2007/04/28

PAZKOALDIKO IV. DOMEKEA /C


ApEg 13, 14.43-52
Sal 99
Agr 7, 9.14b-17
Jo 10, 27-30

HOMILIA

Senideok: Pazkoaldiko IV. domekako ebanjelioak Jesus artzain lez aurkezten deusku. Horrexegaitik deitzen jako Artzain Onaren domekea. Eta, era berean, bokazinoaren domekea, eta bokazinoen alde otoitz egiteko eguna dogu. Gure bihotzean apur bat arakatuko bagendu, senideok, kristaua bokazinoduna dala aurkituko geuke. Hau da: Jainkoak dei egiten deutso gizakiari beragazko hartu-emonetara, eta hartu-emon horreen barri emotera, berbaz eta bizitz-eraz, bere Seme Jesusengan erakusten deuskun lez. Eta Jesusengan sinisten dauanak baiezko erantzuna emoten deutso Jainkoaren deiari; eta bokazinodun lez bizi izango da.

Zu eta ni, senideok, biok gara bokazinodunak. Bateoan iragarri gendun baiezko erantzuna emon gura geutsola Jainkoaren deiari: uko egin geutson pekatu bizikereari, pekatu bide guztiei, eta sinismen bizitzari baietza emonez besarkatu gendun eliz-bizitza eta Jainkoaren hitzaren arauz bizi izatea.

Gaurko lehenengo irakurgaian agertzen jaku hau ondo baino hobeto. Apostoluek (gaurkoan Paulo eta Bernabe agertzen jakuz) adoretsu emoten eben Jesukristoren barri; jarraitzaile asko batzen jakezan; honek bekaitza (edo inbidia) sortuazoten dau orduko judegu eliztarren artean, apostoluen aurka erasoa eratzeraino bekaitza. Apostoluek ez deutse gogor egingo, iragarri baino, Jainkoaren deia eurek ukatzen ebela-ta, agindutakoari jarraituz, jentilengana itzultzen dirala, harei ere Jainkoaren salbamena iragarteko. Eta jentilek pozik hartzen dabe barri hori. Ohartu, senideok!

Zer dago jokoan hemen, senideok? Ez da azken salbamena jokoan dagoena, bigarren irakurgaian argi agertu jaku-ta inork zenbatu ezin-halako enda eta leinu, herri eta hizkuntza guztietatik dagozela aulkiaren eta Bildotsaren aurrean zutunik (hau da: bizirik). Bildotsaren odolak pekatu guztiak garbitu dauz, ba, eta bizidun guztiak aurkezten dira Jainkoaren aurrera, zeruetako kantu ederrean esku hartzeko betiraun guztian.

Jokoan dagoana, ba, senideok, beste hauxe da: Jainkoaren guganako maitasuna, errukia, eta geroko saria Jesukristori esker ezagutzen dogunok, zelan emon geike geure bizitzan honen barri, beste guztiek ere honen pozean bizi izan daitezan?

Hementxe aurkitzen dogu bokazinoa. Baina askok eta askok ez dakielako, beste hainbatek beste ardura batzuk daukezelako ez dabe holan ulertu gura euren bizitza.

Argibide dogu judeguek agertzen daben apostoluen aurkako haserrea, eta eratzen daben erasoa. Eurak sinistunak dira, Moisesen Legeari jarraitzen deutsoe, aginduak betetetik jatorke salbamena..., eta Paulok eta Bernabek desbideratu egin gura dabez euren salbamen bidetik, bide bakarra Jesukristo dala iragarriz; eta hau denentzat gainera: judeguentzat eta atzerritarrentzat, Jainkoak danak dauzelako seme-alaba. Eta judeguok euren burua sinistuntzat eta jainkozaletzat, eta salbamen bidean dagozelakotzat dauken judeguok, uko egingo deutsoe Jainkoaren deiari.

Guk, senideok, apaltasunik handienaz begiratu behar izango geuskio, ba, gure sinistun izateari. Ez gara judeguon antzeko, txarrik ez dogula egiten, eta mezatxoa entzuten dogula, eta sinismeneko arauetatik geuk uste doguzanak geure erara betez lortzen dogula betiko bizia uste badogu? Holan bada, ez dogu Jainkoagandik deirik itxarongo, ez beste ezer, dana daukagulako geure ohituretan.

Baina Jesukristorengan jarten badogu gure uste on osoa, egunero entzungo dogu Jainkoaren deia: alkartzera, Jainkoagazko hartu-emonetara, zerbitzura, parkatzera, Bakea eraikitera, baztertuen eta pobreen ardura hartzera..., Jesusen bizitzan agertzen dana geurean gauzatzera. Horretarako, Idazti Deunetara hurreratu, alkarregazko otoitz gartsua egin eta Eukaristia ospatu, senideekaz, Jesusengan, batasuna lortzeko.

Senideok: benetan litxakigu pozgarria Jesusen jarraitzaile izate hau bokazino lez bizi izatea eta egunero barriztatzea eta alkarregaz ospatzea. Honek bere frutua emoten dau: bokazinodun berriak sortuazoten dauz eta Jainkoaren nahia gure artean gauzatuazoten dau.

Baina, ikusi dogu: Jainkoak dei egiten deusku baina ez gaitu behartuko; geure erantzunaren zain egongo da. Gogoan izan: erantzun hori geure ondoan dagoenak ere behar dau, horrela alkar berotzen eta adoretzen dogulako.

Ze erantzun emon gura deutsozu dei egiten deutsun Jainkoari? Bokazinodunak behar doguz: eskatu deioguzan Jainkoari.


2007/04/20

PAZKOALDIKO III DOMEKEA «C»

HOMILIA

ApEg 5, 27b-32.40b-41
Ag 5, 11-14
Jo 21, 1-19

 

Senideok: Eliz seme-alaba lez gatozanean elizara, bere altzoan senide lez alkartzeko, eta alkarregaz Jainkoa goratzen hasten garanean, gure barrua eta bizitza osoa pozarren jarten da, eta ingurua ere pozarren jarten dau eliz poz horrek. Hauxe da, ba, elizara gatozenean bilatu behar doguna; eta ez bakotxak bere mezatxoa (esaten dogun lez) entzutea, eta kitto.

Ikusi dogu lehenengo irakurgaian bakotxa berera doanean zer gertatzen dan: Farisearrek eta Saduzearrek (lehenengoek sinistu egiten dabe hilen biztuerea; Saduzearrek ez, ostera), euren arrakastea kinkalarrian ikusten dabelako, Berbiztuaren ikasleen irakaskintza dala-ta, euren inguruan gero eta jende gehiago batzen dala-ta, begi-bistatik kendu gura dabez, baina bildur diralako, beste erabagi bat hartzen dabe: ea zigorkadaz astinduz isiltzen dabezan…

Guk oztopoak eta trabak jarri geikeoz Jainkoaren berbeari edo haregazko hartu-emonei, Jesus berbiztuaren barri emo­teari, Jainkoaren izen ederrari aintza eta goresmena emoteari, baina behin eta barriro urtengo dau berezko goralpen honek; gehienetan, gainera, apalenen bizitzatik. Eta, gogoan izan, hobe da Jainkoaren esaneko izatea, gizakien esaneko izteak badakigulako zertara garoazan.

Pazko poztasun argibide izan dakigula 2. irakurgaian azaldu jakun zeru-ikuskizuna: Bildots-eskeiniak, Jesukristo hilak, badauka bere inguruan lurralde eta jendalde guztiak, Jainkoa goresteko, kantu baten batzeko ahalmena. Jainkoaren izen ederra zikintzea baino hobe litzateke ha goratzea, ekintza honek alkartu egingo gindukezelako, eta alkar errespetatzera eta maitatzera eroango gindukezelako.

Ebanjelioan ikusten dogu, senideok, Jesusen indarrak lanerako zelan alkartu geinkezan: arrantzura noa dinoan Pedrori laster erantzuten deutsoe lagunek: bagoaz geu ere zeugaz. Baina ikusten dogu ez dana nahikoa lanerako gogoa etekina atarateko: ez dabe ezer ere batzen gau guztiko lanaz. Baina Jesusen izenean lan eginda… Hori beste gauza bat da! Ez dala egokierarik uste izan arren, arrantzua lortu daiteke.

Senideok: Jesusengan sinisteak begiak zabaltzen deuskuz, eta bihotza irekitzen, gure inguruko arazoak ikusiazoten eta lanean jarten gaitu; onurarik behinenekoa ez da izango etekina, edo arazoa konpontzea, alkartzea bera baino, alkarren ondoan egonez alkarregaz lan egitea baino; eta alkarregazko lan horretan —egon ziur!— Jesus agertuko da alkarregazko lan hori bedeinkatzen, eta uste dan baino etekin handiagoa sortuazoten.

Karitasek gogoratzen deusku gaur gure Gizarteak, ondo-izate gizarte honek, bakotxa berera eta besteen ardura barik diharduan gizarte honek zenbat zakar eta baztertu edo alboratu sortzen dauzan; horreen artean, bizimodu bila dabil Jainkoaren seme-alaba asko eta asko; eta, hainbat, aterpe barik.

Esan daigula geuk ere, ba, Pedroren antzera, banoa lanera, sufritzen dagozenekaz alkartasuna erakustera eta egitera, eta entzun daigula gure inguruan harek entzun eban lez: bagoaz geu ere zeugaz. Izan daigun uste on, Jesus bera ere gure lanera sartuko dala, lan hori bedeinkatuko dauala, eta guk uste dogun baino emonkorragoa bihurtuko dauala.

Urten daigun, senideok, bakotxaren ikuspegi, siniskera eta jokabideetatik. Jo daigun eliz-alkartasunera. Eta izan daitela gure alkar bizitza zeruetan Jainkoa goratzen diharduan kantuen artekoa.

 

2007/04/14

PAZKO II. DOMEKEA /C

 

ApEg 5, 12-16
Ag 1, 9-11a.12-13.17-19
Jn 20, 19-31

 

Senideok: Pazko pozean bizi da Eliza osoa, eta pazko-poz horretara egiten deusku dei bere seme-alaba guztioi. Bizi da Jauna. Hori baino gehiago oraindino: bizitzearen Jaun da eta aginte guztien giltza dauka.

Ozenki iragarri dau hori Agerpena liburuan Joan apostoluak, berak euki dauan ikuskizunaren barri emonez. Baina zer dinosku guri horrek? Hain gitxi!

Senideok: gutariko asko eta askori bost ardura deutso geroko bizitzak, berbizkundeak, Jainkoaren aintzak, eta Liturgian egunotan gauzarik zoragarrien lez aitatu eta ospatzen dan guztiak. Hori baino gehiago, senideok: ez dauke uste horretatik urteteko asmorik. Eta beste guztiok ere gaixo berberak kutsatuta egon geintekez, «bai, gero?» edo «bai, baina...» dinogula behin eta barriro geure ilunpean jarraituz, nork eroanik ez daukagula-ta, lehen danok batera ginoiazela-ta.

Hau etsipena, senideok! Horretan jarraituko ete dogu, Pazko jaiotan esaten eta ospatzen dogunaren kontra? Zer behar ete dogu, edo zer egin ete geike, pazko pozean sartzea gura izan ezkero?

Joanek turuta antzeko oihu ozena entzuten dau bere atzekaldetik jatorkola, eta itzuli, bueltatu, egin behar dau burua. Argi erakusten deusku honek, geure usteetan  jarraitzen badogu, Jainkoagana bueltatzen ez bagara, ezin izango dogula jainko pozetan sartu. Eta zenbatek egin dauan beste poz-iturrien aukerea! Jainkoagandik ez dabe besterik itxaroten, aukeratu dabezan poz-iturrien atseginean ezelango traba barik jarraitzen lagundu deiela baino. Eta sinistuntzat dauke euren burua, hori Jainkoari eskatzen deutsoela-ta.

Bai, ba! Sinismen bizitza ez da erreza, eta gatxago egiten jaku egunotan, bakotxa bere aldetik, besteen ardura barik bizi izateko besteen beharrik ez daukagun egunotan. Gu ebanjelioko Tomasen antzekoak gara: ez gagoz taldean; bakotxak bere kaxa bizi dogu jainko zaletasuna, eta «Jauna ikusi dogu!» dinoskuenei «bai zera!» erantzuten deutsegu, sinisteak bizitz-aldatzea, geure norkerietatik urtenaz talderatzea eta beste gauza asko eskatuko deuskuzelako.

Lehenengo irakurgaiak esan deusku horrek eskatzen deuskuna zer dan: «Fededunak, alkar hartuta, Salomonen aterpean batzen ziran... herriak goratu egiten zituan... Jaunagan sinisten eben lagun barriak gero eta gehiago ugaritzen joiazan...» Zelan salatzen gaituan, senideok, lehenengo sinistun hareen bizikereak. Hareen arteko alkartasunak gaisoak osatzeko indarra eukan, eta sinismenera jendea erakartekoa. Gureak?

Eta ez uste izan apostoluei eta Jesusen beste ikasleei gauzak errez egin jakezenik. Jesusen biztuerea sinistea gatx egin jaken, ez bakarrik Tomasi, beste guztiei ere bai baino: andren gauzak eta ameskeriak zirala uste eben, eta argi dinoskue hori ebanjelioek. Baina beste hauxe ere badinoskue: Jainkoagana bihurtzeak alkartera eta alkartzera garoazela: Jaunaren izenean alkartzeak bere indarra daukala eta bere frutua emoten dauala; frutu hori salbamenerako lagunak irabaztea dala; eta lagunok, Jainko pozean bizi izango dirala, Jainkoa egunero goresten.

Zein hasago gagozen gu gaurko Liturgiak iragarten deuskun egoera honetatik, ezta, senideok? «Jauna ikusi dogu!» bildur barik autortu daien sinitarte bat behar dogu, inguruan daukaguzan eta geure barruan ere badaroagun Tomas dalakoak irabazteko.

Ipini daigun, ba, bakotxak beretik eskatzen jakuna, alkartzeko, gure ahalmenak-eta alkarren zerbitzuan jarteko, eta akatsak eta txarto eginak-eta damutasunez autortzeko, Jainkoak Berbiztuaren Espiritu bizi-emoileaz gidatu gaizan.