gaizala morrontza guztietatik Jaunaren grazi-urtean bizi izateko.

     Hau, senideok, ez da berez datorren gauza bat; Jainkoak gugana egiten dauan bidea egin behar dogu geure aldetik beragana. Eta ez da bakarrean egiteko ibilbidea, bakarka, bakotxak bere aldetik, san Paulok ondo esan deuskun lez. Baina guk, sinismen arloan beste edozeinetan baino gehiago, bakotxak bere bidetik eta besteengandik aldenduta jokatu gura dogu.

     Izango ete dau berba haragituak gu aldatzeko indarrik? Badauka indarra, senideok. Baina ez gaitu behartuko. Izan gogoan!

 

No hay comentarios: