2007/01/27

URTEAN ZEHARREKO IV. DOMEKEA (C)

 

HOMILIA

Senideok: Ume Misiolarien eguna ospatzen dau Eliza osoak egun honetan, misio lurraldeetako umeen egoereaz eta, batez ere, Hirugarren Munduko umeen egoereaz arduratuta.

Mundu honen alderdi aberatsean bizi garanok hasago bizi gara Munduaren alderdi pobrean sufritzen dan egoeratik. Gure sinismenak, horraitino, begi-belarriak, baina batez ere bihotza, ondo zabalik eukitea eskatuko deusku. Entzungo ete dogu Jainkoak egiten deuskun deia eta eskaria?

Ez uste izan erreza danik. Entzun dogu lehenengo irakurgaian Jainkoak Jeremias profeteari esandakoa?: «Lotu eizu, ba, gerria; zoaz, eta esaiezu nik agintzen deutsudana. Ez izan hareen bildurrik. Burrukan egingo deutsue, baina ez zaitue menperatuko...» Zelango oztopoak aurkitzen dauzan Jainkoaren gizonak haren aldetiko berbak iragartean! Zer esan gura dau honek?

Ebanjelioan argitzen deusku Lukas ebanjelariak Jesusen bizitzako gertakari bateaz: bere herrikoek, Jesusi harrerea txaloka egin deutsoenek, handik gitxira Sinagogatik kanpora atara eta trokan behera bota gura dabe. Zer dala-ta? «Han egin ei dozuzanak egizuz hementxe ere...» Non-ze-barri hutsak gara! Gauza harrigarriak ikusteko egarriz bizi gara, baina ez Jainko egarriz. Sinagogara joan, Jainkoaren legeko eskakizunak entzun eta errezatu egiten dabela-ta Jainkoa euren alde dagoala uste dabe. Eta Jesusek begiak igiri azoten deutsenean, Jainkoak erbesteko behartsuei lagundu eutsela gogoratzen deutsenean, holangorik ez dabe entzun gura, eta ea arotz xume bat nor dan Jainkoaren izenean hitz egiteko euren lege maisu eta idazlarien gainetik aurpegiratuko deutsoe.

Adi, senideok! Jesusek bertanbehera itziko dauz herritarrak, han sinismenik aurkitzen ez dauala-ta. Zelan epaituko ete geuke Jesusen jokabidea? Ala, Jesusena barik, geurea da epaitu eta zuzendu beharrekoa?

Jainkoak profeteari esandako hitzetan aurkitzen dogu haren aurrean ez dogula meriturik egin behar; ez dogula irabazi beharrik; jaio aurretik eta irabazten hasi aurretik gaukaz-eta aukeratuta, eta gugan uste ona jarrita dauka bere berbea zabaldu daigun, bera ezagutzera emon daigun.

Baina, holan ulertzen doguz, senideok, Jainkoagazko gure hartu-emonak? Ez, senideok! San Paulok argitu deusku egin dogun bigarren irakurgaian: Txikia nintzanean, ume lez hitz egiten neban... Orain nagusi naz, eta nagusi lez... Zer egiten dogu umetan? Eskatu eta eskatu, eten barik eskatu; eta emon egin behar dogunik pentsatu ere ez. Eta gurasoek emon egiten deuskue (nagusi dira), umeengandik ezer itxaron barik. Baina gurasoek ardura bidean jarriko dabez euren umeak, eurengandik maitasun erantzuna itxaronez.

Zelan erantzuten dabe umeek zeozer eskatzen edo ukatzen jakenean? Ikusi dogu ondo baino hobeto ere bai lehenengo irakurgaian eta baita ebanjelioan ere.

Goazen, ba, bigarren irakurgaira. Eta Paulori entzunez, hartu daigun nagusi izateko, eta nagusi lez jokatzeko, erabagia. Horixe eskatu deiogun Jainkoari: bere maitasunaz jantzi gaizala. Maitasuna da beste karisma guztiak garatzeko behar daben altzoa; ez da, ba, beste karisma bat. Ha barik karismak ez dira hitz huts edo putz baino. Esan deusku Paulok zelan jokatzen dauan eta zer eragiten dauan maitasunak: ez dau bererik bilatzen, besteen ona baino.

Eta, senideok, gaur gure Elizeak Misino lurraldeetako umeen egoereari begiratzeko dinosku. Gure aberastasunak, bai materialak eta baita espiritualak ere, eurekaz banantzen jakin daigula. Besteen egoereari begiratzen ikasi daigula. Hori Jesusek irakasten deuskuna da, eta eskatzen deuskuna. Ez daigun, ba, ume lez jokatu, etenbako eskale lez. Jokatu daigun nagusi lez, maitasunez, aurrean erabiliak bagara ere; inguruetatik botaten bagaitue ere... Honetan bai lagunduko deuskula Jainkoak; izan daigun argi.

 

URTEAN ZEHARREKO III. DOMEKEA (C)

 

HOMILIA

     Senideok: hona hemen gaurko liturgia ospatzean gure buruari egin geikeon galderea: ze eragin dau nire bizitzan Jainkoaren berbeak? Guk sinisten dogun Kristo Jainkoaren Berba gizon egina dala dinogu; eta gaur liturgian mahai erdira jatorku Jainkoaren berbea, hasi lehenengo irakurgaitik eta ebanjelioraino, Salmotik igaro ondoren.

     Eraginkorra dala Jainkoaren berbea dinosku. Eta guk, senideok, berbea baino irudia dogu gurago, irudi batek ehun berbak baino gehiago balio dauala esateraino helduz. Berbea bere esanguratik hustu egin dogula esan gura dau horrek. Eta ezer ez balitz lez gelditzen gara, gainera... Zakar ontzira bota dogu gure sinismenaren oinarria eta muina, eta gu ezer ez balitz lez gelditu gara. Zelan esan geike sinistun garala? Geuk emoten deutsogu "titulu" hori geure buruari; baina zerk dino gu sinistun garela, hau da: gure sinismena eta gure bizikerea, guk dinoguna esan, eta guk egiten doguna, bat datozela? Besterik ezean, ikasiko bagendu, behintzat... Baina ez da erreza.

     Lehenengo irakurgaian herri baten poza eta herri osoaren pozaren-pozezko negar malkoak emon jaku ezagutzera, eta herri osoak egiten dauan jaia. Erbestean egoan herri harek, Jainkoaren Legea ahaztuta eukan herri harek, bere lurraldera itzultzerakoan, Jaunaren Legeko Liburua aurkitzen dau haren Jauretxe inguruan. Berba ha entzuteko pozez eta egarriz, orduak emoten dauz ekintza horretan; gogotsu entzuten dauz Legeko berbak. Konturatzen da, gainera, azalpenak-eta behar dauzala ha ulertzeko, eta gogotsu hartzen dauz azalpenok. Herri ha, senideok, erbestea jasanda bere lurraldera itzultzerakoan, Jainkoaren egarri da, eta negar arteko pozez besarkatzen dau ahaztuta, galduta euki dauan, eta orain berreskuratu dauan Jainkoaren Legeko liburua. Zenbat daukagun ikasteko, senideok!

     Begiratu deiogun ebanjelio txatal honetan emoten jakun Jesusi: entzun deiogun: «Gaur bete da orain entzun dozuen Liburu Santuko berbea». Jesusek bere gain hartzen dau profetearen ahoz esandako iragarkia: «berak igurtzi nau, behartsuei barri ona emoteko». Jesusengan egin egiten da esana; harengan berbea ez da hitz hutsa, hitz gauzatua baino. Jesusengan ezin esan geike mila berbak baino gehiago balio dauala irudi batek, Jesusen berbea berba baliokoa dala baino. Ez ete dogu amesten hauxe berau gure bizitzarako, senideok? Hondo bako berbakoak izango ete gara? Berbea iraintzeko edo madarikatzeko edo biraotarako erabiliko ete dogu?

     Bateoan Jesukristogan ezarriak izan garanok, Kristoren gorputzeko atal garala esan deusku Paulok Korintoarrei egindako gutunean. Ez ete doguz aintzat hartuko haren berbak? Kristoren gorputzeko atal lez, senideok, hartu daigun aintzat Jainkoaren berbea; ikasi daigun Idazti Deunetara hurreratzen, Jainkoaren Hitza irakurten eta geure hitz bihurtzen. Eskatu daigun abadea hitzaren testigu izan daitela, eta iragarri deigula berbea pozaren pozez negar ereiteko eran. Egin deiogun harrera on iragarten jakun Jainkoaren berbeari, berba hori geure bizitzan gauzatzen ahaleginduz...

     Ez dozue uste Jainkoaren berbearen arabera jarriko bagina Barri Ona iragarriko geukela, gure barruan dagoan ontasuna azaleratuko geukela, eta alkartasunari eta bakeari bideak zabalduko geuskiezela?

     Baietz uste dot, holantxe uste dogula. Baina ez dogu urratsik ere emoten. Zerk lotzen gaitu, estutzen eta menpean hartzen?

     Katiguei askatasuna eta itsuei ikusmena iragartera bialdua izan dan Jesusi eskatu deiogun zabaldu deiguzala begiak, askatu gaizala morrontza guztietatik Jaunaren grazi-urtean bizi izateko.

     Hau, senideok, ez da berez datorren gauza bat; Jainkoak gugana egiten dauan bidea egin behar dogu geure aldetik beragana. Eta ez da bakarrean egiteko ibilbidea, bakarka, bakotxak bere aldetik, san Paulok ondo esan deuskun lez. Baina guk, sinismen arloan beste edozeinetan baino gehiago, bakotxak bere bidetik eta besteengandik aldenduta jokatu gura dogu.

     Izango ete dau berba haragituak gu aldatzeko indarrik? Badauka indarra, senideok. Baina ez gaitu behartuko. Izan gogoan!

 

URTEAN ZEHARREKO II. DOMEKEA (C)


HOMILIA

 

     Senideok: izango litzateke trena tren, trenbide barik? Zelangoa, baina? Eta automobila automobil, bolante barik? Edo itsasuntzia itsasuntzi, lema barik? Zelangoak, baina? Eta hibaia hibai, ubide barik? Izan ete daiteke gizakia gizaki, Jainko barik? Zelangoa, baina?

     Sinismena, edo jainkozaletasuna krisian dagoala dinogu. Baina ze sinismen edo ze jainko irudi? Ez ete dogu gizakiok, eta batez ere elizgizon eta etxe gurasook, geure komenentziako jainko irudi bat emon? Eta ez ete dago irudi horixe, baina ez Jainkoa bera,  kinkalarri edo krisian?

     Zer gara gu, gizakiok, Jainko barik? Gu garan musika partitura hau beste nork interpretatu ahal izango dau bere egile dan Jainkoak baino hobeto? Uste al dogu soinu ederragoa eta erakargarriagoa atara leiola beste artistaren batek? Arinkerietan dabilanak, behar bada, beste edozein maisuren eskuetan ere halamoduko soinua atarako leuke; baina, bere aberastasun guztiak azalera atara gura dauanak, bere onurea edo ontasunak besteen aberasgarri izan daitezan, honek benetako maisu artista behar izango dau.

     Jo daigun eguneko irakurgaietara hori ulertzeko edo geuretzeko. Pozgarriak eta lirainak ere bai lehenengo irakurgaian Isaias profetearen ahotik entzundako berbak: «...ez naz isilduko, Jerusalenen maitez ez naz geldi egongo, harik eta Haren zuzentasuna distira lez argituko dan arte». Jainkoa ez dago lo edo geldi, edo gutaz ahaztuta. Geuk urten dogu ubidetik, edo trenbidetik, edo bota doguz bazterrera bolantea, edo lemea..., askeagoak edo geuagoak izango garalakoan. Baina ikusten dogu, geure burua zenbat eta gehiago bilatzen dogun, eta hurko laguna ahazten, hainbat eta basatiagoak egiten garala; neu nausi edo musturrak hausi legepean jausten garala.

     Jainkoak bere Espirituaz aparteko dohain eta ahalmenez jantzi gaitula esan deusku Paulok, eta dohainok alkarren onerako dirala; baina zein gatx egiten jakun hori gauzatzea! Apaltasun handia behar da ezelango ordainik ez eskatzeko, edo, esker onik ere hartu ez-eta, horretantxe jarraitzeko... Zer ete da lore eder usaintsua, nork ikusi-usaindu eta mirestu leikeanik ez balego? Zer ete litzateke amaren bihotza eta emongurea nork hartu ez balego? Hobe ete leuke amak beretzat gordetea bere onurea, edo lore ederrak bere kolore-usain miresgarriak, eskertuak ez direlako?

     Horra hor Itun Zaharreko eta Itun Barriko Jainkoaren aldea. Itun Zaharrekoa Sortzailea eta Salbatzailea zan. Itun Barrikoa hori ere bada, baina Jesusek Jainkoaren bihotza azpimarratzen dau, haren errukia (erraiak) eta haren maitasuna; gizaki guztiok beragazko hartu-emon gozoetara deitzen gaituan Aita/Ama.

     Lehengo irudietan eta handik gura ez urten-eta bagagoz, ezin ulertu ahal izango dogu hau. Eta zenbatek gura dauan jarraitu ondo ezagutzen dauzan irudiotan! Baina Jesusek ezkontzako jainko poztasunera deitzen deusku; baztartu daiguzala orain arteko errezu, praktika, jainko bildur eta zeru ordain edo irabazte meritu  harrizko ontzi hutsak, eta sartu gaitezela ebanjelioa, Barri Ona, dan ardao barri gozo apartsua dastatzera. Zerua irabazte ahaleginetatik urten, eta Aita/Ama dogun Jainko bihotzaz gozamen izan daigula.

     Zenbat aldakuntza eskatzen dauzan honek!: gure ulerkeretan, otoitz moldeetan eta usteetan. Bildur ete gara behar doguzan aldakuntzak egiteko? «Ez da hori, ez dakigula baino!» Eta, hori dala-ta, lehengoan jarraituko dogu? Horra hor zer eskatu behar dogun: Katekesia, Hitzaren azalpen eta Ospakizunak, hezkuntza, alkarregaz egotea...

     Bilatu daigun horixe, senideok. Hau da: jarri daigun geure ura (gogoa, ahalegina, ahalmenak...), Jesusek Itun Barriko ardao gozo bihurtuko deusku-ta; ez daigun gorde galduko dogunaren bildurrez, galduta dago-ta.

 

JAUNAREN BATEOA

 

(Homilia)

 

     Senideok: bateoaz dihardugu. Zer eragin izan dau gure bizitzan Bateoak? Izan daigun autortzeko adorea: hain gitxi edo ezer ere ez... Zenbat ez ete dira bateatzen bateatu behar dalako...

     Gaurko Liturgian gure bateoa berreskuratzeko urteoroko aukera barri bat emoten jaku. Baina, aurten ere, lo-zorroan ez ete gaitu aurkituko? Aurtengo gure kantua ere ez ete da izango hori gazteei; gu zaharrak gara oraingoz; gureak egin dau...? Horrexek galtzen gaitu, senideok: itxaropenik ezak; horrexek eragiten dau gure bateoaren antzukeria...

     Goazen lehenengo irakurgaira: Jainkoaren Zerbitzariagaz dihardugu. Beraz edonor izan eitekean Jainkoaren zerbitzari hori, baina kristau tradizinoak Jesus Nazaretarra ikusten dau aitatuta iragarki honetan. Zerbitzari honexengan jarten dau Jainkoak bere Espiritua, Lukasen ebanjelioan ikusi dogun lez. Pedrok, bere hitzaldian, Jainkoak gizakien artean ez dauala bereizkeriarik egiten esan deusku, zuzen dabilana onartzen dauala edozein herritakoa izan arren. Hau ez da, senideok, inori kalterik egin barik bizi izatea. Ez da gitxi. Baina Jainkoak berak dauka lehentasuna, eta bere Espirituaz zuzendu gura dauz gizakiak. Hauxe da zuzen ibiltea: Jainkoaren nahia norbere bizitzan gauzatzea, Espirituaren eraginez, ez geure ahaleginen podazoz.

     Jainkoak aukeratuak eta bere ezaugarriaz (Espirituaz) ezaugarrituak (markatuak) zuzenbidea ekarri behar deutse atzerriei. Hauxe Jainkoak bere morroiari emoten deutson eginkizuna. Bateoa, ba, senideok, Espirituaz markatzea, ez dator huts-hutsean; ez da neuk eskatzen dodalako emoten jatana, edo emon behar jatana; eginkizun berarizko bategaz dator. Ez hori bakarrik: eginkizun hori zelan garatuko dauan ere esaten jako: Ez da deadarka ibiliko, ez dau oihuka berba egingo, ez dau entzunazoko kaleetan bere berbea, kainabera arrakaldua ez dau hausiko...

     Senideok: gure artean, eta Bakearen izenean, edo Jainkoaren izenean, zarata larregi eta berba ozenegi ez ete dan egiten... Jainkoak dinoskuna ez dala ezertarako, horrela ezin daitekela jokatu, ezer lortu gura badogu, argi baino argiago ez ete daukagu? Gure legea neu nausi edo musturrak hausi ez ete da? Zuk indarra badukazu, nik indar handiagoa behar dot zu menpean hartzeko. Eta konbentzituta gagoz horrelaxe izan behar dauala; geuk guzurtatzen dogu Jainkoak guretzat gura dauana. Eta Jainkoa geure iritzietara erakarri gura dogu gainera. Bai buru-gogorrak garela!

     Izan gara bateatuak; baina geuretu ete dogu bateoaren esangurea? Eta, senideok, ezin babestu geike geure burua, abadeok zaree txarrenak esanez. Horrela ez deutsogu alkarri lagun egiten, ez eta egoerea hobetzen ere. Gure sinismenaren zintzotasuna ez da geratzen inori kalterik ez egitean. Jainkoak hori baino gehiago eskatzen deusku... Zuk ezin badozu emon, ez arduratu: lagundu beste bati, berak emon ahal izan daian; ez oztopoak jarri, harek ere emon ez daian... Hauxe da alkarregaz jokatzea.

     30 urte behar izan eban Jesusek bere bizitzan argibide bat aurkitzeko. Bila ibiliko zan. Jainkoak berataz zer gura eban behin eta barriro galdetuko eutson bere buruari. Eta, hara! Joan Bateatzaileagana pekatarien artean (baina bihozbarritu gura eben pekarien artean) hurreratuz zabaltzen jako zerua. Hau zoriona!

     Bai? Ala oraintxe hasiko dira arazoak, ordura arte eroso bizi izan dan Jesusen bizitzan? Hemendik aurrera oztopoak baino ez dauz aurkituko. Horrexek esan gura deusku Jainkoaren esanetara ez dogula jarri gura; bera geure esanetara jarri gura dogula baino. Baina, merezi dauala-ta, ez dau atzerarik egingo: Aurkitu dau bere bizitzarako ipar orratza. Eta guk? Nahikoa dogu besteekaitik errezatzeaz?

     Gu, senideok, zelan bizi gara? Jainkoak bere aukeratuengandik itxaroten dauan lez? Ala, onenean, minimoetan, edo handik behera, lotsaz, bildurrez eta ez-jakinean? Aldiak aldatu egin dira, eta aldi barriei era barrian erantzun behar jake. Ezin esan geike Jainkoagaz zintzo jokatu gura badogu behintzat, gureak egin dauala eta orain gazteek ekin behar deutsoela. Gazteek ezin deutsoe ekin guk huts egin badeutsegu; eta gazteak ez doguz gertatu aldi barrioi erantzuteko (ez gurasoek euren seme-alabak, ez abadeok eliztarrak). Baietz esango dogu, baina, badino besterik egunotan nabarmentzen danak. Itxaropenez jokatu gura badogu, inori errurik bota barik eta inor txarragotzat salatu barik, geure bateoaren esangurea landuko bagendu, zer? Elizara kunplitzen edo hilekaitik otoitz egiten barik, alkarregaz egoten ikasten bagentoz, Jainko esperientzia egiten...? Kanpoan gure erantzunak mormoxetak izan beharrekoan, laguntza, isileko eta apaltasunezko laguntza izango litzateke; inor ez molestatzearren norberetxoan gelditzetik urten, eta beste batzuekaz egoten, Jainko esperientzia egiten ikasiko geuke. Honek ez dau esan gura danen alde errezatzea; badakit hori eta gehiago ere egiten dozuena, Jesusek 30 urtegaz egin ebana egitea baino, guk urte gehitxoago euki arren: geure anonimatutik urten, damu-bateoa hartu eta Espirituaren indarra hartzeko bidean jarri.

     Adi, ba, hitzaren ospakizun berezira, edo otoitz berezira, edo elizkizun berezira, edo nagusien katekesira dei egiten danean. Gura izango ete dozue? Zenbatek? Horixe eskatuko bagendu zintzotasunez, gure Bateoa berreskuratze bidean ez ete ginateke jarriko?

 

JAUNAREN AGERKUNDEA (ERREGEN)


HOMILIA

 

     «Jagi zaitez eta argitu, Jerusalen, badator zure argia; zure gainean ageri da Jaunaren aintza... Hori ikustean, gainezka poztuko zara; harritu eta zabaldu egingo jatzu bihotza»...

     Holango berbak entzutean, senideok, zer somatzen (edo sentitzen) dogu barruan?

     Ames-gaua izan dogu igarotakoa. Esnatzean (itzartzean, akordatean) erregaloak ikustean, arazo eta atsekabe guztiak aldendu dirala aurkitu ete dogu? Argi dago ezetz! Honen aurrean, batzuen aukerea "dana guzurra!" —esatea da; beste batzuk, horraitino, "bai, baina polita da; egun bat baino ez bada ere, aprobetxatu daigun" —esango dabe; eta urtero ahaleginduko dira ames eta negozio gaua barriztatzen.

     Hori aurrean, hartu daiguzan gogoan san Paulok esandako berbok: «Entzun dozue, Jainkoaren grazia zuen artean zabaltzeko eginkizuna emon jatala...» Jainkoaren grazia, ba, senideok, profeteak iragarritako argia, eta handik zabaltzen dan poztasuna, ez dira bat-batekoak eta kito; landu beharreko eginkizuna da; gaueko ilunpeetatik egunsentia sortzen dan antzera, astiro, ia igarri ere egin barik datorren antzera... Badakigu gero eguzkiak oso-osoan argituko gaituana, laino baltzen batzuk estaltzen ez bagaitue... Zergaitik ez doguz, ba, berbok itxaropen bardinaz hartuko, eta, san Pauloren antzera, bere esanetara jarriko? Geuk hartu behar dogu Jainkoaren grazia zabaltzeko eginkizuna. Neketsua da, oztopo handiak aurkitzen dauz; baina ez da amets hutsa, Jainkoak bere Semearen oinordekide egin gaitulako. Aintzat hartu geike edo guzurtzat jo...

     Goazen ebanjeliora, senideok, hori ulertzeko. Oinordekidetasun hori ez jaku emoten odolez: ez doa berez gurasoengandik seme-alabengana; ez jaku emoten ez eta ezaugarri hutsez ere: bateatu dogu umea, edo ezkondu da elizaz, edo lur-emon aurretxoan hildakoa elizara eroan dogu, edo emon deutsoguz elizakoak hil aurretxoan, eta kito. Ez senideok: oinordetza ez da magia hutsa (aztikeria), sinismenaren erantzuna baino. Elizkizunen ilunpetan egozan Jerusalengo Abade Nagusiak eta Idazlariak eta herri osoa, eta itxaroten eben Kristoaren jaiotzearen barriak dardaratan jarri ebazan.

     Magoek, ostera, bilatzen eta arakatzen eta aztertzen diharduelako, zeozer aurkitzen dabe; ez dauke dana argi, baina bidean jarten dira euren ziurtasunak eta erosotasunak alde batera itzita. Eta arrisku artean abiatzen dira; luzea da bidea, galdetu egin behar dabe, ilunpeak ere aurkituko dabez, eta inoiz guzur artean egin behar izango dabe aurrera. Baina Jainkoak ez dauz bertan behera itziko. Eta euren ames eder guztiak eta zalantzatan jarritako guztia Ume Jainkoaren oinetan ipini ahal izango dabe. Haxe rerregalua!

     Hortxe dago batzuen eta besteen arteko aldea, senideok: batzuk dana guzurtzat joko dabe, eta eurenean eta besteak salatzen ekingo deutsoe. Beste batzuentzat, guzurra izan arren, polita ere badala-ta, negoziorako unea izan daitekela-ta, etekin arrazoi izango da... Baina badagoz Jainkoaren aztarnak bilatzen dabezenak ere, eta euren ziurtasun guztiak eta erosotasunak eta ondasun guztiak jokoan jarteko gertu dagozenak; bilakatze horren helburua ez dalako ames-gautxo bat, edo ondasun ugariago pilatzea, Jainkoa bera gurtzea eta haren argitasunean bizi izatea baino.

     Honek emoten dauan poza, senideok, ez da bakotxak bere barruan gorde ahal izateko modukoa; gainez egiten dau, eta erakutsietan, erregaloetan gauzatuko da; autormen egitean. Bere bideak bilatuko eta aurkituko dauz; eta beste bide batetik joan ziran euren lurraldera, barri on honen zabaltzaile eta autorle bihurtuz.

     Geuri eskeintzen jakun barri on da, senideok. Guzurtzat edo amets polit izan balitz lez itziko ete dogu?

 

URTE BARRI


HOMILIA

    Urte Barri on opa deutsuet guztioi, lehenengo ta behin. Eta eskerrik beroenak emoten deutsuedaz, Eukaristiaren mahai-inguruan, edo bizi-bizian, edo Euskal Telebistaz alkartu zareen guztioi, bertokoak izan edo baita kanpokoak ere; hur-hurrekoak edo asaukoak zareela. Ondo etorri guztiok, eta eskerrik asko, Eukaristian alkar berotzen ta adoretzen dogulako.

    Urte barri baten aurrean gogo ta barru ona agertzen dogu, eta zoriona opa deutsogu alkarri; eta ez azaletik, gainera, barru-barrutik baino, gogorik onenaz eta zintzotasunik handienaz.

    Baina alkarri zoriona opa badeutsogu, ez dagoelako izango da; edo, bada, handiagoa ta ugariago gura dogulako: beti gehiago, beti ugariago, beti harutzago... Noiz arte, edo zenbatera arte, edo noraino, baina?... Ezagutzen ete dogu gure neurria edo gure mugak?

    Eta Urte Barriari eskatu behar deutsogu ezer, ala Urte Barri bat bizidunek dogun aukera barri bat dogu? Zer ete dinosku honetaz gure inguruak, gure aldiek, eta ospatzen dihardugun Eukaristian iragarritako Jainkoaren Berbeak?

Begira, senieok: Asiako eki-hegoaldea lur-ikareak eta itsas-ikareak hondatuta geratu da. Hainbeste milaka giza seme-alaba, eta pobre ta baztertuenetarikoak gainera hil dira; eta miloika dira kaltetuak. Batek baino gehiagok Jainkoa errudunduko dau; zein gitxik autortu ahal izango dauan gizakiaren makaltasuna, ez-jakina eta alkarren beharrizana!

    Gure artean, politika mailan, hain gitxik uste izan dauana gertatu da: delako «Ibarretxeran Palana» onartua gertatu da, eta batzuk pozez zoratzen dagoz, beste batzuk euren hondamena-edo heldu dala uste daben artean...

    Batek garaile urten gura badau, bestea hondatu egin be­har dauala uste dogu bizikera honetan. Baina halan ete da?

    Jainkoak bedeinkatu egiten gaitu, eta alkar bedeinkatu daigula gura dauala iragarri deusku lehenengo irakurgaiak. Salmoan errukia ospatu dogu eta eskatu deutsogu Jainkoari; eta haren Espirituak gure barruan hari «Aita!» deitzera garoazela gogoratu deusku Paulok... Berba horreen aurrean ezin ete geintekez esker oneko agertu?

    Ebanjelioak iragarri deusku esker oneko agertzeko eta izateko zer behar dogun: apaltasuna, gertutasuna, norberenetik urteten jakitea, bestearen beharra somatzea... Jainkoagandik itxaroten jakitea, artzainen irudian.

    Mariaren amatasuna ospatzen dogun Urtearen Lehenengo egun honetan, hauxe berau ikusten dogu Mariagan: Jainkoaren entzule izaten jakin ebala, hari erantzuteko gertu egoala, eta beretik urten eta jainko-poza Isabeli eroaten jakin ebala, bere erantzun baikorrak munduari Salbatzailea erditu eutsola.

    Senideok, ba: Urte Barriak, Bakearen eskariaz eta alkarri zorionak opatuz hasten dogun Urte Barriak, gure makaltasunak eta mugak autortzeko aukerea emoten deusku, baina geu gara autortu behar dogunak. Alkar bedeinkatzeko ta alkarri laguntzeko aukerea emoten deusku; baina geu gara onespena zabaldu eta alkarrengana lagun lez hurreratu behar dogunak. Eta Jainkoaren entzule eta bihotz ta barru gertuko izateko aukerea emongo deusku; baina geu gara entzuten jakin behar dogunak eta haren Espirituaren arabera jokatu behar dogunak.

    Aprobetxatu daigun lehenengo egunerik aukera hau, eta barriak etorriko dira. Entzun daigun Asia hego-ekial­deko garraxia, eta gure Parlamentuko zaratak, eta baita geure etxean sortzen direnak ere, auzoan eta herrian bertan; azaldu daigun gure gertutasuna, eta gure ahotiko hitzak Jainkoa gorestekoak izango dira, eta gure ondokoei eta asaukoei ere laguntzeko gertutu egingo gaitu haren Espirituak.