HOMILIA
Urte Barri on opa deutsuet guztioi, lehenengo ta behin. Eta eskerrik beroenak emoten deutsuedaz, Eukaristiaren mahai-inguruan, edo bizi-bizian, edo Euskal Telebistaz alkartu zareen guztioi, bertokoak izan edo baita kanpokoak ere; hur-hurrekoak edo asaukoak zareela. Ondo etorri guztiok, eta eskerrik asko, Eukaristian alkar berotzen ta adoretzen dogulako.
Urte barri baten aurrean gogo ta barru ona agertzen dogu, eta zoriona opa deutsogu alkarri; eta ez azaletik, gainera, barru-barrutik baino, gogorik onenaz eta zintzotasunik handienaz.
Baina alkarri zoriona opa badeutsogu, ez dagoelako izango da; edo, bada, handiagoa ta ugariago gura dogulako: beti gehiago, beti ugariago, beti harutzago... Noiz arte, edo zenbatera arte, edo noraino, baina?... Ezagutzen ete dogu gure neurria edo gure mugak?
Eta Urte Barriari eskatu behar deutsogu ezer, ala Urte Barri bat bizidunek dogun aukera barri bat dogu? Zer ete dinosku honetaz gure inguruak, gure aldiek, eta ospatzen dihardugun Eukaristian iragarritako Jainkoaren Berbeak?
Begira, senieok: Asiako eki-hegoaldea lur-ikareak eta itsas-ikareak hondatuta geratu da. Hainbeste milaka giza seme-alaba, eta pobre ta baztertuenetarikoak gainera hil dira; eta miloika dira kaltetuak. Batek baino gehiagok Jainkoa errudunduko dau; zein gitxik autortu ahal izango dauan gizakiaren makaltasuna, ez-jakina eta alkarren beharrizana!
Gure artean, politika mailan, hain gitxik uste izan dauana gertatu da: delako «Ibarretxeran Palana» onartua gertatu da, eta batzuk pozez zoratzen dagoz, beste batzuk euren hondamena-edo heldu dala uste daben artean...
Batek garaile urten gura badau, bestea hondatu egin behar dauala uste dogu bizikera honetan. Baina halan ete da?
Jainkoak bedeinkatu egiten gaitu, eta alkar bedeinkatu daigula gura dauala iragarri deusku lehenengo irakurgaiak. Salmoan errukia ospatu dogu eta eskatu deutsogu Jainkoari; eta haren Espirituak gure barruan hari «Aita!» deitzera garoazela gogoratu deusku Paulok... Berba horreen aurrean ezin ete geintekez esker oneko agertu?
Ebanjelioak iragarri deusku esker oneko agertzeko eta izateko zer behar dogun: apaltasuna, gertutasuna, norberenetik urteten jakitea, bestearen beharra somatzea... Jainkoagandik itxaroten jakitea, artzainen irudian.
Mariaren amatasuna ospatzen dogun Urtearen Lehenengo egun honetan, hauxe berau ikusten dogu Mariagan: Jainkoaren entzule izaten jakin ebala, hari erantzuteko gertu egoala, eta beretik urten eta jainko-poza Isabeli eroaten jakin ebala, bere erantzun baikorrak munduari Salbatzailea erditu eutsola.
Senideok, ba: Urte Barriak, Bakearen eskariaz eta alkarri zorionak opatuz hasten dogun Urte Barriak, gure makaltasunak eta mugak autortzeko aukerea emoten deusku, baina geu gara autortu behar dogunak. Alkar bedeinkatzeko ta alkarri laguntzeko aukerea emoten deusku; baina geu gara onespena zabaldu eta alkarrengana lagun lez hurreratu behar dogunak. Eta Jainkoaren entzule eta bihotz ta barru gertuko izateko aukerea emongo deusku; baina geu gara entzuten jakin behar dogunak eta haren Espirituaren arabera jokatu behar dogunak.
Aprobetxatu daigun lehenengo egunerik aukera hau, eta barriak etorriko dira. Entzun daigun Asia hego-ekialdeko garraxia, eta gure Parlamentuko zaratak, eta baita geure etxean sortzen direnak ere, auzoan eta herrian bertan; azaldu daigun gure gertutasuna, eta gure ahotiko hitzak Jainkoa gorestekoak izango dira, eta gure ondokoei eta asaukoei ere laguntzeko gertutu egingo gaitu haren Espirituak.
No hay comentarios:
Publicar un comentario