2007/01/27

JAUNAREN AGERKUNDEA (ERREGEN)


HOMILIA

 

     «Jagi zaitez eta argitu, Jerusalen, badator zure argia; zure gainean ageri da Jaunaren aintza... Hori ikustean, gainezka poztuko zara; harritu eta zabaldu egingo jatzu bihotza»...

     Holango berbak entzutean, senideok, zer somatzen (edo sentitzen) dogu barruan?

     Ames-gaua izan dogu igarotakoa. Esnatzean (itzartzean, akordatean) erregaloak ikustean, arazo eta atsekabe guztiak aldendu dirala aurkitu ete dogu? Argi dago ezetz! Honen aurrean, batzuen aukerea "dana guzurra!" —esatea da; beste batzuk, horraitino, "bai, baina polita da; egun bat baino ez bada ere, aprobetxatu daigun" —esango dabe; eta urtero ahaleginduko dira ames eta negozio gaua barriztatzen.

     Hori aurrean, hartu daiguzan gogoan san Paulok esandako berbok: «Entzun dozue, Jainkoaren grazia zuen artean zabaltzeko eginkizuna emon jatala...» Jainkoaren grazia, ba, senideok, profeteak iragarritako argia, eta handik zabaltzen dan poztasuna, ez dira bat-batekoak eta kito; landu beharreko eginkizuna da; gaueko ilunpeetatik egunsentia sortzen dan antzera, astiro, ia igarri ere egin barik datorren antzera... Badakigu gero eguzkiak oso-osoan argituko gaituana, laino baltzen batzuk estaltzen ez bagaitue... Zergaitik ez doguz, ba, berbok itxaropen bardinaz hartuko, eta, san Pauloren antzera, bere esanetara jarriko? Geuk hartu behar dogu Jainkoaren grazia zabaltzeko eginkizuna. Neketsua da, oztopo handiak aurkitzen dauz; baina ez da amets hutsa, Jainkoak bere Semearen oinordekide egin gaitulako. Aintzat hartu geike edo guzurtzat jo...

     Goazen ebanjeliora, senideok, hori ulertzeko. Oinordekidetasun hori ez jaku emoten odolez: ez doa berez gurasoengandik seme-alabengana; ez jaku emoten ez eta ezaugarri hutsez ere: bateatu dogu umea, edo ezkondu da elizaz, edo lur-emon aurretxoan hildakoa elizara eroan dogu, edo emon deutsoguz elizakoak hil aurretxoan, eta kito. Ez senideok: oinordetza ez da magia hutsa (aztikeria), sinismenaren erantzuna baino. Elizkizunen ilunpetan egozan Jerusalengo Abade Nagusiak eta Idazlariak eta herri osoa, eta itxaroten eben Kristoaren jaiotzearen barriak dardaratan jarri ebazan.

     Magoek, ostera, bilatzen eta arakatzen eta aztertzen diharduelako, zeozer aurkitzen dabe; ez dauke dana argi, baina bidean jarten dira euren ziurtasunak eta erosotasunak alde batera itzita. Eta arrisku artean abiatzen dira; luzea da bidea, galdetu egin behar dabe, ilunpeak ere aurkituko dabez, eta inoiz guzur artean egin behar izango dabe aurrera. Baina Jainkoak ez dauz bertan behera itziko. Eta euren ames eder guztiak eta zalantzatan jarritako guztia Ume Jainkoaren oinetan ipini ahal izango dabe. Haxe rerregalua!

     Hortxe dago batzuen eta besteen arteko aldea, senideok: batzuk dana guzurtzat joko dabe, eta eurenean eta besteak salatzen ekingo deutsoe. Beste batzuentzat, guzurra izan arren, polita ere badala-ta, negoziorako unea izan daitekela-ta, etekin arrazoi izango da... Baina badagoz Jainkoaren aztarnak bilatzen dabezenak ere, eta euren ziurtasun guztiak eta erosotasunak eta ondasun guztiak jokoan jarteko gertu dagozenak; bilakatze horren helburua ez dalako ames-gautxo bat, edo ondasun ugariago pilatzea, Jainkoa bera gurtzea eta haren argitasunean bizi izatea baino.

     Honek emoten dauan poza, senideok, ez da bakotxak bere barruan gorde ahal izateko modukoa; gainez egiten dau, eta erakutsietan, erregaloetan gauzatuko da; autormen egitean. Bere bideak bilatuko eta aurkituko dauz; eta beste bide batetik joan ziran euren lurraldera, barri on honen zabaltzaile eta autorle bihurtuz.

     Geuri eskeintzen jakun barri on da, senideok. Guzurtzat edo amets polit izan balitz lez itziko ete dogu?

 

No hay comentarios: