2007/05/26

PENTEKOSTE IGANDEA /C


(HAUTESKUNDE GIROAN)

 

HOMILIA

Senideok: Pentekoste domekea Jesus aintzatuaren erregaloa hartzeko domekea dogu. Ez dogu esan gura Jainkoak bere Semearen Espiritua emoten deuskula huts-hutsean, Espiritu horri harrera on egiten deutsogula baino. Eta harrera on egiten deutsogu, gure bizitzarako, gure lanerako, gure atsedenerako eta arnasa hartzeko behar-beharrezko dogulako.

Badakigu, senideok, Jainkoagazko hartu-emonak alde batera izten doguzanean, geure makalkerien morroi bihurtzen garala. Espirituaren eraginez ez bada, ezin geintekez Jainkoaren seme-alaba lez agertu. Munduak bere atzaparretan hartzen gaitu eta haren bihurrikerietan galtzen gara eta galtzen dogu alkar.

Espirituaren eraginetara, barriz, erreinuko lanetan jardungo dogu. Ez uste izan erreinuko lanetan jardutea egun guztian elizatik urten barik egotea danik. Jainko Semeak zeruak urratu, handik urten eta geure artean hasi eban bide bat. Bide horrexi jarraitzea da, senideok, erreinuko lanetan jardutea. Eta hori ezin daiteke Espirituaren bultzadaz baino egin.

Une honetan, Jesusen bideari jarraitzeak zehaztasun argi bat dauka gure artean: herrigintzan daukagun eginbeharraz betetea. Bai, senideok: politikan, herrigintzan, Jainkoaren seme-alaba lez jokatu behar dogu, Jesusen urratsei jarraituz, Espirituaren eraginez. Gure kristau kontzientziak eroaten gaitu, ba, herrigintza horretan, lehenengo ta behin, besteak ere, guk lez uste ez dabenak ere, senide lez hartzera, hareik ere errespetatzera, eta harei gure aukerea erakustera; botoa emonez egiten da hori, alkarrena errespetatuz eta gehiengoa aintzat hartuz.

Jainkoak, senideok —ikusi dogu eta ospatu Pazko aldi guzti honetan zehar, eta gaur ere gogoratu dogu— bakezko gizartea gura dau bere seme-alabentzat; eta bakea lortzeko bide lez parkamena erakutsi deusku.

Badakigu zein gatx egiten jakun, senideok, alkar aintzat hartzea, alkarri harrera on egitea, alkarri parkatzea eta alkar maitatzea. Gatxa da, senideok. Horregaitik emoten deusku Jainkoak bere Espirituaren garra eta adorea. Ez deiogun uko egin Jainkoaren erregalu horri, geure indarrez eta ustez nahikoa dogula uste izanik.

Gogotsu eskatu deiogun maite gaituan Jainko Aita/Amari, bere Espirituaren taupadetan, eta Jesusek urratutako bideetan zehar, jarraitu daigula mundu honen eta gure gizarte honen eraikuntzan.

 

2007/05/19

PAZKOALDIKO VII. DOMEKEA /C

«Jaunaren zeruratzea»

 

ApEg 1, 1-11
Sal 46
Ef 1, 17-23
Lk 24, 46-53

 

HOMILIA

Senideok: Jesus Jaunaren zeruratzea ospatzean umezurtz geratzen direnen atsekabea azaldu geike, edo, alderantziz, gurasoen ardurea eskuratu eta garatu gura daben seme-alaben poza.

Ezer baino lehenago, senideok, izan daigun hauxe gogoan: Jesusek bere autorle gura gaitula gure inguruetan, eta horretarako «Aitaren agintzaria bialduko» deusku, Espiritua, beti geure ondoan, edo geugaz lanean jardungo dauana.

Espiritu horixe da, ba, ezagutu beharrekoa. Espiritu horrengana erakarri gura izan gaitu Paulok bigarren irakurgaian, zera esan deuskunean: «Jesukristo gure Jaunaren Jaungoikoak, aintzaren Aitak, emon deizuela jakituriazko eta goi-argizko espiritua».

Senideok: Jesusengana hurreratzen ez bagara, bere inguruan bere talde, alkarte, eliza, egiten ez badogu, ezin izango dogu haren Espiritutik hartu, Jaungoikoa ezagutu, edo haren autorle (testigu) izan gure inguruetan; geure burutapenezko jaungoikoagaz ibiliko gara, geuri atsegin jakuna esanazo eta gura izanazoko deutsogu; baina olgetako jaungoikoa izango da, eta ez bere Espirituaz janzten gaituana bere Semearen autorle (testigu) izateko gure bizitzako une guztietan.

Behar bada, hementxe dago gakoa, senideok: gure sinismena zelan ulertzen dogu? Jesusen autorle izate lez? Ala Jainkoagandik laguntza edo mesede batzuk lortzeko bide lez, eta besteen txarkerien galga lez? Holantxe erabili izan dogu Jainkoa gure txikien aurrean sarri baino sarriago.

Baina zer izan da, edo da izan edo izan daiteke Jainkoa gure bizitzarako, eta eguneroko bizitzarako, eta ez larrialdi hutsetarako? Lehenengo irakurgaian azaldu jaku zertan ziharduen oraindino ikasleek: «Jauna, orain eregiko dozu barriro Israelgo erreinua?» Zelango aginte-gosea eta handigurea galdera horretan azaltzen dana! Eremu bardinean egon geintekez geu ere...

Ez dozue uste holangoxe galdera edo kezkekaz hurreratzen garala geu ere? Eliz ospakizunak-eta, ez da egia Jainkoaren esanetara jarteko baino erabiliagoak dagozela geure ameskerietarako?

Entzun deiogun Jesusi: «Espiritu Santua etorri dakizuenean indarra hartuko dozue nire autorle izateko, Jerusalenen, Judea guztian, Samarian eta lurraren azken-mugaraino». Hauxe da Jesusek gugandik itxaroten dauana. Eta hauxe litzateke sinismenez erantzutea.

Senideok: horretarako, Jesusen gogoari, gugan jarrita daukan uste onari, erantzun ahal izan deiogun, behar-beharrezko dogu katekesia, Nagusien Katekesia, hezkuntza, Jainkoaren Berbara kezkati, galdezka, argi-bila hurreratzea... Nagusien katekesi taldeak eratu behar izango geukez parrokian, gogoz otoitz egingo daben taldeak, Espirituaren dohaia eskatuko dabenak...

Zain naukazue... Holangoek laguntzea merezi dabe, eta prest naukazue, neure laguntza eskeintzen deutsuet. Horretarako gogorik dozuenok, erantzun eizue datorren zapatuan Pentekoste Bijilia Otoitzera etorriz: arratsaldeko meza ostean izango da, 8rak aldera.



2007/05/12

PAZKOALDIKO VI. DOMEKA /C


GAIXOEN PAZKOA

HOMILIA

Hch 15,1-2. 22-29
Sal 66, 2-3. 5. 6 y 8
Ap 21,10-14. 22-23
Jn 14,23-29

 
Senideok: Gaixoen Pazkoa ospatzen dau gure Elizeak Pazkoaldiko VI. domeka honetan. Apartekotasunez hurreratu gura dau Elizeak gaixoengana, apartekotasuna eukelako gaixoek Jesusentzako. Gaixoengan Jainkoaren gaitzespena (edo madarikapena) ikusten eben askok, eta elizkizunetatik-eta baztertu egiten ebezan; ez eben, antza, Jainkoaren pozbiderik behar. Baina Jesus hurreratu egiten jaken; eta ikutu egiten ebazan, osatu ere bai, eta parkamena eskeini ere bai, jendearen harridurarako.

Gaur egun ere, senideok, zenbat gaixo daukaguzan edo erietxeetan, edo etxeetan ere bai, sakramentuen poztasun barik. Bildur edo lotsa gara abadeari deitzen; ez dakigu zelan jokatu. Abadea aitatzen badeutsogu gaixoa izutu egingo dala uste izaten dogu. Eta gaixoak berak ere, gura izan arren ere, ez dau eskatzen sakramentuen poza etxekoak ez izutzearren, edo abadea ez molestatzearren..., gero atxakiak jarriz, edo mormoxetak zabalduz. Dei bat, ba, senideok, etxean zaharrik edo etxeraturik edo gaixorik daukazuenoi: aprobetxatu egun hau gaixoari honetaz berba egiteko eta sakramentuen poza eskeintzeko. Gero deitu abadeari.

Horixe da Jesusek ebanjelioan esan deuskuna: maite dauanak gorde egingo dauala bere esana, bere agindua. Eta badakigu Jesusen agindua zein dan: berak gu maite gaitun lez geuk ere bestea maitatzea. Ez jaku hau errez egiten, senideok, bera maite dauanagan ostatua egingo dauala agintzen dauan arren Jesusek. Antza, beste ostalari batzuk doguz gurago, gitxiago konprometitzen gaituenak-edo.

Argitu daigun egoera hau eta gure hainbat jokabide, lehenengo irakurgaian agertu jakun eztabaida eta erabagietatik. Ulertuko ete dogu, senideok, Jainkoaren aurrean ezin aurkeztu geikela meriturik, irabazirik, baina ez dogula behar ere? Jainkoaren ondasunak ez dira nire irabazi edo merituen ordain, Jainkoak nire irabazien begira egon barik bere maitasunetik emoten (eskeintzen) deustazan dohaiak baino. Ez dago, ba, legeko arauak eta ohiturak eta geuk ezarritako beste hainbat traba bete beharrik Jaikoagandiko ondasunak eskuratzeko; egiten badeutsegu harrerea, eurek bihurtuko dabe eta zuzenduko gure bizikera bihurria. Behar bada, hauxe gura ez dogulako, ez deutsegu harrerarik egiten, eta legekeriekaz-eta beste gauza batzuk, ez Jainkoak berak emon gura deuskuzanak, gura doguz lortu.

Eta zelango eztabaidak-eta sortu daitekezan! Argi dauke Ikasleek Jainkoak bere maitasunetik emoten deuskuna dana bere Semeagan; horregaitik ez gaitue legekerietara eroango Jesusengana baino, eta bizikera garbi eta zintzora. Eta, begira zelan egingo daben: otoitz giroan, alkarri entzunez, eta alkarrizketa bidez bideak urratuz, ez goitik-behera legea ezarriz. Gogoan hartzekoa!

Jainkoak ostatu egin gura dau gutariko bakotxagan, eta honek Jesusen esanak-eta bizitzaratzera eroango gaitu. Baina bildur gara. Jainkoa ez da gure inguruak eta gure aldiek aintzaltzen daben gure sortzaile eta Jauna; madarikatzen dauan arerio baino; gure inguruetan Jainkoak enbarazu egiten dau, eta harenganako zaletasuna isilean euki behar da, azalean haren izen ederra kakaztu egin behar da-ta. Edo bizitzako une batzuetarako baino ez da; eta uneotan elizara joten dogu, baina urduri. Lekuak eta han entzuten eta egiten dogunak salatu egiten gaitu.

Bai, senideok: salatu egiten gaitu gaixoenganako, zaharrenganako, gure nagusienganako daukagun jokabideak; salatu egiten gaitu noiz­behinka elizara joten dogunean han entzuten edo egiten dogunak. Baina salakuntza horrek ez dau gure hondamena bilatzen, gure bihozbarritzea baino, Jainkoagana bihurtzea.

Senideok: Jainkoagana bihurtzea ez da betekizun batzuk egitea, edo arau-legeak betetea, edo geuk geure buruari esatea zer eta noiz egin behar dogun Jainkoari —geure ustez— atsegin jakona. Jesusengan aurkitzen dogu barritasuna, Jainkoaren nahia eta lotura guztietatiko askatasuna, maitasunaren lokarrietan bizi izateko. Eskatu daigun, ba, Jesusen entzule zintzo izatea, haren esana beteten ahalegintzea, eta beti ere Jainkoaren izena goraltzea, inguru maitaleagoa egin ahal izan daigun.

Eskatu daigun baita Aparecidara hurreratu dan gure Aita Santuaren alde ere: behartsuen, baztertuen, gaixoen ondoan dagoan Elizea iragarri daian, eta bere esanak aintzat hartuak izan daitezan.

2007/05/06

PAZKOALDIKO V. DOMEKEA /C


«Lekuan lekuko elizen jardunaldia»

ApEg 14,21b-27
Sal 144
Agp
21,1-5a
Jn 13,31-33a. 34-35

HOMILIA

Senideok: Pazkoaldiko V. domekea gure Eliza Amak «Lekuan Lekuko Elizei» eskeintzen deutse. Zer esan gura dau honek? Ba, leku bakotxean, herrialde eta kultura bakotxean, bertako berezitasunez haragitu behar dala Jesukristoren egitasmoa, Jainkoaren ezaupidea, maitasuna eta salbamena.

Asko kostatu da honetara heltzea. Judeguek Jesukristoren iragarpena euren erara eta euren arauetan bizi izan behar zala uste eben; baina atzerritarrengana zabaldu zanean, egokitu beharra izan eben. Erromar egin zanean, mendebaldeko kulturan gauzatu lez bizi izan behar zala uste zan, hainbeste gizalditan zehar. Baina kristautasuna, beste kultura batzuk ere, eta euren artean ezbardinak direnak gainera, besarkatu dabenean, betiko arazoa mahairatzen da: zelan gauzatu behar dau kultura eta herrialde bakotxak Jesukristoren egitaraua, ebanjelioa, Jainkoaren maitasuna eta salbamena?

Gaurko lehenengo irakurgaiak taupada batzuk emoten deuskuz. Apostoluak, Paulo eta Bernabe, hara-honaka dabiz ebanjelioa iragarten, kristau senitarteak sortzen, sortutakoak adoretzen, otoitzaren eta barauaren bidez, eta kristau taldeetako arduradunak-eta jarten, ebanjelio bideetan adoretsu jarraitu daiela eskatuz danei. Ez da, ba, bakotxak berak uste edo gura dauana egitea, bizitza osoa, eta bizibidea eta bizikerea, ebanjelioak, Jesusen irakatsiak argitu eta babestu daiala iztea baino. Holan bizi ete dogu guk, senideok, gure fedea, gure kristautasuna, Jesusen bizitz-araua? Goazen ebanjeliora hori aztertzeko, eta bere argitasunetik emon deiogun gainbegirada bat gure bizitzeari...

Holantxe hasi da gaur iragarritako ebanjelio-txatala: «Judasek afaltokitik urten ebanean...»; eta zer pentsa handia emon leigu honek. Zer dator ondoren? Zer dino Jesusek? «Oraintxe izan da goratua Gizonaren Semea...»

Gogor egingo jaku hau hausnartzea; baina, ebanjelio-bidea adoretsu bizi izan gura badogu, eginbeharra besterik ez daukagu. Afaltoki bardinean egon geintekez. Jesusegaz mahai beratan. Baina bere aintza oztopatu egin geike. Inoiz pentsatu dogu hori, senideok? Neugandik hasita, batzar buru egiten dodan honengandik hasita, geure buruari galdetu beharra daukatsogu, ea Jesusen aintza bideratzen ala oztopatzen dogun...

Senideok: Eukaristia gure hildakoekaitik eskeintzen dogun oparia baino ez da; ez dau gure bizikerea ezertan ere ikutzen eta barritzen? Eukaristia, neuk neure buruagaz bakea ikusten dodanean jaten dodan ogia da? Gure bizitzan dagozen une garrantzitsuei ospea emoteko darabilgun elizkizuna da? (Hortxe dagoz bateo asko eta asko; Jaunartze ez gitxi; eta zenbat ezkontza edo ezkontza-moduko!). Eta guzti hori ikusita, neure bizitzeari ikutu ez deioen-edo «zer egingo dozu, ba!» esanez ezkutatzen doguz gure sinismen bizitzako zikinak? Holan garbituko eta mahairatuko ete gaitu Jesusek!

Pedrok, lehenengotan ezetz esan arren, gero goitik behera garbitzeko eskatu eutson. Bakotxak bere akatsak euki daikez; baina, akatsok ezkutatzen badoguz, eurek menperatuko gaitue geu, eta saldukeriarako bidean jarriko gaitue. Horixe da Judas.

Ezti tanta batek upel bete ozpinek baino euli gehiago erakarten dauala esaten da. Bai, senideok: baina euliak! Eta Jesusen ebanjelioa ozpina baino bizigarriagoa da sarritan, eta garratzago egiten jaku; baina «honetantxe ezagutuko dabe nire ikasleak zareena: alkar maite badozue, neuk maite zaituedan lez».

Senideok: mezea, Jesusegaz mahai baten inguruan jesartea, bere berbea kontuan hartzea, da; senidearen oin-garbitzaile bihurtzea da; bestea errukian eta maitasunean hartzea da. Gaurko ebanjelioa entzun ondoren, ba, ikusi daigun, ez nortzuk diran Judasen parekoak, urten daiela eskatzeko, beste hauxe baino: bakotxak bere barruan daukagun "Judas" hori bota beharra daukagula, gure bizitza Jesusen aintzarako izango bada.

Hau bakotxak, eta alkarregaz herrialde eta kultura bakotxean, eginbeharra daukagu. Eskatu daigun, ba, Lekuan Lekuko Elizen alde, eta baita gure Eliza honen alde ere, bere ilunaldietatik Jesusen argitasunera urten daian. Jainkoak dana barri egiten dau-ta. Jar gaitezan bere esanetara.

 

2007/05/05

PAZKOALDIKO V. DOMEKEA: «Lekuko Abadegoa»


ApEg 14,21b-27
Sal 144
Agp
21,1-5a
Jn 13,31-33a. 34-35

HOMILIA

Senideok: Pazkoaldiko domeka bat aspaldi danik dago gaixoari lotua eliz mailan eta pastoraltzan: VI. domekea, hain zuzen: datorren domekea. Betidanik izan dau Elizeak gaixoenganako txera handia; eta, esan behar, gaixoen artean egiten dan pastoraltza benetan dala pozgarria eta atseginez beten dauana. Gure gaixoak esker oneko agertzen dira eurengana poz apur bat eta berba goxo bat eroaten hurreratzen jakenekaz. Tamalez, senideok, gero eta gitxiago deitzen jako abadeari, edo osasun pastoraltzan diharduan taldeari. Badirudi gazteen eta osasundunen gizartea egin dogula, eta gaixoak, zaharrak, ezinduak eta gutxituak-eta ezkutatu egin behar dirala. Holan gizatuko gara gu! Gero eta astakiloagoak bai egiten goazela... Gure makaltasunak-eta ezkutatu eta gure handikeria eta aberastasun gosea agertzen doguz... Ondo ete goaz. Zenbat daukagun ikasteko gure ustez pobre diren herrialdeetatik!

Jainkoa apalagana hurreratzen da; gaixo, zahar, ezindu edo gutxituaganako aparteko begiramena agertzen dau; bere Semeagan, pekatari eta emagalduekaz jarten da mahai beratan; eta guk gazteak eta osasuntsuak aintzaltzen doguz, besteok bazterreratuz. Hortxe agertzen da, senideok, gure bizitzako burruka bat.

Hurreratu gaitezan lehenengo irakurgaira... Jainkoa eurekaz eukela uste ebenek ez dabe Jesus onartu eta autortu gura; eta gogor hartzen dabez haren autorleak, euren inguruetatik kanpora bialtzeraino. Sendo dagoz euren usteetan eta sinismen edo siniskerietan. Eta ikasleak atzerritarrengana, benetako pobreengana, bihurtzen dira. Eta zelango pozaz egiten deutsen harrerea! Hau gogoan hartuz gogoratzen dauz gaurko egunez Eliza osoak lekuan lekuko abadeak, ebanjelio testiguak. Eta gu, ba ete gara gauza, senideok, gure usteak, sinismena eta bizitz-jokabideak aztertzeko?

Jesus barik, gure bizitza eta gure mundua zaharra da; Jainkoari lepo emonda dihardu bere atseginkerien ilunpeetan. Jainkoak dana egiten dau barri; barritasun horretan gauza bat baztertzen da: norberekeria, gorrotoa, atseginkeria, bakotxakeria, hau da: gu menperatzen gaituan keria guztiak.

Jainkoak geure artean egon gura dauala agertu deusku, bere herri gura gaitula, eta, beragaz, herri barri izango garala. Baina lehenengo irakurgaian ikusi dogu zelan gogor egiten deutsegun Jainkoaren asmoei. Jainkoa gure artean gura badogu, gure usteak eta sinismena eta bizitz-jokabideak aztertu beharra daukagu.

Begira ebanjelioan entzundakoa: «honetantxe ezagutuko zaitue nire ikasle lez; alkar maite badozue.» Eta ez geuk uste dogun maitasunaz, senideok, berak gu maite izan gaituan maitasunaz baino.

Zer eskatzen deusku honek? Munduaren eta Jainkorik ezaren zaharkeria eta ilunpetatik urten daigula; zahar, gaixo, ezindu, gutxitu eta baztertuengana hurreratu gaitezela; Jainkoaren poza eroan deiegula...

Baina guzti hau, senideok, ezin dogu geurez egin. Behar-beharrezkoa dogu Jesukristo aintzatuaren Espiritua. Honek, Jainko Aitaganako konfiantzea emongo deusku; mundu barri bat egiteko eta han bizi izateko adorea emongo deusku. Jainkoaren asmoei beti «BAI» erantzuten irakatsiko deusku. Holan erantzun eutson Mariak beti.

Senideok: etxean zaharrik, ezindurik, gaixorik..., sakramentuen poza gura izango leukeanik daukagu? Deitu abadeari; eratu daigun gure parrokian «osasun pastoraltza» alai eta indartsua. Eta barritu daigun zahartzen joakun gure parrokia hau, dana barri egin gura dauan Jainkoari esker onez erantzunez, Mariak egiten eban lez.